Errusofobia lehen eta orain (II)

«Errusiako herriari barre egiten diogu, Ukrainan pala eskutan hartuta borrokatzen ari direla esanez eta, era berean, haien arma hipersonikoek gure sateliteak mehatxatzen dituztela esaten dugu»

*Joan Mari Beloki Kortexarena / ARGIA aldizkaria

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei dagokie nagusitasuna, egonkortasunaren iturri baitira. Gainerakoek menpeko izan behar dute.

Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen arabera, nazioarteko zuzenbidea nazioen berdintasunean oinarritzen da. Mundu ordena modernoa botere-oreka da, botere-zentro anitzekin, eta norbaitek hegemonia ezarri nahi badu, beste batzuek orekatu eginen dute. Orain bi arau-multzo dago, eta “arauetan oinarritutako nazioarteko ordenak” praktikan ez dagoela araurik esan nahi du. Eredua aukera dezakezu, baina multipolarraren alde egiten baduzu, errusiarren alde zaudela dirudi. Horren aurrean, gehienak narratiba ofizialarekiko leial mantentzen dira, errusiarren alde dagoen norbait bezala ikusia izatea saihestu nahirik.

Gaur egun, Errusia herrialde itxurako gasolindegia bezala deskribatzen da baina, aldi berean, Europa osoa irents lezakeen indar izugarri gisa. Errusiako herriari barre egiten diogu, Ukrainan pala eskutan hartuta borrokatzen ari direla esanez eta, era berean, haien arma hipersonikoek gure sateliteak mehatxatzen dituztela esaten dugu. Bi modutara jokatzen dugu. Halaber, Errusiak Ukrainako herri txikiak ezin dituela hartu baina, horrekin batera, Europa osoa hartzeko gai dela esaten da. Hauek guztiek ez dute zentzurik. Helburua beldurra eta gorrotoa elikatzea da. Sistemak gorrotatzeko zerbait bilatzen du kanpoan, bere baitan batasuna eta kohesioak areagotzeko. Horra hor errusofobiaren esanahia.

Mendebaldeko europarrok zibilizatuak garela uste dugu; haiek, aldiz, basati gisa ikusten ditugu. Gu moderno, eta haiek atzeratu. Gu liberal, haiek autokratiko. Gu zintzo, haiek gaizto. Lehen, komunismo atzerakoia kapitalismo aurrerakoiaren aurkari. Orain autoritarismoa versus demokrazia da talkaren itxura.

Fobia terminoak beldurra irrazionala dela adierazten du. Gure beldurra irrazionaltasunean oinarritzen bada, ez dugu modu arrazionalean jokatuko eta ekintza arrazionalik gabe ezin dugu gure interes nazionalen alde zuzen jokatu. Errusofobia terminoak beldurra nabarmentzen du, baina beldur hori maiz oinarrian gorrotoa duen arazo batetik dator. Beste era batera esanda, beldurra faltsua da eta lehenago zabaldutako gorrotoak sortua.

Lehen, errusiarrak maila baxuagoko populazio gisa aurkezten zizkiguten, esklabo bihur zitezkeenak. Orain vodka edaleak dira, mundu osoan zabaldutako mafia, zibilizazioa errespetatzen ez duten basatiak, komunista maltzurrak, arazo sortzaileak, autoritarioak, zikinak, eroak… Hori dela eta, sei mila zigor ekonomiko baino gehiago ezarri diegu, Olinpiar Jokoetan parte hartzea debekatu diegu –Hitler bera ez zen horrelakorik egitera ausartu–, errusiar komunikabideetara sarbidea debekatu dugu, geure buruari haien pentsamendura iristea eragotziz… Errusiako kulturari ere ateak itxi dizkiogu, besteak beste, ziurrenik munduko onena den Bolshoi ballet klasikoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera guztiak galduta, edota Txaikovskiren Zisneen Aintzira, edota Anna Netrebko soprano bikaina, eta abar.

Errusiarrekin arrazoizko beldurren bat denean, Errusiaren interesak eztabaidatu eta sortzen duten talka aztertu beharko lirateke. Beldurra irrazionala denean, eta gorrotoak bultzatua, ez ditugu haien interes errealak eztabaidatzen. Ez ditugu Errusiaren benetako interesak jorratzen. Horren ordez, klixeez hitz egiten dugu, beti espantsionismoa bilatzen duen herrialde inperialista eta maltzurra dela ziurtatuz. Hori da gaur egun nazioarteko politikaren arazo nagusia. Azterketa egokia egiteko, bi aldeek segurtasuneko mehatxuak nola identifikatzen dituzten eta mehatxuak gainditzeko zein neurri hartzen dituzten hartu beharko genituzke aintzat.

Zoritxarrez, ia ezinezkoa da Errusiaren segurtasun legitimoaren kezkak aztertzen dituen egunkari edo albistegirik aurkitzea. Horren ordez, Errusiak egiten duen guztia asmo gaiztoz egina dela ziurtatzen dugu eta berarekin bakea ezinezkotzat jotzen dugu definizioz. 1990eko hamarkadan, Errusiak mendebaldeko Europarekin lankidetzan aritzeko ahalegina egin zuelarik, ez zen onartu, positiboa izan arren. Egin zen gauza bakarra aurreko estigmak mantentzea izan zen. Ez genien mahaian gure artean lekurik eskaini.