Pablo Gonzalez aske geratu da Errusia eta Mendebaldearen arteko preso truke handi batean

*EITB (Euskal Irrati Telebista)

Gerra Hotzetik egin den preso trukerik handiena da. Errusiak eta Bielorrusiak, alde batetik, eta AEBk, Poloniak, Alemaniak, Esloveniak eta Erresuma Batuak, bestetik, dozenaka preso aldatzea adostu dute. Pablo Gonzalezek ia bi urte eta erdi eman ditu kartzelan Polonian.

Pablo Gonzalez jatorri errusiarreko euskal kazetaria aske geratu da, EITBk baieztatu ahal izan duenez, Gerra Hotzaz geroztik preso trukerik handienean parte hartu ostean. Bi urte eta erdi inguru zituen preso, eta ez zuten haren aurkako kargurik aurkeztu.

Errusiak eta Bielorrusiak, alde batetik, eta AEBk, Alemaniak, Esloveniak eta Erresuma Batuak, bestetik, dozenaka preso trukatzea adostu dute, besteak beste, kazetariak, Vladimir Putinen erregimenaren aurkariak, hacker errusiarrak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Pablo Gonzalez Errusiara eramango dute, errusiar herritar gisa, Kremlinek negoziazioaren mahai gainean jarri dituen gainerako presoekin batera.

Azken orduetan, zenbait hedabideren arabera, zenbait kartzeletako presoen lekualdatzeak antzeman dituzte, batez ere Estatu Batuetan eta Errusian.