Pablo Gonzalez kazetariari elkarrizketa

2022an atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetaria, Polonian, eta Errusiaren aldeko espioi lanetan aritzea leporatu. 2024an, aske utzi zuten truke batean, eta gaur egun Errusian dago. Askatasunik gabeko urte gogor haiek nolakoak izan ziren kontatu du.

Urtebete darama libre Pablo Gonzalez euskal kazetariak (Mosku, 1992). 2022ko otsailean atxilotu zuten Polonian, Ukrainako gerraz berri ematen ari zela. Iazko abuztuaren 1ean, preso truke batean utzi zuten aske. Poloniak behin-behineko espetxealdian eduki zuen bi urte eta erdiz, eta orain haren kontrako auzibidea berrabiarazi dute. / Ander Fadda / BERRIA egunkaria

2022an atxilo hartu, Polonian, eta Errusiaren zerbitzuan espioi aritzea egotzi zizuten. Nola bizi izan zenuen hura, eta nola erantzuten diezu zure kontra egindako akusazio guztiei?

Latza izan zen, traumatikoa; kaka zaharra, argi esanda. Badirudi errugabetasun presuntziorik ez dagoela, niretzat ez behintzat. Norbaitek delituren bat egin badu, gero pauso jakin batzuk eman beharra dago. Delitu jakin bat leporatzeko, frogak aurkeztu behar dira. Espioitza kasu honetan ere bai. Batere frogarik gabe, ezin da esan halako espioia dela. Froga dezatela zerbait: informazio sekreturen bat jaso izana, eroskeria edo lapurreta egin izana, nonbait infiltratu izana. Eta delitu jakin bat badago, ez delitu orokor bat, ba, epaitu eta aurkeztu frogak. Eta defendatuko dut neure burua, ea zer pasatzen den. Halakorik ez da izan, ordea. Bi urte eta erdi eduki naute preso behin-behinean, batere akusaziorik aurkeztu gabe. Akusazioa gero aurkeztu zuten, nahiko modu irregularrean, guztiz legez kanpo ez esateagatik, ni Errusiara iritsi eta bi astera.

Poloniaren kontua izan zen? Beste inorena ez?

Polonia banana errepublika bat da, ez da independentea. AEBek zer esan, huraxe egin du. The Wall Street Journal-ek argitaratu zuen bezala, AEBek proposatu zioten Errusiari ni aske uztea, eta, ni Errusiako herritarra naizenez eta nirea kasua mediatikoa denez, Errusiak onartu egin zuen. Gainerakoak koplak dira, txorakeriak. Ez dakit Poloniak epaituko nauen ala ez, baina bi urte eta erdian ez du akusaziorik aurkeztu. Iritzi publikoa kontra hasita ere, hango eta hemengo parlamentuetako diputatuak eskaka arituta ere, ez dute batere frogarik aurkeztu, eta zerbaitengatik izango da.

Nolakoa izan zen Poloniako presoaldia?

Ni preso politiko peto-petoa izanik, are gogorrago tratatu naute, are krudelago, are zinikoago. Poloniako espetxe erregimenetatik okerrena ezarri didate: kartzelaren barneko kartzelan eduki naute, N sektorean; Niebezpieczne hitzetik dator, eta arriskutsua esan nahi du polonieraz. Egia da, eta askotan esan dut, komunikabideen babesa izan dudala, eta jendearena: familiarena eta lagunena ez ezik, ezezagunena ere bai, batez ere politikariena. Eskerrak eman nahi dizkiet Bilduko politikariei, eta izan da sostengua eman didan ezkerreko beste politikaririk ere. Eskerrak eman nahi dizkiet kasua interesatu eta babesa erakutsi didaten komunikabideei, hala nola BERRIAri. Seguru asko, guztien babesari esker ez didate tortura fisikorik egin.

Tortura psikologikoa egin didate, eta zeharkako tortura fisikoa: bizi baldintza txarrek kalte egin zidaten biriketan, eta hori ere har daiteke tortura fisikotzat. Jo gabe ere osasun fisikoari kalte egiten badiote, hori tortura fisikoa da. Tortura, berez, aktiboa eta pasiboa izan daiteke. Niri tortura pasiboa egin didate. N erregimenean, 23 ordu egoten zara ziegan, eta gehienez ordubete ematen duzu patioan, 3,5 bider 6,5eko patio txiki batean, burdin hesia aurrean. Gainerakoa, ziegan, leihorik zabaldu gabe: udan, bero sapa; neguan, hotza. Arropa termikoa eskatu eta eskatu ibili nintzen, alferrik. Guantanamokoen antzeko buzo gorri bat ematen dizute, eta zerorrek garbitu behar duzu, eskuz, eta lehortu, dena ziegan. Ziegan kamerak zelatan dauzkazu beti, komunean ere bai, intimitaterik gabe. Urtebete pasa, biluztu beharra izan nuen ziegatik ateratzen nintzen bakoitzean. Gero, nola erakutsi bainuen ez nintzela arriskutsua, ba, galdeketa batera edo abokatuengana eramaten nindutenean baizik ez nuen biluztu behar. Umiliagarria da guztiz, eta Europako itun guztiek debekatuta daukate. Baina poloniarrek aplikatuta ere, ez da ezer gertatzen, normala balitz bezala. Egunero miatzen dizute ziega, eta hori ere galarazita dago.

Egoten al zinen beste presoekin?

Ez zegoen inolako sozializaziorik. Luzaro, ziegakideekin baizik ez naiz egon. Europako arauek diote tarteka modua izan behar duzula ziegatik kanpoko norbaitekin egoteko, baina ez dute betetzen.

Gutun bidez. Baina gutuna bidali eta erantzuna jasotzerako, lau hilabete pasatzen ziren, onenean. Normalena bospasei hilabete pasatzea izaten zen; hori, jakina, erantzunik iristen bazen, gutun gehienak ez baitzitzaizkidan iritsi. Ez zidaten uzten gaztelaniazko libururik edukitzen. Jendeak bidalitako liburuen laurdenak eman zizkidaten.

Janaria zer moduzkoa zen?

Arrunt txarra. Goseak geratzeko modukoa ere izan liteke: teorian, kaloria aldetik Polonian nahikoa ematen dute, baina kalitate kaskarreko kaloriak dira. Ogi pusketa bat marmeladarekin, hori ematen dizute. Horrek ez dizu onik egiten. Fruta eta barazkiak, berriz, gutxi, eta txarrak. Nolabait konpentsatu beharra daukazu, zerorrek erosita ekonomatuan edo zerrenda batzuen bidez.

Eta garbitzeko?

Astean bitan joan zaitezke dutxara, baina ez astero. Ziegan bertan garbitu zaitezke nola edo hala, ura gainetik botata, ahal bezala, turkiarren estiloko komunean: metalezko xafla bat da erdian zuloa daukana. Ispilurik ez dago. Nor bere aurpegia ezin ikusirik egonez gero, ezin da gorputza kontrolatu, ezin da ikusi zauriren bat dagoen, ezin da bizarra moztu… Halako gauza pila bat, eta zera dakar…

Deshumanizazioa?

Bai, horixe lortu nahi dute. Polonian ez dago birgizarteratzerik, erabateko deshumanizazioa da. Zigorra jarri nahi dizute: askatasuna kentzeaz gainera, zu txikitu, gutxienez psikologikoki.

1000065611
Errusiaren eta AEBen arteko preso truke batean askatu zintuzten. Nolakoa izan zen prozesua? Bat-batean esan zizuten aske geratuko zinela, edo sumatu zenuen lehendik?

Egun gutxi batzuk lehenago jakin nuen. Lehenago inork ez zidan ezer esan, inork ez zidan iritzia galdetu, nik ez baitut ezertxo ere sinatu. Behin-behineko atxiloaldia kendu zidaten, eta, kartzelatik atera bezain laster, Poloniako zerbitzu sekretuek hartu eta hegazkinera eraman ninduten.

Ez zenekien nora eramango zintuzten?

Banekien truke bat zela, baina ez nekien non izango zen, nora eramango ninduten. Eta, berez, behin-behineko atxiloaldirik gabe, ni libre nengoen, aurrerago zer auzi etorriko zain. Horra hor nire eskubideen beste urraketa bat. Europako Batasunetik atera ninduten niri galdetu gabe eta nik ezer sinatu gabe. Ni askatu baino lehen, Poloniako Estatua saiatu zen niri epaiketa lasterra egiten, baina ezin izan zuen, nik erruduna nintzela aitortu behar bainuen horretarako. Ezetz esan nuen. Eta txorimalo hutsak direnez, ezin dute erabaki. AEBek esan zieten ni entregatu beharra zeukatela, eta entregatu ninduten. Poloniak egiten duen guztian ikusten da independentziatik gutxi duela. Gainera, Europako Batasunak berak isuna jarri dio sistema judiziala ez delako independentea. Han botere banaketarik ez dago. Poloniak Europako estatu moderno eta demokratikoa izateko itxurak egiten ditu, baina oinarriak ez dira askorik aldatu historiako azken ehun urte eta pikoan. Pilsudski-ren Polonia, bi mundu gerren arteko Polonia hura estatu autoritarioa zen neurri handi batean, eta orain ere halaxe. Askatasun ilusioa baizik ez dute.

Poloniak zure kontrako auzibide bat ireki berri du, zu libre zaudela. Zer nahi dute?

Barne borroken ondorio da gehienbat. Eskuin erradikalak liskarrak ditu eskuinarekin eta zentro-eskuinarekin, eta nire kasuaz baliatu dira elkarri gauzak leporatzeko. Guztiek dute zerikusirik nire kasuarekin: atxilotu nindutenean, Legea eta Justizia alderdia zegoen gobernuan, baina trukean askatu nindutenerako, berriz, Plataforma Zibikoak gidatutako koalizioa zegoen boterean. Denek parte hartu dute nolabait, eta orain elkarri leporatzen diote gaizki kudeatu dutela nire kasua.

Nik, gaur egun, ezin dut libre defendatu neure burua. Kasuaz hitz egiten badut, sumarioaren sekretua haustea egotziko didate, eta errazagoa izango zaie ni bilatzeko nazioarteko agindua ematea. Niri nahi dutena leporatzeko modua badute, nik ez daukat neure burua libreki defendatzeko aukerarik. Nola bukatuko den hau? Poloniak in absentia epaitzen banau, gauza bat izango da; in absentia epaitzerik ez badauka, beste bat. Ni epaitu eta kondenatuz gero, alde handia legoke komunikabideetan Polonian banengo, mundu guztiak erne erreparatuko bailioke kontuari. Auziko agiriak ikusi dituzten kazetari gutxi horiek ez dute ezertxo ere aurkitu, ezta delitu zantzutzat jotzeko moduko ezertxo ere.

Denbora guztian, zure sendotasuna ahuldu nahi zuten, eta zure kazetari lanari kalte egin. Zer egitekoa zara etorkizunean? Lanbide honetan segituko duzu, jazarpena gorabehera?

Haientzat funtsezkoa zen ni jokoz kanpo uztea Errusiak operazio militar berezia egin bitartean, nik modua baneukan-eta Euskal Herrian eta oro har gaztelaniaz informatu den baino modu fidagarriagoan informatzeko —nik gaztelaniaz lan egiten dut nagusiki–. Lanean segituko dut, bai. Denbora behar izan dut indarberritzeko eta zerbaitetan hasteko, baina ekin diot, bai. Kazetaritza engaiatuagoa izango da, jakina. Ikusita dago haien arauak beteta ere gerta daitekeela haiek jazarka hastea. Ba, jokoa hori bada, joka dezagun. Gustatzen ez zaizkien beste gai batzuk argitaratuko dira, eta irentsi beharko dute: orain ezin naute giltzapetu, orain nagoen tokian badut askatasuna.

Elkartasuna adierazi dizu lanbideko jendeak?

Bai. Badira lehendik ezagutzen ez nituen kazetariak, lagunak, kideak eta abar elkartasuna adierazi eta nire kasua salatu dutenak, eta eman zaidan tratua ere salatu dute.

Zer esan nahi diezu BERRIAren irakurleei, euskal iritzi publikoari, zure errugabetasunaz dudak dituztenei batez ere, Europa ekialdean halako egoera bihurria dagoen honetan?

Eskerrak eman beharrean nago, eman didaten babes guztiagatik: bai euskal gizarteari eta bai BERRIAri, beste komunikabide batzuei bezala.

Berriz azpimarratu nahi dut errugabetasun presuntzioa. Bakoitza libre da Jainkoarengan edo Olentzerorengan sinesteko edo ez. Sinesmen horiek errespetatzen ditut, baina ez dut zergatik bat etorri. Errugabetasun presuntzioa, berriz, hor dago. Etengabe urratzen dela salatzen dute organizazio askok: salaketak daude Espainiako Estatuaren kontra, Poloniakoaren kontra eta Europako Batasuneko estatu askoren kontra, eta teorian horiek aitzindariak dira giza eskubideen errespetuan. Horra hor moral bikoitza. Jendeak logika ulertu behar du, kontua ez baita niri sinestea. Bi urte kartzelan pasatu, eta kargurik aurkeztu ez? Hori zer da? Kasua hain argi bazegoen, Poloniak zuen interesik handiena ni ikertu eta urte erdi baino lehen epaitzeko. Zertarako itxurakeria hori guztia? Hori da jendeak ulertu behar duen logika.