BRICS+ berria martxan da

«BRICS+ ez da merkataritza bloke bat, baizik lankidetza ekonomikoa bultzatu eta Mendebaldeko hegemonia finantzarioari alternatibak sortzeko klub bat»

*Asier Blas Mendoza / ARGIA aldizkaria

BRICS+ taldean gorabidean dauden ekonomia produktiboek edota lehengaien hornitzaileek parte hartzen dute. Horiek munduko gobernantza justuagoa eraiki nahi dute eta horrek talka egiten du nazioarteko fluxu ekonomikoak arautzen eta gobernatzen jarraitu nahi duen Mendebaldearekin.

BRICS+ ez da merkataritza bloke bat, baizik eta lankidetza ekonomikoa bultzatu eta Mendebaldeko hegemonia finantzarioari alternatibak sortzeko klub bat. Hortik abiatuta beraien emantzipazio politiko, sozial eta kulturala bultzatu nahi dituzte, herrialde bakoitzaren soberania errespetatuta. Aurten taldeak 200 bilera inguru izan ditu hainbat gai sektorialetan elkarlana sustatzeko, besteak beste, lankidetza akademikoa bultzatzeko, itsas azpiko kableak jartzeko, TV Brics telebista proiektua sendotzeko edota V. BRICS jokoak antolatzeko.

Urriaren 22 eta 24 artean BRICS+en XVI. goi bilera egin da Kazan-en, Errusian. 2024ko urtarrilean gauzaturiko zabalkundearen ondoren lehenengoa izan da bederatzi herrialderekin. Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika osatzen zuten taldeari beste lau kide batu zaizkio: Arabiar Emirerri Batuak, Egipto, Etiopia eta Iran. Saudi Arabiak oraindik ez du baietzik eman, eta hanka bat kanpoan eta bestea barruan mantendu ditu. Horregatik, AEBetako estatu idazkari Antony Blinken-ek urriaren 23an Saudi Arabia bisitatu zuen, herrialde horretako Erregea Kazanera joan ez zedin. Ondorioz, Saudi Arabiak Errusiara bere kanpo harremanetarako ministroa bidali zuen.

Goi bileran 37 herrialdek eta NBEko Antonio Guterres idazkari orokorrak parte hartu zuten. Halere, Saudi Arabiari AEBek egin zioten antzeko jokaldia egin zion Europako Batasunak Serbiari. Izan ere, Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen-i okurritu zitzaion urriaren 24an egun ona zela Belgrad hiriburua bisitatzeko eta Serbiako presidentearekin hitz egiteko Balkanetako herrialdea EBn sartzeko bideari buruz. Bestela, gainontzeko herrialde ia guztiek beraien presidente edo gobernuburuak bidali zituzten espero bezala. Salbuespenetako bat Brasil izan zen, Kanpo Harremanetarako ministroa bidali zuen, Lulak bi egun lehenago burmuineko hemorragia txiki bat izan zuelako.

BRICS+ek aurten zabalkunderik ez egitea lehenetsi du, talde berriaren gobernantza antolatu eta trinkotu behar duelako. Izan ere, lan-taldearen funtzionamendua desberdinen arteko (hizkuntza, erlijio, ikuskera politiko, historia…) kontsentsuan oinarritzen da. Bileran gutxi gorabehera 5.000 milioi pertsona ordezkatzen zituzten gobernuek parte hartu zuten. Horregatik, zabalkunde berriak egon bitartean, herrialde bazkide elkartuen figura martxan jarri dute. Hamahiru herrialde gonbidatu dituzte bazkide elkartu izateko: Aljeria, Bielorrusia, Bolivia, Kuba, Indonesia, Kazakhstan, Malaysia, Nigeria, Thailandia, Turkia, Uganda, Uzbekistan eta Vietnam. Zerrendan Venezuela egoteko adostasuna zegoen, baina azkenean kanpoan gelditu da, Brasilek blokeatu duelako.

Halere, goi bilera horren emaitzarik garrantzitsuena izan da BRICS Clear sortzea, likidazio- eta konpentsazio-sistema bat, bai BRICS barneko merkataritzarako, bai BRICSen eta herrialde elkartuen arteko merkataritzarako. Sistema berriak moneta nazionalak erabiltzea lehenetsiko du, eta SWIFT sistemaren alternatiba bat bilakatuko da. Elementu horrekin batera, merkataritzarako aseguru-konpainia bat sortuko dute, BRICS (Re) Insurance Company. Horrek guztiak dolarraren hegemonia higatzen jarraituko du, poliki baina etenik gabe.