Poloniak berriz ireki du Pablo Gonzalez kazetariaren kontrako prozesu judiziala

Pablo Gonzalez Polonian atxilotu zuten 2022an espioitza leporatuta. 2024ko abuztuan aske utzi zuten baina ez zuten bere prozesua itxi. Orain, prozesua berriz ireki eta epaileek 2025eko udazkenean epaitu nahi dute Gonzalez.  

*Jon Fernandez Gonzalez / ARGIA aldizkaria

Pablo Gonzalez 2022ko otsailean atxilotu zuen Poloniako zerbitzu sekretuak, espioitza leporatuta. 2024an aske utzi zuten preso trukaketa batean. Aurtengo udazkenean epaitu asmoa dute, ordea, Varsoviako auzitegiak bere kasua berriz ireki baitu. Bere kasua berriz irekitzeko arrazoia ez dute publikoki azaldu, Anna Ptsazek epaileak adierazi baitu «informazio sailkatua» dela. Askatu zutenetik Errusian bizi da Gonzalez; zitazioa jaso eta agertzen ez bada ere aurrera egin dezake prozesuak, baina nazioarteko atxiloketa agindua egoteko arriskua izan dezake. Ebidentziarik gabe Errusiako inteligentzia militarraren alde jardutea leporatzen diote Gonzalezi NAIZen arabera, horrek hiru eta hamabost urte arteko espetxe zigorra suposatuko luke.

Espetxeko baldintza txarrak, eta preso trukaketa

Segurtasun handiko Radomgo espetxean egon zen bi urte pasa epaitua izan gabe. Kazetariak berak espetxeko baldintza gogorrak salatu zituen: lehenengo hilabetetan 20 kilo inguru galdu zituen, espetxeko menua ez zen nahikoa bizirauteko eta kanpoko senide edo lagunen laguntza ezinbestekoa zen bestelako elikagaiak erosteko. Arreta psikologikoaren egoera ere salatu zuen Gonzalezek: «Nire buruaz beste egitera animatu ninduen psikologoak, bere hitzetan ez baita dirudien besteko erraza». Horri gehitu behar zaio eskuineko birikaren edukiera %40 murriztu zaiola espetxea dela eta, besteren artean, NAIZi martxoan kontatu zion moduan.

2024ko abuztuan, preso trukaketa batean, aske utzi zuten, baina beste presoen prozesuak itxi zituztela, eta berea irekia geratu zen bakarra dela salatu zuen. AEBetako presidente ohiak, Joe Bidenek amnistiak sinatu zituen, eta Europako hainbat herrialdek antzeko mekanismoak erabili zituzten, Gonzalezekin izan ezik. Ptaszek adierazi du uztailaren 11an auzitegiak prozesua berrabiarazteko erabakia igorri zuela, Rzeczpospolita egunkari poloniarrak kontatu duen moduan.