*Ruben Sanchez Bakaikoa / ARGIA aldizkaria (argia.eus)
Ez dakit elkar ezagutu zuten Lapurdin. Enrique Gómez Korta 1979ko ekainaren 25ean hil zuen Batallón Vasco Español-ek Baionan. Pakito Arriaranek 1978ko azaroan ihes egin zuen Iparraldera eta urtebete eman zuen bertan, atentatuak saihestu aldera Venezuelara alde egin arte.
Niri iraileko azken asteburuan nahastu zitzaizkidan biak. Ostiralean, Korta, askatasun haizea (Julen Diaz de Argote, Egiari Zor eta Hala Bedi) dokumentala ikusi genuen Errekaleorren. Korta Leonetik etorri zen Gasteizera ume kozkorretan, 1970eko hamarkadan, eta Gasteizen euskara ikasi zuen (gertukoek azpimarratzen dute oso ondo ikasi zuela) eta ETAko militante egin zen. Bera hil eta gutxira Kristina Larrañaga bikotekide arrasatearra bien seme Aratzez erditu zen.
Aratzek bideo-mezu eder bat bidali zuen emanaldirako, Lapurdiko euskara ederrean mintzo da. Hiru belaunaldi: aitita-amama Leongoak, Korta gasteiztarra, Aratz lapurtarra.
Larunbatean, Pakito Arriaran El Salvadorren hil zuteneko 40. urteurren ekitaldia egin zen Arrasaten, bere jaioterrian. Hiru emakume aritu ziren solasean. Lehenik, Miren Odriozola, Pakoren bikotekidea eta El Salvadorko gerrillan ibilia –Miren Odriozolaren berri izateko, Laura esaten zioten (Leire Ibarguren, Txalaparta)–. Mirenek kontatu zituen bien bidaia nolakoa izan zen, gerrillako ibilerak eta orduko egoera. Ondoren, Askapenako brigadista joan zen Bea Ilardiak kontatu zuen nola 2009an brigadarekin Arriaranen gaineko bideo bat filmatzera joan zirenean Miren ezagutu zuten. Nola Las Vueltas herrixkako auzokideek Juancito (Pakitoren gerra-izena El Salvadorren) maite zuten. Nola igo ziren bere hilobira herritar pila bat. Nola Mirenek ikurrina ajatuaren ordez berri bat jarri zuen, eta nola aldean zeraman Euskal Herriko lurra nahastu zuen El Salvadorrekoarekin. Azkenik, Aloña, gerrillan ibilitako beste euskaldun bat, mintzatu zen gaur egungo El Salvadorko egoeraz: Nayib Bukele presidenteak, pandillen kontrako gerra aitzakia hartuta, El Salvador bi urte eta hiru hilabete salbuespen egoeran izan du (epaiketarik gabeko 75.000 atxilotu egon dira), eta armadan inbertitu eta inbertitu ari da, garapen ekonomikoa, hezkuntza eta osasungintzaren kaltetan. Aloñak, FMLNren porrota azaltzeko, esan zuen herri mugimendutik gehiegi urrundu zela eta ordezkaritzako demokrazia gezurra dela.
Kortak mundua borrokatzeko bidea topatu zuen Gasteizen euskalduntzen. Pakitok munduan euskalduna izateko modua topatu zuen El Salvadorko borrokan. Baionan ez dakit, baina nire buru barruko karriketan elkar ezagutu dute.