«Orain dela zenbait urte, langileon eta kapitalaren arteko elkarren beharrak boterearen banaketa zekarren, tirabira horretan eragiteko langileon ahotsa entzuten zen. Oraindik zenbait esparrutan, hala nola hezkuntza publikoan, entzuten jarraitzen dela ikusten dugu. Baina orokorrean, langile klasearen boterea ahultzen joan da. Eta horrekin aberastasuna banatzeko bideetariko bat.»
*Diana Franco Eguren / ARGIA aldizkaria
Bestea”-k gogaituta du gizateria, duena kenduko dio, duena eraldatuko du, kutsatuko du… “Bestea”-k definitzen gaitu… baina “bestea” denok izan gaitezke.
Egun, nor da “bestea”? Nork seinalatzen du izan behar ez dena?
Zapalduen seme-alabek ongizatea zer den dastatu dute. Baina bizimodu horren eraikuntzan zelan parte hartu ez diete erakutsi nahi izan. Askok baliabide izan dira soilik, eragileen arauak jarraitzeko heziak. Eta euren bizitzetara ongizatea etorri den bezala, joan daitekeen beldurrez bizi dira.
Orain dela zenbait urte, langileon eta kapitalaren arteko elkarren beharrak boterearen banaketa zekarren, tirabira horretan eragiteko langileon ahotsa entzuten zen. Oraindik zenbait esparrutan, hala nola hezkuntza publikoan, entzuten jarraitzen dela ikusten dugu. Baina orokorrean, langile klasearen boterea ahultzen joan da. Eta horrekin aberastasuna banatzeko bideetariko bat.
Aberastasuna gero eta esku gutxiagotan dagoen munduan, “besteak” gehiengoa izatera helduko gara. Zer erreakzio eragingo du gutxiengo boteretsuan gehiengo behartsuaren mehatxuak? Berrantolatzeko astirik izango ote dugu? Zenbait pentsalarik modu espekulatiboan horren inguruan idatzi du (adibidez, irakurri berri dudan Lau etorkizun liburuko Peter Fraser-ek), eta gizartea antolatzeko gerta daitezkeen modu ezberdinen artean, “bestearen” sarraskitzailea izango den etorkizuna ere sortu daitekeela irudikatu du. Gaur egun, munduko gatazketan ikusten gabiltzana ikusita, Israel Palestinako herriarekin egiten ari dena, edota Amerikako Estatu Batuak klase migratzaileekin egiten ari dena, etorkizun espekulatibo hori gauzatzen ari dela dirudi.