Asier Herranz algortar internazionalista epaitu dute Bilbon, San Mamesen Donbasseko bandera bat erakusteagatik

Joan den ostegunean Asier Herranz algortarra epaitu zuten Bilbon (Bizkaia), San Mames futbol-zelaian Donetskeko Herri Errepublikaren bandera bat ateratzeagatik. 2022ko urrian izan ziren gertakariak, Athletic-Atletico Madril partidan: Donetskeko bandera erakutsi zuenean, kendu egin zioten polizia-indarrek, eta estadiotik kanporatu zuten aldarrikapena egin zuen pertsona. Berekin elkartasunez, zelaitik alde egin zuten Herri Norte taldeko eta Iñigo Cabacas Herri Harmaileko hainbat kidek.

“Ikur errusiazale bat” eraman izana leporatu diote bandera atera zuen gazteari, eta ostegunean epaitu zuten Bilboko Justizia Jauregian. Athletic klubak eta Ertzaintzak jo dute bere kontra. Epaiketa egin bitartean, elkarretaratze bat izan zen kanpoaldean, auzipetutako gazteari eta San Mamesetik alde egin behar izan zuten zale guztiei babesa emateko.

Bi urteko debekua, Pablo Gonzalezen askatasuna aldarrikatzeagatik

Hori ez da, gainera, Athleticek zale konprometituen kontra egindako eraso politiko bakarra: espedienteak ireki dizkie hainbat laguni, garaian, Pablo Gonzalez kazetari presoaren aldeko pankarta bat erakusteagatik. Horren ondorioz, jazarritako pertsonetako batzuek debekatuta daukate une honetan futbol-zelaietara sartzea. Otan Ez Plataformak jakinarazi duenez, bi urteko debeku bat dago indarrean euren kontra, eta isunak ere jarri dizkie klubak.