«Europar Batasuneko gutxienez hogei herrialde 45 urterako zorpetuko dira, armak erosteko eta armategiak indartzeko.»
*GEDAR Langile kazeta
Europako hainbat gobernu dozenaka mila milioi euroko zorra euren gain hartzear daude, Europar Batasuneko segurtasun-laguntzarako funts berriaren (SAFE) maileguetan (150.000 bat milioirekin hornitu dute funts hori orain arte). Europako Batzordeak bultzatutako ReArm Europe planaren barruan sartu dute tresna hori, eta «Europako defentsa-industria indartzea eta blokeak Estatu Batuekiko duen mendekotasun militar historikoa murriztea» du helburu, Ukrainarako armamentua elkarrekin erostea erraztuz besteak beste.
Hala ere, iragarpen hori Bruselak Washingtonekin egindako azken akordio komertzialarekin batera iritsi da, zeinak AEBetako material militarra erostea barne hartzen duen, eta horrek zalantzan jartzen du Estatu Batuekiko «mendekotasun militarraren murrizketa».
Poloniak, Txekiar Errepublikak, Letoniak, Bulgariak eta Greziak 1.200 milioi euroko eskaera egin zuten jada aurrez. Bestalde, Finlandiak, Danimarkak, Estoniak, Lituaniak eta Eslovakiak ere egin dute bat planarekin, esate baterako. Aldiz, Alemaniak, Suediak eta Herbehereek, kreditu-puntuazio altuak izanik eta EBren zorpetzearen aurrean ia beti jarrera iheskorra harturik, ziurrenik ez dituzte maileguak eskatuko. Dena den, elkarrekin egindako erosketetan parte har dezakete, kostuak murrizteko asmoz.
Europako Batzordeak berretsi du garrantzitsua dela Ukraina erosketa horietan sartzea, armamentua Ukrainako enpresei zuzenean erosteko aukerari eta «EBrekiko integrazio teknologikoari» erreferentzia eginez.
Aipatutako funtsak epe luzerako maileguak eskaintzen ditu (45 urterainoko epea aurreikusten du dirua itzultzeko), interes-tasa oso baxuetan, baita %15erainoko aurrerapenak ere. Hala ere, zor publiko handia duten herrialde batzuek, hala nola Italiak eta Austriak, errezeloak agertu dituzte betebehar berriak onartzeko, eta horrek EBko gehiegizko defizitaren prozeduretatik irtetea atzeratu dezake.
Espainiako Estatuak eta Maltak, gerra-frontetik urrunago daudenez, ez dirudi mailegu horiek eskatzeko interesik dutenik, baina aurreikusitako partaidetza zabalak agerian uzten du Europako estatuen gainean gero eta presio handiagoa dagoela armategiak handitzeko eta Ukrainari laguntza militarra ematen jarraitzeko, AEBek euren babesa murriztu dezaketelako bestela, baita zorpetzearen kontura ere.