*Joan Mari Beloki Kortexarena / ARGIA aldizkaria
Terminoaren jatorria XIX. mendearen hasieran kokatzen da. Garai hartan, liberal ingelesen asmo inperialistek errusiarrekin talka egin zuten, Errusia Asian zabaltzen ari baitzen eta Ingalaterraren kolonizazio nahiak oztopatzen. Beren interesak babesteko, Ingalaterrak errusiarren aurkako propaganda erabili zuen, errusiarrak krudelak, autokratak, pobreak eta atzeratuak zirela esanez, eta Europako mendebaldekoak aurrerapenarekin eta zibilizazioarekin lotzen ziren. Gerra napoleonikoetan, frantziar propagandak errusiarren aurkako antzeko mezua zabaldu zuen. Napoleonek berak adierazi zuen “Errusia basatien nazioa” zela.
1807an, panfleto anonimo bat azaldu zen. Errusia inperio basati, atzeratu eta krudel gisa aurkezten zuen, nazio txikiak zapaltzen zituela eta bere armada erraldoiak Europa suntsitzeko gaitasuna zuela esanez. Panfletoak Pedro Handia tsarraren testamentu faltsu bat zuen, hurrengo bi mendeetan eragin handia izan zuena. Hitlerrek ere erabili zuen Sobietar Batasuna inbaditzeko justifikazio gisa. Ustezko testamentuan, Errusiako Inperioaren sortzaile izan zen Pedro I.a tsarrak bere oinordekoei “Europa osoa konkistatzeko eta menperatzeko” aholkatzen zien. David Urguhart idazle eta diplomazialari britainiarrentzat Errusia “despotikoa, tiranikoa, zibilizatu gabeko herrialdea zen, mundu guztia menperatu nahi zuena”. Errusiako eliteak estereotipo horien aurka defendatu ziren, eta horrela sortu zen errusofobia terminoa, Fiodor Tiutchev poeta eta diplomazialariak asmatua. “Errusiarrak gelditzen ez baditugu Europa osoa hartuko dute” behin eta berriz errepikatzea barneko elkartasuna indartzeko erabiltzen zen.
Beren interesak babesteko, Ingalaterrak errusiarren aurkako propaganda erabili zuen, errusiarrak krudelak, autokratak, pobreak eta atzeratuak zirela esanez
Errusiari buruzko beldurrak puztuta zeuden eta beldur horiek militarismo gehiago sustatzeko eta britainiarren asmo inperial gehiago justifikatzeko erabili ziren. Propagandaren bitartez, Errusia oso espantsionista zela eta Europa osora zabaltzeko asmoa zuela sinestarazten zioten jendeari. Baina Errusiak ez zuen lurrik konkistatu Europan. Aldiz, Britainia Handiak lurrak kendu zizkien Frantzia, Holanda eta Espainiari (Gibraltar). Gainera, britainiarrek zerbait egiten zutenean askatasuna zabaltzeko omen zen eta errusiarrek beti askatasuna suntsitzeko.
Krimeako gudaren kapitulua (1853-1856) nabarmentzekoa da. Gudaren aurretik, turkiarrak erasotzaile gisa ikusiak ziren, europar kristauak beldurtzen zituen indar islamiko gisa. Krimeako gerra hasi ondoren, britainiarren propagandak otomandarrak biktima errugabe gisa aurkeztu zituen, eta Errusia, aldiz, erasotzaile basati gisa. Errusofobiaren kapitulu horrek 1812an errusiarrek Napoleoni eragin zioten porrota izan zuen aurrekari. Porrot horren ondorioz, britainiarrek etsai frantses eternoaren tokia errusiarrekin ordezkatu zuten. Hortik aurrera, Errusia izanen zen britainiar boteretsuen etsai nagusia eta inoiz ez zituzten errusiarrak europar gisa onartu.
Errusofobia horrek Errusiari afera askoren errua leporatzea ekarri du:
- 1920ko hamarkadan, Britainia Handian langile-mugimenduen gorakada handia izan zen. Horiek zapaltzeko asmoz, propaganda liberalak esan zuen gehien gorrotatuak ziren errusiarren laguntza jasotzen ari zirela. Horretarako, Internazional Komunistako buruak Britainia Handiko Alderdi Komunistari jarduera subertsiboetan parte hartzeko agintzen zion gutun faltsu bat sortu zuten. Gutuna faltsua zela frogatu zen, baina ordurako Alderdi Laborista suntsituta zegoen.
- 2016ko hauteskundeetan, Trumpen irudia kaltetu asmoz, Bill Clintonek Steel txostena sortu eta finantzatu zuen eta Errusiarekin eta Vladimir Putinekin lotura bat asmatu. Barack Obama presidente ohiarekin batera antolatu zuen. Geroago frogatu zen faltsua zela leporatu zitzaion hackeatzea eta zerbitzari ezkutuen sare guztia.
- Agian azken urteetako kasurik adierazgarriena Nord Stream gasbidearen bandera faltsuko gertaera izan da. Herrialde batekiko aurkakotasun handia dagoenean gertatu daitekeenaren erakustaldi garbia. Errua Errusiari leporatu zitzaion, baina zertarako lehertu behar zuen gasbidea, gas hornidura mozteko giltza ixtea nahikoa bazen? AEBek eta NATOk gertakaria Ukrainako gerra gehiago militarizatzeko eta eskalatzeko baliatu zuten.
- Mexikotik AEBetara gertatzen ari den migratze masiboa agente errusiarrei leporatzen ari zaie. Haiek izanen lirateke han gertatzen ari den migrazio-krisiaren erantzuleak.
- Azken urteetan, 2017tik aurrera batez ere, zimitz izurriteak agertu dira Frantzian, Parisen bereziki, altzari eta oheak erruz kutsatu dituztenak. Frantziar propagandak Errusiaren gerra hibridoari egotzi dizkio izurriteak.
Errusiarren aurkako sentimendu hori propaganda masiboaren bidez elikatzen da. Arriskuak ditu. 1830ean Chronicle aldizkariak errusofobia baretu behar zela eskatzen zuen, “benetan existitzen ez diren mehatxuekin obsesionatuta jarraitzen badugu, barregarri geratuko garelako”.