*Asier Blas Mendoza / ARGIA
Ia 27 urte itxaron behar izan dituzte AEBek Venezuelako presidentea kentzeko. Hasieratik deitoratu zuten Hugo Chávez presidenteak bultzaturiko agenda soberanista eta eraldatzailea. AEBetan min handia egiten zuen Venezuelako adibide subiranistak. Hori dela eta, hura eraisteko era guztietako saiakerak sustatu dituzte: santzio ekonomikoak, lapurretak, estatu kolpeak, sasi-iraultzak, patronalen itxierak, kale indarkeria, matxinadak, sabotajeak, presidentearen hilketa saiakerak, gobernu paraleloak eta, azkenik, funtzionatu diena: Venezuelaren bonbardaketa eta Nicolás Maduro presidentearen eta Cilia Flores diputatuaren bahiketa.
Venezuelak nazioarteko legedia hausten duen probokatu gabeko erasoa jaso du Washingtonen partetik. Europako Batasunak babestu du, bereziki pozik Emmanuel Macron agertu da. Baina oraindik entzun behar ditugu aitzakia eta baldintza guztiak, diotenak Venezuela ez dela demokrazia bat. Norbaitek pentsatzen du 27 urtez atzerritik eta barrutik etengabe erasopean egon den herrialde bat demokrazia arrunt bat izan daitekeenik?
Ez litzateke lehenengo aldia izango epe ertain eta luzean hasierako ustezko arrakasta porrot bilakatzen dena Washingtonentzat
Demokrazia liberalak amaitu egiten dira nazioarteko harremanetako ministerioetan, are gehiago kanpo mehatxuren bat dutela kontsideratzen badute. Arrisku horren izenean denetarik egin dezakete: besteak beste, adierazpen askatasuna murriztu, hedabideak itxi eta pertsonak iritziengatik jazarri. EB oso trebea da horretan, nahiz eta erasotzailea izatera ohituago dagoen, erasoa jasatera baino. Adibidez, oraingo sorgin-ehiza giroan ugaltzen hasi da EBko herritarrak edo egoiliarrak euren iritziengatik zigortzea. Besteak beste, berriki Jacques Baud Suitzako Armadako koronel ohiari eta NATOko inteligentzia analista ohiari zigorrak jarri dizkiote: bidaiatzea debekatu eta bere kontu eta aktibo finantzario guztiak izoztu dizkiote, bere iritziak ez direlako Europako Batzordearen gustukoak. Baudek ez du legerik urratu eta, beraz, ez dute epaitu eta ez du defentsarako eskubiderik izan. Gauetik goizera jakin du Europako Batzordeak epaiketarako eta defentsarako eskubiderik gabe zigortu egin duela, jakin gabe noiz arte egongo den baldintza horretan, besterik gabe bere iritziak “errusiar zale” bezala identifikatu dituelako. Horrela EBri gustatzen ez zaizkion kontakizunak zabaltzen dituzten beste pertsona batzuk isilarazi eta beldurrarazi nahi dituzte.
Imajinatu Venezuelari egindakoaren %5a bakarrik egin izan balitzaio EBri zein motatako erregimenean biziko ginatekeen. Tira, ez da gehiegi imajinatu behar, EBko herrialde batzuetan estatu liberal eta demokratikoa existitzen dela esatea zientzia fikzio ariketa bat da aspalditik, baina geopolitikaren izenean ez da ezer esaten. Baina Venezuelaren diferentzia da Caracasen “paranoia” eta beldurrak oso justifikatuak daudela, nahiz eta hedabide hegemonikoak errealitatea ezkutatzen saiatu. Baina zaila dute Trumpekin, gose inperialista argi adierazten baitu, lotsagabe. Baita ere, argi esan du gobernu venezuelarrak duela babes nahikoa herrialdea gobernatzeko, ez, ordea, María Corina Machado eskuin muturreko oposizio buruak –Trumpen hitzetan, ez du herritarren babes nahikorik–.
Aspalditik Bakearen Nobel saria desprestigiatua zegoen, baina orain gerrarako eta esku-hartzeko tresna bilakatu da. Bakearen Nobela eman eta gutxira Machadoren borondatea Trumpek burutu du: AEBek Hollywood moduko bonbardaketa eta bahiketa gauzatu dute. Ikusteko dagoena da ikuskizun eta komunikazio operazio horren atzetik zein izango diren emaitzak. Izan ere, ez litzateke lehenengo aldia izango epe ertain eta luzean hasierako ustezko arrakasta porrot bilakatzen dena Washingtonentzat.
