Armadak eskumena du 25 eta 60 urte arteko gizonei gerrara deitzeko. Horri itzuri egiteko herrialdetik ihes egiten du zenbaitek; horretan laguntzen dutenak ere ari dira atxilotzen.
*Mikel Garcia Martikorena / BERRIA
Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra dela-eta, 25 eta 60 urte arteko gizonak gerran borrokatzera deitzeko ahalmena du Ukrainako armadak, eta horiek behartuta daude joatera. Batzuek, baina, ez diote deiari jaramonik egiten, eta ez dira armadaren kuarteletara agertzen. Hori dela eta, gutxienez 200 sarekada egin zituen Ukrainako Poliziak urtarrilak 17an, herrialdeko hemeretzi eskualdetan. Horien helburua da zerbitzu militarrari itzuri egiten dioten gizonak atzematea eta atxilotzea.
Gainera, 18 eta 60 urte arteko gizonek ezin dute atzerrira bidaiatu horretarako arrazoirik ez badute; arrazoi bat litzateke, esaterako, Ukrainan egin ezin dioten ebakuntza bat atzerrian egin behar izatea. Gizon andana, ordea, gerratik ihes egiteko herrialdetik joaten dira, ezkutuan. Bidaia horiek errazten dituztenen aurka ere bideratu ditu 17ko sarekadak Ukrainako Poliziak. «Fiskaltzak eskatutakoari jarraituz, Poliziako agenteak sarekadak egiten hasi dira Ukrainako hemeretzi eskualdetan [muga zeharkatzeko] legez kanpoko salerosketetan parte hartu dutenak atxilotzeko», jakinarazi du Poliziak, ohar bidez.
Dokumentuak faltsifikatzea, iruzurra egitea eta eroskeria leporatzen diete muga zeharkatzen lagundu dutenei. Poliziak azaldu duenez, armadara joateko deia jaso duten gizonen arrasto digitala ezabatzen dute, diru kantitate baten truke. Ez dute zehaztu zenbat diruren truke laguntzen dieten.
17koa ez da izan Kievek mota horretako operazioak egin dituen lehen aldia. Iragan larunbatean, urtarrilak 11n, beste dozenaka sarekada gauzatu zituen Ukrainako Poliziak herrialdeko 22 eskualdetan.