MAIATZAK 9 – GARAIPEN EGUNA, GOGORA EKARTZEKO DATA

 

Maiatzak 9a Garaipen Eguna ospatzeko eguna da, eta izan beharko leike
mundu osoan. Data horretan sobietar armadaren garaipena ospatzen da izan
ere 1945ko egun horretan sobietarrak Berlinen III Reich-aren proiektu
nazi kriminala garaitu zuten. Euskaldunok ere badaukagu zer ospatu egun
horretan dozenaka euskaldun borroka horretan parte hartu bait zuten,
nahiz eta historio hori ez den oso ezaguna gure herrian, ez behintzat
politikoki eman izan beharko zitzaion garrantziarekin.

EH-Donbass Elkartasun Komitetik saiatu giñen egun hori gogora ekartzen
Euskal Herrian, bi urtez bertako errusiar diasporarekin manifestazioak
ospatu genituen Donostiako kaleetan, 2016 eta 2017an. Jarduera hori
arazoak zirela medio bertan behera geratu ziren baina aldarri hori
zutunik saiatu gara mantentzen. Gerora ere izan dira zenbait ekimen
Garaipen Eguna gogora ekartzeko, Donostian, Bilbon edo Iruñean kasu,
batzutan era anonimoan, besteetan PCE-EPKren eskutik edo Indarren
bitartez, gehienetan errusiar eta eslabiar herrialdeetako etorkiñen
parte hartze zuzenarekin. Aurten ere zenbait ekimen daude ospatzeko
Iruñean edo Bilbon adibidez.

Bai, euskaldunak aritu ziren borrokan Sobietar Armadarekin eta
partisanoekin. Haien historia baliteke 34ko Iraultzarekin hasi zela,
izan ere badirudi (ez ditugu aurkitu datu zuzenik) langile altxamendu
horren ondorioz hainbat iraultzaile errepresaliatu Sobietar Batasunean
errefuxiatu zirela. Gerora etorriko zen sobietar agintariek bultzatu
zuten SESBeko errolda bat non bertan bizi ziren euskaldunak
nazionalitate gisa aitortuak izan ziren.

1937an, Gerra Zibila delakoa Euskal Herrian bukatzear zela, Santurtzitik
gutxi gora behera 1765 ume euskaldun irten ziren Europako zenbait
herrialdetara errefuxiatu gisa, tartean Sobietar Batasunera. Han,
EH-Donbass Komitearen 0 aldizkarian artikulu baten bitartez azaldu
genuen bezelaxe osasuntsu egoteko aukera eman zitzaien, hezkuntza,
bizitokia…bizitza duina. Haiekin batera euskal ezker indarretako
(batez ere EPKko kideak) zenbait militante eta kargu politiko heldu
ziren, baita hezitzaileak, maisuak, edo mediku-erizainak. Ezin ditugu
ahaztu Estatu espainoleko milaka ume (batez ere asturiarrak) ere heldu
zirela SESBera eta noski baita arduradun politikoak, maisuak,
hezitzaileak…

1941an, Alemania naziaren indar militarrek Sobietar Batasunaren inbasioa
abiatu zutenean 1937 oraindik adingabeak ziren hainbat euskaldun adin
nagusira helduak ziren. Haietako dozenaka hirietako milizietan
(Leningradon kasu) eta Sobietar Armadan alistatu ziren. Baina adingabeak
izateari uzteko gutxi faltatzen zitzaienetako hainbat ere lortu zuten
sobietar indar militarretan integratzea. Ez ziren gutxi izango erizain
moduan frontean eta setioetan arituko ziren gazte emakume euskaldunak.
Beste batzu, gerra-umeak ez zirenak, partisanoekin borrokatzera helduko
ziren ala nola Castejon-go Benito Ustarroz Calonge nafarra zeinek bizia
galduko zuena borrokan.

Euskaldunak (ehundik gora) Leningradon eta Karelian aritu ziren batik
bat borrokan inbaditzaile nazien eta haien beste herrialdeetako aliatu
faxisten aurka, baina baita Stalingradon, Ukrainiako frontean edo
Baltikoan.

Haien historioa ez da oso ezaguna, bada garaia merezi duten
errekonozimendu zabala onartzea. Honen inguruan aipatzekoa Luis Lavin
Lavin bilbotar pilotoaren kasua zeinek Sobietar Batasuna erortzean bere
jaioterrira bueltatu nahi izan zuen eta Levanten bukatu zuen baina
pentsiorik jaso gabe ez espainiar Estatuaren partez ezta Errusiar
Federakundeko estatuaren partez eta pobretasunean amaitu zituen bere
azken egunean bere emaztearekin batera.

Gure esku dago haiek ahanzturatik ateratzea.