Kremlinek ukatu egin du Trumpek eta Putinek Ukrainaz hitz egin berri dutela

*Igor Susaeta / BERRIA

Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Donald Trump AEBetako presidente hautatuak Ukrainako gerraz hitz egin zuten joan den ostegunean, AEBetako presidentetzarako hauteskundeak egin eta bi egunera. Informazio hori kaleratu zuen The Washington Post egunkariak, atzo. Kremlinek, baina, ukatu egin du. «Albiste hori asmakeria bat da. Gezurra da», adierazi du, gaur, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek. AEBetako hainbat hedabidek azken egunetan argitaratutakoaren arabera, bozak irabazi zituenetik estatuburu batzuekin hitz egin du Trumpek; besteak beste, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin.

«Ez zuten elkarrekin hitz egin», esan du Peskovek, egunero egin ohi duen agerraldian. Kremlinen webguneak dioenez, Putin eta Trump 2020ko uztailean mintzatu ziren azkenekoz; hau da, Trumpen lehen agintaldiaren amaiera aldera. The Washington Post-en jaso dute, ordea, aurreko osteguneko telefono dei horren berri duten iturriak aipatuta, Trumpek gomendatu ziola Putini gatazka ez areagotzea Ukrainan. Gogorarazi zion, gainera, AEBek «tropa kopuru handia» dutela Europan. Egunkarian aipatutako iturri batek dioenez, Trumpek ez luke bere bigarren agintaldia —2017tik 2021era ere izan zen presidente— hasi nahiko Ukrainako gerra koska bat estutuz.

AEBek Ukrainari laguntza militar gehiago ematearen aurka azaldu da Trump azken hilabeteetan —Etxe Zuriak azken egunetan azpimarratu duenez, Trumpek urtarrilaren 20an kargua hartu aurretik, AEBek laguntza militarrean beste 6.000 milioi dolar emango dizkiote Ukrainari—, eta kanpainan esan zuen bere burua gai ikusten duela Ukrainako gerra amaitzeko. Ez zuen zehaztu nola. Putinek Trump zoriondu zuen hauteskundeak irabazteagatik.

The Washington Post-en dei horren berri ematen duen informazioa kaleratu eta ordu batzuetara, gaur goizaldean, Errusiak Ukraina hegoaldean bonbardatu du, misilak eta droneak baliatuta, eta eraso horietan gutxienez sei pertsona hil ditu: bost Mikolaiv hirian, eta bat Zaporizhian. Zaurituak, gainera, hogeitik gora dira. Zenbaki horiek eman dituzte Ukrainako iturri ofizialek.

Borrellen eskaera

Horiek beraiek detektatu dute Errusiak misilak jaurtitzen dituzten hegazkinak aireratu dituela gaur, eta, orduan, aire eraso bat gerta daitekeela ohartarazteko alarmak aktibatu dituzte Ukrainako hainbat tokitan, baita Kiev hirian ere. Hain zuzen, larunbatetik han dago Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburua. Efe Espainiako berri agentziak elkarrizketatu egin du, eta, Trump Etxe Zurira itzultzeak Ukrainako gerrari nola eragin diezaiokeen galdetuta, erantzun du hori ez gertatuta ere Europak «defentsan eta segurtasunean» duen autonomia «areagotu» beharko lukeela.

Negua hurbildu ahala, Ukraina ari da neurriak hartzen Errusiak energia azpiegiturak jo ez ditzan. Zelenskik jarraitzen du baliabide gehiago eskatzen aireko defentsa sistemak eraginkorragoak izan daitezen, eta, gainera, nahi du Mendebaldeko aliatuek baimena ematea, eman dizkioten irismen luzeko armen bidez Errusiako Federazio guztiko azpiegitura militarrei eraso egiteko.