*Hedoi Etxarte / BERRIA
Hogei urte joan dira baina sarritan etortzen zaizkit gogora Gasteizko unibertsitate garaiko fakultateko zenbait estanpa. Luis Maria Larringan izan zen egokitu zitzaigun irakasleen artean gogoetarako aukera ematen ziguten gutxietako bat eta, egia esan, ordutik, ia inoiz ez dut ia inor entzun, nola duela mende erdi bat, euskara salbatu nahi zuten hainbatek Israel izan zuten eredu. Historia hura idazteke dago, ez bakarrik EAJk Israelekin izan zituen harremanena, baita zenbait euskaltzale aurrerazalek izan zituztenena ere. Nola hartu zen hizkuntza berreskurapenerako eredu kolonizazioan, erbestean eta genozidioan oinarritutako estatu bat euskara salbatzeko.
Ez da kasu zoro bakarra eta, akaso, azken hamarkadetan inspirazio iturri izan den katalanak baino zentzu handiagoa zuen hebreeraren kasuak. Bitxia da ze, Bartzelonako langile mugimenduaren eta burgesiaren parte batek duela mende luze batetik katalanaren alde egin zuen bitartean, ez Bizkaiko, ez Donostialdeko ezta Iruñerriko burgesiek ere ez dute inoiz euskararen aldeko apusturik egin. Eta, gainera, zertarako hartu eredutzat katalana, han bertan kontziente badira huts egiten ari direla, galbidera doazela.
Kurioski, bada gurean, azken hamarkadotan –ez soilik gai honetan– inoiz ikertzen eta kontsideratzen ez den hizkuntza berreskurapen bat, eta da SESBen egin zutena 1917tik 1939ra. Iruñeak harrera egin zion ultra-nazionalista eta antikomunista sutsu zen Luka Brajnovic kroaziarrak ere nabarmendu zuena. SESBeko hizkuntza gehienak (1967ko Idazle sobietarren IV. kongresuan 72 literatura idatzi aipatu zituzten) Sobietar Iraultzaren ostean hasi ziren idazten (errusiera, ukrainera eta bielorrusiera ziren aurretik idatzitako bakarrak).
Logikoa da, dena den, iragan mendeko ekialde hartara ez begiratu nahia zeren, keinu horrek, behartuko luke ia edonor onartzera kapitalismoan euskara desagertuko dela Europako hizkuntza gutxitu guztiak desagertzen ari diren bezala, estatu egituren babesa daukatenean ere.