«…kudeaketa partekaturako instituzioen eta foroen galerak unilateralismo orokortua eta gatazka gorakorra ekarriko dituzte nazioarteko ekonomian.»
*Mikel Zurbano / ARGIA aldizkaria
AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren, oraingoan bi ildo ekonomiko kontrajarri horiek muturrera eramateko arriskua dago.
Ikusteko dago gobernu berriak ortodoxia liberala noraino eramango duen. 2025 proiektu ultrakontserbadorea guztiz martxan jartzea ezinezkoa izango da. Baina bere lerro nagusiak mantenduko dira gutxienez ondoko lerroetan: gastu sozialaren eta administratiboaren murrizketan, migrazioaren aurkako politikan, erregai fosilak indartzeko neurrietan, zergen beherakadan eta protekzionismoan.
Bidenen gobernuak uzten duen egoera makroekonomikoa balekoa da enplegua, hazkundea eta inflazio-tasaren kasuan, baina makurra da kontu publikoei dagokienean. Izan ere, Munduko Bankuaren arabera, AEBetako zor publikoa inoiz izan duten altuenetakoa da eta aurrekontu defizitaren nahiz kanpo zorraren datuak ez dira hobeak.
Arazoa da AEBetako presio fiskala oso apala dela, Europako Batasuneko herrialde gehienen azpitik dago. Gainera, Trumpek zerga jaitsiera garrantzitsua iragarri du. Ekonomia berdeari emandako dirulaguntzen gutxitzeak eta aduana zergen diru sarrerek kitatuko lukete zergen jaitsierak ekarritako diru sarrera murrizketa hori, Trumpen esanetan. Baina zalantzarik ez da aurrekontu defizitaren eta zorraren handitzea ekarriko duela zergen beherakadak. Faktore batek leuntzen du AEBetako zor estrukturalaren auzia, dolarrak nazioartean duen posizio hegemonikoak, hain zuzen. BRICS+ taldearen helburuetako bat da dolarraren hegemonia horri aurre egitea. Epe ertainean halakorik gertatuko balitz, AEBek ezingo lukete bere horretan mantendu mundu mailan duten posizio hartzekodun ikaragarria.
Nolanahi den, AEBetako ekonomiak oso ahaltsua izaten jarraitzen du, puntako enpresa teknologikoak –militarrak barne– eta finantza erakunde boteretsuak baititu. Adibidez, AEBetako enpresa erraldoiek adimen artifizialaren balio kate osoaren gaineko kontrola dute eta bertako enpresa transnazionalen mozkinen herena baino gehiago erbestean lortzen dute. AEBek munduko ekonomiaren gainean duten hegemonia ez da bat-batean ahituko, baina Txinaren teknologi dinamismo bizkorrak itzala egiten dio. Horrek azaltzen du, hein batean behintzat, Trumpen lerrokatze protekzionista sutsua.
Aipagarria da Elon Muskek ere horren aldeko interes pertsonala duela. Gobernu Efizientziarako Saileko buru izendatu berriaren negozioen errentagarritasuna hobetzeko, tresna eraginkorra da babesa indartzea. Berea den Tesla kotxeari Txinak egiten dion lehia zuzena saihestea eragingo luke neurri horrek. Beraz, azken hamarkadetako merkataritzaren liberalizazioaren oldeari errematea emanda multilateralismoaren garaia atzean uzteko asmoa du Trumpek. Amerika first leloa nazioarteko jarrera unilateralarekin identifikatzen da.
Klima larrialdiaren ukapena da gobernu berriaren beste ezaugarri bat. Lehen agintaldian egin zuen bezala Pariseko akordioa alboratzeko asmoa azaldu du. Bide orri argia du nazioarteko erakunde eta foro multilateralak uzteko edota oztopatzeko. II. Mundu Gerra osteko Bretton Woodseko Mendebaldeko esparru erregulatzailea eraisteko arriskua bistakoa da. Orain arteko eraikuntza multilaterala oso kritikagarria izan arren, kudeaketa partekaturako instituzioen eta foroen galerak unilateralismo orokortua eta gatazka gorakorra ekarriko dituzte nazioarteko ekonomian.