Inperialismo lotsagabea

Amagoia Mujika Tolaretxipi / BERRIA

«Begira, hor muino horretan bizi ziren, baina Chavezekin hemen dauzkagu denak». Emakume heldu itxuraz dotore batek horrela erantzun zuen Maduro edo Capriles nor nahiago zuen galdera egitean. Nicolas Maduro eta Henrique Capriles Venezuelako presidentetzarako bozetan lehiatu bezperan Caracasen entzundakoa da hori, 2013an. «Arriskutsuak dira». Hugo Chavez hil berria zen. Chavez iritsi aurretik, ez ziren muinokoak eta «herritarrak» nahasten. Baina Chavezek «zikinkeria» menditik hirira jaitsarazi zuen. Klasismoa puri-purian zen. Eta hala dago oraindik ere, nahiz eta ahalegin asko egin diren.

Oposizioak demokratikoki irabazteko aukerarik behinena izan zuen orduan, 2013an, Chavez jainkoa hilezkor bihurtu zenean. MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiaren babesean lehiatu zen Capriles, eta gutxigatik galdu zuen. Mahai haren inguruan alderdi asko zeuden, tartean chavismoarekin kritiko ziren hainbat alderdi ezkertiar, baina lehia benetan moderatuen eta eskuindarren artean zegoen. Eskuin muturrekoak apurtu zuen MUD, Corina Machadok, besteak beste, herritarrak muinotik jaistearen kontra zeudenen babesean, paradoxikoki, demokraziaren izenean.

Jira-bueltaka aritu da oposizioa harrezkero. Aurkeztu eta ez. Chavismoak ere galdu ditu bidean jarraitzaileak, sortu da haren inguruan klientelismo eta ustelkeria sarea, eta batez ere gardentasunik eza, baina, noraino jakin ez arren, babes sendoa izaten jarraitu du, militarrak barne, eta ezin da uka boz sistema, nahiz eta zilegitasunik ez dion eman Mendebaldeak, nazioarteko behatzaileen iritzia kontuan hartu gabe.

«AEBen inbasioa nahi duten herritar gehienak Venezuelatik kanpo bizi dira». Caprilesek berak esan zuen hori, joan den abuztuaren amaieran. Joan den maiatzeko bozetan aukeratu zuten legebiltzarrerako, hainbat urtez inhabilitatuta egon ondoren. Corina Machadok gidatutako oposizioak gogor kritikatu zuen haren parte hartzea, sistema legitimatzen zuelakoan. Bi hamarkadotan oposizioaren ahultasuna hori izan da, ez baitago oposizio bat, Mendebaldetik ikusarazi nahi duten bezala. Eta badago herrialdean bertan konpondu beharreko auzi bat: herrialdea banaturik dago. Baina azken hilabeteotan gailendu egin da «kanpokoen» nahia, Corina Machadok aurreikusi bezala, Bakearen Nobela eman ziotenean.