
Milaka lagun elkartu dira Bilbon partidaren harira antolatutako bi kalejiretan. Palestinako herriari babesa adierazteaz gain, Gazako genozidioa amaitzeko eskatu dute.
Kepa Ugarte Martiarena / BERRIA
Bi kalejira. Milaka eztarri. Aldarri nagusi bat: Euskal Herria Palestinaren alboan dago. Elkartasun mezu erraldoi bat bidali du gaur Bilboko kaleetan Euskal Herriko eta Palestinako futbol selekzioen arteko partidaren harira batutako jendetzak. Giro ona nagusitu da mobilizazioetan, eta berriro ozendu da Gazako genozidioa geldiarazteko aldarria.
Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina plataformek deitutako kalejira abiatu da lehenik Arriaga zubitik, 17:30ean, Herri libreak! Euskal Herria-Palestina. Genozidioa stop! lelopean. Pankartaren aurretik, Palestinako bandera Gernika koadroaren figuretako batekin, eta ikurrin bat. Pankarta eskuetan, palestinar eta saharar herrien ordezkariekin batera, aurpegi ezagun ugari: Xabier Usabiaga ETBko kazetaria, Izortze Santin EHUko ikerlaria, Mikel San Jose Athleticeko jokalari ohia eta Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea, besteak beste. Pankartaren atzean, aldarri bat letretan: «SOS Gaza».
«Palestinak irabaziko du»
«Boikota Israeli! Palestina askatu!» oihu artean egin ditu lehen metroak martxak, eta «Independentzia!» aldarriren bat ere entzun da tarteka. Euskal gizarteak agertutako konpromisoarekin pozik zen Ibon Meñika, Gernika-Palestina plataformako kidea: «Giza eskubideen eta elkartasunaren partida da hau. Baina, batez ere, gaurkoa genozidioaren amaierako partida da. Eta Palestinak irabaziko du».
Ibilbide osoan zehar jendea zain izan du martxak, eta, Moiua plaza igaro duenerako, milaka lagunek osatu dute elkartasun kalejira, eta Kale Nagusi osoa hartu dute gero. Etorbidearen amaierara iristear zirela, mobilizaziora sartu da Jibril Rajoub Palestinako Futbol Federazioko presidentea, txalo artean, eta azken metroak egin ditu pankartaren atzean. Jesusen Bihotzean manifestazioa amaituta, une hunkigarriak izan dira: sirena hotsek jendetza isilarazi dute, eta, ondoren, aurreskua dantzatu dute bi lagunek, isilean, musikarik gabe, Gazan hildakoen omenez. «Gora Palestina askea!» oihukatu dute pankartako palestinarrek.
«Elkartasun mezu erraldoia bidaltzen ari gara gaur munduari. Euskal Herriaren irudirik onena bidaltzen ari gara munduari», goratu du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak. Kirola elkartasuna sustatzeko tresna izatea nahi dutela gogoratu du, eta, gaurko deialdiaren bidez, bakearen aldeko mezu bat igorri du: «Palestinan milaka pertsonaren heriotza, beste askoren desplazamendua eta lurralde oso baten suntsiketa ekarri duen genozidioa eta bidegabekeria behin betiko amaitu behar da. Munduko herriek sarraski horren aurrean isilik ez geratzea erabaki dugu: stop genozidioa!».
Herri libreen aldeko mezua ere bota du, eta, zehazki, Euskal Herri eta Palestina libreak aldarrikatu ditu: «Pertsona guztien eskubide guztiak bermatzen dituen mundu bat nahi dugu. Horregatik diogu euskal herritarrek eta palestinarrek eskubidea dutela bakean eta askatasunez bizitzeko eta beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko».
Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina taldeen kalejira amaitu denean, San Mameserantz bideratu dituzte zaleak, baina bidean, ezusteko bat eman dute antolatzaileek: Euskal Herriko eta Palestinako selekzioak autobus banatan agertu dira, eta han bildutako ehunka lagunekin batera egin dute futbol estadiora arteko bidea.

«Su etenaren iruzurra»
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren eta hainbat zale talderen kalejirari dagokionez, 18:30erako zegoen deituta, eta ordurako ehunaka pertsona egon dira Areatzan eta Arriaga plazan bilduta. Ertzaintzaren hainbat furgoneta ere bertan izan dira. Horrenbestez, Gora palestinar erresistentzia irakur zitekeen pankartaren atzean kokatu dira zaleak, martxari hasiera emateko. Aurrealdean, oihal handi bat zabaldu dute: marrazkian, futbol jokalari palestinar bat Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren burua baloi bat izango balitz bezala jaurtitzen ikus zitekeen, baita Israel estatu terrorista esaldia ere.
Zaleen martxetan ohikoak diren petardoen eztanden artean eta bengalen itzalpean, «Gora palestinar erresistentzia» eta «Israel suntsitu, Palestina askatu» oihuak entzun dira. Kale Nagusian hiru edukiontzi erre dituzte manifestazioa igarotzen ari zela, baina ez da istilu nabarmenik izan. Jesusen Bihotzera iritsita, pankartak batu eta bere bidean jarraitu dute zaleek, San Mameseraino.
Gaurko eguna ospakizunerako izateaz gain, «batez ere aldarri politikoak mahaigaineratzeko» izan dela adierazi du Iñigo Rodriguez Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak, manifestazioa hasi aurretik: «Palestinar erresistentziaren aldeko aldarria eta Israelgo Estatua desegitearen beharra plazaratzeko eguna da gaurkoa. Eta batez ere su etenaren iruzurra seinalatzeko».
Izan ere, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta zale taldeek gogorarazi dutenez, «Palestinan kirola ere ez dago genozidiotik salbu». Eman dituzten datuen arabera, 2023ko urriaren 7tik, gutxienez 700 kirolari palestinar hil ditu Israelek bonbardaketetan, horietatik 265 futbolariak. Horretaz gain, 300 kirol instalazio inguru suntsitu dituzte sionistek. «Bitartean, ezin dugu ahaztu Israeli alfonbra gorria jartzen zaiola nazioarteko kirol txapelketa guztietan, eta krimenak zuritzeko tresna estrategiko gisa erabiltzen duela kirola estatu sionistak».

Hain zuzen, arratsaldeko kalejiraz gain, hildako kirolari palestinarrak gogoratzeko ekitaldia egin dute, 13:30ean, Arriaga plazan. Omenaldia 13:00etarako aurreikusita zegoen, baina, hainbat zaleren autobusek errepidean izandako kontrolen ondorioz, atzeratu egin behar izan dute.
Giro ona goizetik
Arratsaldeko kalejirak ez ezik, Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko partidak egun osoan girotu du Bilbo. Zazpikaleak, bereziki, berdez tindatu dira apurka goizean: euskal selekzioaren elastikoak, Palestinako banderak, partidarako propio egin dituzten bufandak… Txistulariek eta Bilbo Kantari egitasmoak musikaz eta dantzaz busti dituzte hainbat txoko. Bazkalordurako Goienkaleko eta Errondako tabernetan elkartu dira zale talde handiak, eta 7katu gaztetxearen inguruan, adibidez, Lepoan hartu ta segi aurrera kantatzen aritu dira.
Kalean «gozatzen» ibili da Pablo Irizar. Aretxabaletatik (Gipuzkoa) etorri da familiarekin futbol partida ikustera, jakinda partida bera «aitzakia bat» besterik ez dela: «Aldarrikapenerako egun bat da. Lehenik, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko, nazio bat garelako; eta bigarren, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko».

Igor Galarza, berriz, Abadiñotik (Bizkaia) iritsi da lagunekin, eta hunkituta mintzatu da inguruan zuen giroaz: «Euskal selekzioaren partida izatea bera plazer handia da. Zazpi lurraldeetatik etortzen da jendea egun sinboliko eta aldarrikatzaile honetara, ospatzeko modukoa da, eta gaurko egunak daukan mezu politikoaren parte izateko gogoz ere etorri gara».
«Gaurkoa ez da bakarrik futbola», esan du Miren Lurdes Egigurenek. «Kirolaz gain, elkartasuna da gaurko helburua», erantsi du Bego Aspiazuk. Biak Elantxobetik (Bizkaia) etorri dira kuadrillarekin, aspaldi hasitako tradizioari jarraituz: «Gaztetan hasi ginen euskal selekzioaren partidetara etortzen. Brasilen eta Irlandaren kontra jokatu izan dugu, eta oraindik ez dugu ofizialtasunik lortu». Hala ere, biek argi izan dute gaurkoa berezia izan dela: «Ez da edozein partida. Palestinaren aurkakoa da. Anai-arrebak gara».
