Palestina babestea Erresistentziaren Ardatza babestea da

«…zentro inperialistako iraultzaileok pauso bat eman behar dugu aurrera. Erresistentziaren Ardatzarekiko elkartasun internazionalista prestatu behar dugu, Giza-Sarraskiaren Industriak, Kapitalismoaren benetako aurpegia denak, dakarkigun erabateko hondamena saihesteko.»

*Taher Ali / GEDAR Langile kazeta

Badakigu ‘israel’ entitate genozida eta terrorista bat dela, baina beharrezkoa da bere izaera kolonialaren inplikazioak ulertzea. Beretzat, bizirik irauteko aukera-baldintza bat da genozidioa. Kolonizazioa da, palestinarrak ordezkatzearen bitartez. Entitateak, sortu baino lehenagotik, asmo hedatzaile bat du, bere banderan modu ofiziosoan estanpatuta dagoena, bide batez: zerrenda urdin bat Egiptoko Nilo ibaiarentzat, zerrenda urdin bat Irakeko Eufrates ibaiarentzat. Egia da sionista liberal batzuk saiatu direla teorizatzen Mediterraneoa eta Jordan irudikatzen dituela banderak, Palestinara «bakarrik» mugatuko litzatekeen konkista eta sarraski bat alegia, baina Historiak beste zerbait adierazten du. Iraganean Egiptoko Sinai okupatzeaz gain, Libano eta Siria okupatzen eta suntsitzen dituzte gaur egun. Arriskua existentziala da eskualdeko herri guztientzat, baita haratago ere. Izan ere, besteak beste, aipa genezake Iran desegonkortzeko eta suntsitzeko plana, Armenian edo Yemenen genozidioan parte hartu izana –enegarren aldiz berretsiz ez dagoela erlijio-gatazkarik–, edo, adibidez, Daesh eta Al Qaedarekin lankidetzan aritu izana.

‘Israel’ inperialismoaren abangoardia bat besterik ez da. Badu autonomia maila jakin bat, deserosoa izan daitekeena, bere barne-politikari jarraitzean, AEBetako politikaren berehalako interesei eragiten badie, baina inoiz ez da independentea; leial zaio elite burges inperialari. Burgesia horren zati batek, judua izanik, jakin zuen tantoa irabazten, kausa sionistarekin berandu bat eginda. Horrela, enbaxadore eta bitartekari bihurtu ziren aliatu israeldar berriarekin, hura ere babesle berri bat izateko irrikaz baitzegoen, britainiar eta frantziar inperioen gainbeheraren ondoren. Norman Finkelsteinek deskribatu izan duen bezala, burges judu horiek beren interesengatik bakarrik egin ziren sionista, 60ko hamarkadaren amaieran. Harengatik hainbeste negar egindako Nashrallah komandante libanoarrak ez zuen zalantzarik utzi, bere diskurtsoetan esaten zuenean ez dela materialista «juduek mundua kontrolatzen» dutelako ideia hori; baizik eta klase menderatzailearen mesederako ergelkeria eta aurreiritzi bat, gure borrokaren errealitatea aztertzea eragozten duena.

Arnasketa lagunduarekin eta odol transfusio etengabearekin mantentzen da munstro kolonial hau, urtebetetik gora igaro denean aurrekari gutxiko genozidio bat eta erresistentzia bat hasi zirenetik. Ez herri palestinarrak ez Erresistentziak ez dute beren burua engainatzen: argi dago inperialismo iparramerikarraren eta bere satelite NATO-EBren aurka borrokatzen ari garela. Europako alde honetatik errealitatea onartuz gero, leku gutxi utziko genieke erridikuluei, eta hobeto azaleratuko genituzke hipokrisia eta anbiguotasun oportunistak. Jakina, zentro inperialista ez da homogeneoa, eta ezin diogu utzi kontraesanak modu inteligentean aprobetxatzeari. Balio dezala horren isla gisa Hamasek Pedro Sanchez zoriondu izana, bere parrokia propioa pozik uzteko egin zituen adierazpenengatik. Ahantzi paternalismoak: Erresistentziak inteligentziaz baliatzen ditu kontraesanak. Kalkulatutako gatazka diplomatiko bat larriagotzen ari da, Europako diskurtso bakarra hausten ari da, humanismo konformista igatzen ari da, status quo-arekiko mendekotasun handiena duten sektoreetan posizioak aurreratzen uzten ari dira… Horrelako elementuak erabakigarriak izan daitezke, sarraskiaren aurkako borrokaren testuinguruan.

Aurre egin behar diogun base inperialista hau gotorleku menderaezin bat da, baina erortzen diren gotorleku menderaezinez josita dago Historia. Etsaien erretiratze faltsu bat, traizioan amaitzen den eta ateak irekitzen dituen kontraesan bat erraietan, atzera egitea eragiten duen ezusteko sarrera ausart bat… Beharra, edo kodizia. Ezin da Entitate Sionista indar basatiaren bidez garaitu, baina inperio guztiak erortzen direlako esperientzia enpirikoaz gain –eta gorantz egiten duen guztiak beherantz egiten duelako esperientzia–, badirudi aurreko mendean sortutako erresuma gurutzatu honek ezingo dituela bere gainbehera eta barne-kontraesanak gainditu. Analista askok hitz egin du bi eta bost urte arteko epean etor daitekeen inplosioaz.

Erorketa bizkortzeko eta, batez ere, sarraski handiago bat saihesteko, beharrezkoa da erabateko gerra saihestu eta nekearen bidez irabaztea. Horixe da Erresistentziaren Ardatzaren zentzu estrategikoa: okupazioaren agortze militarra, haren hondamen ekonomikoa, bertakoen kontrako espoliatze kolonoaren kontura sustengatzen den bizimodu pribilegiatuaren amaiera. Erresilientzia ukatua, sakrifikatua, pazientea dugu alde batean, eta parez pare daude lehenengo mundutarren premiak eta espoliatzaileen pazientzia gutxiko gorrotoa. Desjabetuak, jabetzadunen kontra.

Palestinak, Sortaldeak, Nazio Arabiarrak oro har bere latitude guztietan; erresistentzia antikolonialeko historia zabal eta aberatsa dute. Ez dugu ezer asmatu. Ikasi egin da, memoria historikoa mantendu da, nekazarien esperientziak irakurri eta aztertu dira, desjabetuenak… Fidel Castro, Vo Nguyen Giap eta Mao Tse Tung. Beteranoei entzun zaie, erresistente antikolonialista eta antiinperialista guztiekin eskuz esku aritu da hamarkada askotan. Eta, denbora honetan guztian, ez zaio eusteari utzi. Palestinak mende bateko borroka du bere gain: belaunaldiz belaunaldi.

Herri anai-arreben historia oso antzekoa da. Lehenengo iraultza sozialistek, eta geroago Irango iraultzak, Erresistentzia honen gaitasunak garatzen lagundu zuten. Irandarrak berebiziko garrantzia izan du azken urteotan. Islamiar Errepublika elkarlanean aritu da indar palestinarrekin, islamiarrak edo komunistak ziren alde batera utzita, betiere, askapen nazionala baldin bazuten helburu. Hori, zalantzarik gabe, eragiten duten kontraesan guztiekin ulertu behar da. Baina ukaezina da gaur egun garaipena eskura dagoela, Irango Errepublika Islamikoari eta haren nazioarteko elkartasun-proiektuari esker.

Iritzi-emaileek, difamatzaileek eta logika kapitalistak diotenaren kontrara, Erresistentziaren Ardatza ez da antolaketa hierarkiko bat. Oinarrian dauka askapen nazionaleko mugimendu bakoitzaren beharrekiko errespetua; eta, batez ere, konpromiso internazionalista, bere interesen gainetik. Hori da ‘israel’ dardarka jartzen duen formula: dena Erresistentziarentzat.

Badakigu erresistentzia libanoarrak ez zuela urriaren 7ko operazioaren berri, zeinetan Gazako kontzentrazio-esparruko hormak apurtu ziren. Horrek, ordea, ez zion eragotzi laguntzea, bere berehalako interesen aurka izan arren. Badakigu Hamasen beso politikoa ere ez zegoela jakinaren gainean. Haiek baino lehenago jakin zuten Zerrendako borrokalari komunistek, erasoaldi militarrean parte hartu baitzuten. Era berean eta modu desinteresatuan laguntzen dute Yemenek, irakiar erresistentziak, baita bahreiniarrak ere. Siriako Errepublika Arabiarraren pazientzia handiko kolaboraziorik gabe ere, ez litzateke posible izango erresistentzia hori. Indar batu horiek guztiek ezin dute ‘israel’ garaitu erabateko gerra batean, ezta Iranen parte-hartzearekin ere. Era berean, ez dirudi ‘israel’ ere irabazteko gai denik metodo horrekin. Bere proiektu kolonialerako beranduegi izan baino lehen erabateko gerra bat eragiten saiatzeko estrategiak, zerikusi handiagoa du bere aldeko bloke inperialista osoaren zuzeneko inplikazioarekin. Atzealdean, denborak are gehiago neurtuz eta zuhurtziaz, potentzia kontrahegemoniko handiak ere beharrezko eragileak dira Erresistentziako indarrentzat. Prozesu horrekiko erreakzioa honakoa da: latitude askotan, askapen-prozesuetarako atea irekitzen ari da, fase honetan behintzat.

Iranek ez du erabateko erasorik egin behar, hura ez baita garaipenerako bidea. Baina ez gaitezen erori bere zeharkako kolaborazioa eta pazientzia estrategikoa erregimen erreakzionario arabiarren konplizitatearekin nahasteko falazian; izan ere, erregimen horiek inperialismoari ematen ari diren sostengua baldintzatzaile bat da, gotorleku sionistaren kanpo-harresia izaten ari baitira. Nahiz eta hitz-jario eta antzerkitxo asko egin behar izaten dituzten, zapaltzen dituzten masen presioa zertxobait askatzen saiatzeko. Azkenean, leher egingo dute.

Litekeena da, halaber, ahultasun inperialak hainbat erabaki eragitea: hil aurreko azken kolpe bat eman eta gatazka erabatekoa bihurtzea, Erresistentziaren Ardatzaren eta Gizateriaren borondatearen aurka. Neurri batean hori gertatzen ari da jadanik, gatazka Libanora zabalduta eta Yemengo zibilen hilketetan. Horregatik, zentro inperialistako iraultzaileok pauso bat eman behar dugu aurrera. Erresistentziaren Ardatzarekiko elkartasun internazionalista prestatu behar dugu, Giza-Sarraskiaren Industriak, Kapitalismoaren benetako aurpegia denak, dakarkigun erabateko hondamena saihesteko.

Herriek gure laguntza behar dute bizirik irauteko. Beren burua soilik behar dute azkeneraino borrokatzeko eta beren askapena posible egiteko, baina askoz lehenago geldi daiteke odol isurketa laguntza sendo baten bidez, eta zapaldutako masentzat garaipen emantzipatzaile bat ekar dezake horrek.

Palestinaren garaipenarekin agerian geratuko da borrokak merezi duela, eta borroka eginez eta zapalkuntzaren deuseztatzeari eutsiz lortzen dela garaipena, ez zapaltzaileekin negoziatuz. Hamalau milioi palestinarrek eskubidez dagokien lurra aldarrikatzen dute. Nazioarteko Zuzenbide burgesaren arabera ere, beren sorterrietara itzuli behar dute, beren lurraldera. Gure lurraldera. Lurralde usurpatu bat, jabetza komunalekoa (musha’a). Erregimen erreakzionarioak palestinarren iraultzaren beldur dira, jabetzaren aurkako zauri hilgarri bat izango baita; bizitzarako baliabideen banaketa dakarrelako nahitaez eta guztion ahaleginean bizitzeko duintasun sutsua dakarrelako, zeinak ez dion bizirik egoteari utzi erresistentzia eta erresilientzia kolektiboan.

«Antiinperialismoak sozialismoari bultzada ematen dio, batailaren erdian borrokatzeari uzten ez bazaio, eta inperialismoarekin akordiorik lortzen ez bada soilik. Akordio batera iritsiz gero, mugimendu hori ezin izango da inoiz sozialista bihurtu, baina borrokan jarraituz gero, naturala da mugimendu antiinperialista posizio sozialista batean garatzea. […] inperialismoaren aurka borrokatzen duten klaseak, ez soilik beren duintasunagatik, baizik eta beren mantenuagatik. Eta bide hori izango litzateke zuzenean sozialismora eramango lukeena«. Ghassan Kanafani