Ofentsiba sionistaren atzean, Mendebaldeko burgesiaren interesak

«Mendebaldeko izaera (eta proiektu) inperialista salatu eta borrokatu behar dugu, zibilizazio-krisia agerian uzteko eta burgesia inperialista indargabetzeko»

*Andrea Bartolo, Askapenako militantea / ARGIA aldizkaria

Israelen ofentsiba inperialista beste fase batean sartu da: bonbardaketak Yemen, Libano eta Sirian; Iranen kontrako erasoak; Libanoren inbasioaren saiakera… Sionistek aspaldiko helburu bat lortu dute: Palestinatik haratago joatea, eta erasoaldia eskualde mailako gerra bihurtzea.

Ofentsibaren areagotzeak hainbat arrazoiri erantzuten die. Batetik, estatu sionistaren proiektu espantsionista ez da Palestinara mugatzen, eta eskualde osoa kolonizatzeko asmoa du. Bestetik, Gaza eta Palestinatik fokua desbideratu nahi dute, hori baita entitate kolonialak daukan tresna bakarra nazioartean izan duen zilegitasun-galera arintzeko. Sionistek badakite haien proiektu supremazista eta kolonialak bizirauteko modu bakarra honakoa dela: gerrak dimentsio askoz handiagoa hartzea, Mendebaldearen parte hartze zuzena bultzatuta. Horrela, esan ahal izango dute milaka biktima palestinarrak “Mendebalde ilustratuaren” eta “Ekialde barbaroaren” arteko zibilizazio-gerra baten “beharrezko ondorioak” direla.

Argitu beharra dago Palestinako genozidioa eta erasoaldiaren areagotzea ezin direla soilik eskualde mailako dinamika moduan ulertu: Mendebaldeko burgesiak mundu mailan abiatutako ofentsiba inperialistaren barruan kokatu behar dira, bloke atlantistaren hegemonia mantentzeko helburua duena. Mendebaldea ez da sionismoaren laguntzailea eta konplizea soilik, genozidio eta eskualdeko gerraren finantzatzailea eta parte-hartzaile aktiboa ere bada. Mundu mailako koiunturak zeresan handia du horretan. Iaz Netanyahuk “Ekialde Hurbil Berria” izeneko proiektua aurkeztu zuen, Mendebaldearen oniritziarekin, eskualde osoa berrantolatuko lukeen proiektua: maila politikoan, Israelek eskualdeko lidergoa asumituko luke; eta, maila ekonomikoan, India eta Europa lotuko dituen bide-ekonomiko berria bultzatuko luke, eta integrazio eurasiatikoa bermatzen zuten aurreko proiektuak ordezkatu. Asmo horrek mundu mailako polarizazioaren erronkei erantzuten die, eta Mendebaldeak Errusia eta Txinarekiko daukan dependentzia gutxitzea bilatzen du. Zentzu horretan, egungo ofentsiba sionista berrantolaketa politiko-ekonomiko horren lehenengo urratsa baino ez da.

Hortaz, eskualdeko erabateko gerrak egungo munduaren banaketa inperialistaren krisiari erantzuten dio: zehazki Mendebaldearen gainbeherari eta mundu multipolarraren sorrerari. Argi gera dadila: palestinarren genozidioa eta eskualdeko kolonizazioa bukatzeko, ez da nahikoa Israelen krimenak salatzearekin. Entitate kolonial sionista salatzearekin batera, Mendebaldeko izaera (eta proiektu) inperialista salatu eta borrokatu behar dugu, zibilizazio-krisia agerian uzteko eta burgesia inperialista indargabetzeko.