Putin, Trump eta Alaskako topaketa: Ukrainako gatazka konpontzeko (beste) saiakera bat

AEBetako eta Errusiako presidenteak gaur biltzekoak dira, Alaskan; urteak dira aurrez aurre elkar ikusi ez dutela. Etxe Zurikoak tankera hartu nahi die Kremlinekoaren asmoei.

*Julen Otaegi Leonet / BERRIA egunkaria

Hitzeman egin zuen: Etxe Zurira heldu bezain pronto, Ukrainako gatazkari irtenbidea topatuko ziola egun bakarrean. Hilabeteak eta hilabeteak igaro dira urtarrilaren 20an Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidente karguaren zina egin zuenetik, eta, behin baino gehiagotan Kiev eta Mosku mahai beraren bueltan eserarazi dituen arren, zereginen zerrendan dauka Errusiak 2022an ekindako inbasioari amaiera ematea. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako presidentea elkartzea ezin lortu, eta azken horrekin juntatuko da gaur goizean, Alaskako Anchorage hiriko base militarrean —gaua Euskal Herrian—. Adi egon beharko da, hortaz, bilerak eman zer ematen duen.

Gatazkaren alde batak zein besteak ez du kontzesiorik egin nahi, inondik inora. Ukraina eta Errusia, saiatu, saiatu dira beren arteko desadostasunak albo batera uzten, eta preso trukea egitea eta gerra frontean hildako soldaduen gorpuak entregatzea adostu dute maiatzetik aurrera egindako elkarrizketa saioetan; orduz geroztik hirutan bildu dira, Istanbulen (Turkia), baina, agerikoa denez, ez dute lortu negoziazioek aurrerago egitea.

Promestutakoa gogoan zuela edo, Trump mehatxuka saiatu zen bere hitza betetzen: joan zen hilabetean, Putini su etena ados zezala exijitu zion, eta hala egin ezean zigor ekonomiko are latzagoak ezarriko zizkiola ohartarazi. Bai hark eta bai petrolioa erosten diotenek iragan asteko ostiralera arteko epea zuten. Esan, eta erdi egin, gaur-gaurkoz Indiari baino ez baitizkio areagotuko lehendik ezarri dizkion muga zergak. Errusia zigortzeko intentzio handirik ere ez zuen erakutsi Etxe Zurikoak: «Antza denez, [Mosku] nahiko ona da zehapenak saihesten; azkarrak bezain trebeak dira». Eta hori argi geratu zen joan zen astean, Steve Witkoff Washingtonen ordezkaria Errusiako presidentearekin bildu zenean, Moskun; badirudi Trumpek behin-behinean indultua eman diola Putini, eta zigor ekonomikoen afera Alaskako bileraren ondorenerako utzi duela.

Zer espero daiteke?

Ezer gutxi, Trumpek berak aste honetan aitortu duenez. AEBetako presidenteak tankera besterik ez die hartu nahi negoziazioei, eta dagoeneko Ukrainako gerra konpontzeko hurrengo bilera posible bat du ituan: Putin mahaiaren alde batean, eta Zelenski beste aldean. Eta, bien artean, agian, Trump bera.

Bilera iragarri orduko, Trumpek esan zuen «lurralde trukaketaren bat» izango dutela eztabaidagai, «bi aldeentzako onuragarria», gainera: Errusiaren kontrolpeko lurralde batzuk Ukrainari bueltatzen «saiatuko» da.

Lurrak bereganatzea da, hain zuzen, Errusiaren eskaeretako bat erasoaldia hasi zuenetik: 2022ko inbasioan okupatutako Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak nahi ditu, baita 2014an anexionatu zuen Krimea ere.