*Isidro Esnaola / NAIZ
Duela egun batzuk amak galdetu zidan ea aurreko gauean droneak jaurti zituzten Kieven kontra. Deigarria iruditu zitzaidan droneak esatea, eta ez misilak, edo bonbak. Ukrainako gerran droneak arriskuaren eta suntsipenaren sinonimo bilakatu dira. Eta are gehiago azken asteetan, nonahi agertzen hasi baitira. Lehenik, Poloniara iritsi ziren batzuk, gero Europako aireportu batzuen inguruan agertu dira, Norvegian, Danimarkan eta Alemanian, eta aire-espazioa ixtea eta hegaldiak bertan behera uztea eragin dute. Droneen mehatxua Europa osora zabaldu da jada. Ez dago argi nondik datozen, baina aditzera ematen dute errusiarren esku luzea dagoela atzean. Frantziak komenentziazko bandera zuen petrolio-ontzi bat geldiarazi zuen. Txinara zihoan zama, Poliziak ez zuen dronea aurkitu, eta joaten utzi behar izan zion. Nonbait, Norvegian hiru alemaniar eta txinatar bat atxilotu zituzten. Antza denez, aireportuetako inguruak jostailu horiek hegan egiteko erabiltzen zituzten. Txinatarra bota egin zuten; gainerakoei buruz ez dago berririk. Alemanian kroaziar bat atxilotu zuen Poliziak, hau ere Errusiarekin zerikusirik ez zuena. Baina ez dio axola, garrantzitsuena psikosia haztea da, shockaren doktrina deitu zion Naomi Kleinek.
Harrigarriena da Polonian gertatu baino egun batzuk lehenago Estonian Ukrainako drone bat erori zela, Errusiako mugatik 80 kilometrora, baina inork ez zion garrantzirik eman. Harrigarria benetan, batez ere, kontuan hartzen badugu hara iristeko Polonia eta Baltikoko herrialdeak zeharkatu behar zituela, edo iparraldetik hegoaldera Bielorrusia gurutzatu behar zuela, edo are zailago, Errusiaren gainetik hegan egin behar zuela, Bielorrusia inguratuz. Azken kasu horretan, zailena egin eta gero, desbideratu eta Estonian eroriko zatekeen. Baliteke, halaber, ukrainarrek, baimenarekin edo baimenik gabe, Baltikoko herrialderen batetik jaurtitzea, eta San Petersburgora hegan egin beharrean Estonian erori izana. Hori bai zorte txarra. Azken aukera hori, nolanahi ere, ez da aireztatzea komeni den hipotesia, Errusiaren aurkako erasoetan NATOren parte hartzea agerian geratuko litzatekeelako.
Polonian erori ziren droneek ez zuten karga leherkorrik ere, baina horietako askok karga informatibo handia daramate; gutxi batzuek, ordea, bat ere ez. Zerbitzatzen duten helburuaren araberakoa da. Eta helburua argia da: droneen konturako histeria horrek guztiak asko balio dio berrarmatzearen Europako estrategiari. Mugetako gotorleku europarra jada ez da nahikoa, eta orain «droneen aurkako horma» bat ere eraiki behar dela planteatzen dute. Kasualitatez, Ukrainak esperientzia handia du droneen arloan, eta hura partekatzeko eskaintza egin du. Arrazoi bat gehiago, zenbat eta lehenago EBko kide izan daitezen.
EB prest dago duen dirua eta ez duena inbertitzeko arma gehiago ekoizteko, direla bonbak, kanoiak edo droneak. Baina produkzioak badu bere ifrentzua: kontsumoa. Hasieran armadak erosiko dituzte beren armategiak osatzeko, baina behin horiek beteta iristen dira arazoak: kontsumitzen ez badira, ezin da negoziorik egin, eta, beraz, gerra saihetsezina bihurtzen da kontsumo-ekoizpen espirala elikatzen jarraitzeko.
Orain droneak dira, baina etorkizunean zubi bat eror daiteke, itsasontzi bat hondoratu edo enbaxada bat leher daiteke, bandera faltsuen edozein erasok balioko du, eta konturatu gabe gerra batean sartuta egongo gara. Izan ere, Wolfgang Streeck-ek GARAn esan zuen bezala: kapitalismoa gerraren bidez berrantolatzen da behin eta berriz.•