Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

*Asier Blas Mendoza / ARGIA aldizkaria

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor dagoen agintean, baizik eta bizirautea.

2018an gerra fronteak gutxi-asko egonkortu eta lehentasuna arlo militarretik berreraikuntzara pasatu zen. Baina Siriako Arabiar Errepublikaren kontrolpetik kanpo zeuden nekazaritzarako lurralde emankorrenak eta, batez ere, petrolioa eta gasa; bi horiek Amerikako Estatu Batuetako armadaren esku egon dira orain arte. Horri erantsi behar zaizkio Mendebaldeko herrialdeetatik Siriaren kontra jarritako zigorrak eta blokeoa, eta Israelen noizbehinkako bonbardaketak. Testuinguru horretan, lehenengo COVID-19 pandemia iritsi zen eta, ondoren, 2023ko lurrikara. Biek, ustelkeriak eta estatuaren eraginkortasun faltak, hondamendi ekonomikoa sakondu zuten.

Aspalditik Siriako borroka ardatz nagusia da nazionalismo-akonfesional eta islamismo sunitaren artekoa. Alde batean zein bestean mugimendu politiko eta posizionamendu ideologiko desberdinak daude beraien artean gatazkak dituztenak eta, oro har, herrialdean inpaktu politikoa duen aniztasun etniko handia dago. Halere, estatuak momentu zehatz batzuetan gutxiengoek eta sektore akonfesionalek muturreko islamismoari dioten beldurra kapitalizatzen jakin izan du. Horregatik, 2011, 2012 eta 2013an, hainbat sektore –batzuk gobernuaren kontra protestetan aritutakoak–, Siriako Arabiar Errepublikaren subiranotasunaren eta multikonfesionalismoaren alde mobilizatu ziren gerran.

Kaltetu nagusia Palestina izango da, Siriako Arabiar Errepublika aliatu nagusia zelako eta Iranetik Palestinara lurrez konektatuta zegoen erresistentziaren ardatza hautsi delako

Hamar urte geroago, ordea, inork gutxik egin du gobernuaren alde. Izan ere, erregimen bat nekez legitimatu daiteke populazioaren gehiengo zabala miserian bizi bada. Horrelako egoeretan Siria askotarikoa defendatzen dutenek errazago gogoratzen dituzte erregimenaren autoritarismoa edota ustelkeria, multikonfesionalismoa eta subiranotasuna baino. Horrek ez du automatikoki esan nahi siriar gehienek muturreko islamismoa babesten dutenik; ez, besterik gabe, gehiengoak erabaki du ikustea zer egingo duen Siriako autoritate berriak. Honen arrakasta edo porrota herritarrek arlo ekonomikoan neurtuko dute seguruenik eta ez hainbeste emakumeen eta gutxiengoen eskubideen galeran.

Bitartean, subiranotasunaren eta geopolitikaren ikuspegitik siriar hondamendiak jarraitzen du. Turkiak garaipen garrantzitsua lortu du, berak babesturiko islamistak baitira gobernu berriaren zutabe nagusia. Ankarak zeharka kontrolatzen duen Siria gutxienez Alepora arte zabalduko da.

Washington pozik dago ikusteaz bere itotze ekonomiko estrategia arrakastatsua izan dela eta Iran eta Errusia kaltetu dituela. Halere, Turkiak buruhausteak sor diezazkioke. Gobernu berriak ekonomian zeozer egin behar badu, petrolioa eta gasa behar ditu, horregatik, eta Ankararen presioagatik, Washingtonen aliatu kurduek etorkizun zaila dute.

Beste irabazleetako bat Israel da. Azkeneko asteetan Sirian ehunka bonbardaketa egin ditu eta kontrolatzen dituen siriar lurraldeen zabalera handitzen ari da okupazio berriekin. Jakina da Tel Avivek muturreko islamismoa gutxienez aliatu taktikoa izan duela eskualdean eta, oraingoz, siriar autoritate berriak adierazi du Israelekin harreman onak mantendu nahi dituela. Horren kaltetu nagusia Palestina izango da, Siriako Arabiar Errepublika bere aliatu nagusia zelako eta Iranetik Palestinara lurrez konektatuta zegoen erresistentziaren ardatza hautsi delako.