*Pako Sudupe / ZU ZEU (zuzeu.eus)
Kontrasteak eraman nau aspaldi irakurri nuen liburu batera, zehazkiago han agertzen zen testigantza batera. Kontatuko dizuet. Batetik, EiTBfocus-en azken inkestaren berri jakinda, ematen du gurean ditugun arazo bakarrak osasunarena (adinekoena) eta etxebizitzarena (gazteena) direla. Estatus politikoarena ez da arazoa, autonomi estatutua berritu eta kito –zer fidagarritasun du inkesta horrek?, boto gehien lortzen dituzten EAJren eta EHBilduren adierazpen politikoekin ez datoz bat, inondik ere!, gaizki formulatu dituzte galderak?, herritar gehienak axolagabe politikoak dira?–. Bestetik, ez dugu urrun Ukraina-Errusiako gerra eta Ekialde Hurbilekoa ere ez; hau da, delako ongizatearen gaineko eguneroko kezkez gainera, bestelakoak ere badirela guregandik ez hain urrun. Haietan, militarismoa, aberriaren alde bizia ematea, heroikotasuna eta abar ez daude gurean bezain desagertuak eta kontraste horrexek eraman nau aspaldi irakurria nuen historia honetara. Gusto baduzue, hortxe doakizue!
Svetlana Aleksievitx idazlearen “”Homo sovieticus”-aren amaiera” (Itzle.: Jorge Ferrer Díaz: El fin del <<Homo sovieticus>>. 2015. Acantilado. Barcelona) liburutik bildua da. Historiaren protagonista Zinatov tartariar jatorriko sobietarra.
Alemaniak Errusia 1941eko ekainaren 22an inbaditu zuenean, lehen borroka gogorra Brest hiriko gotorlekuan gertatu zen, eta hantxe zen Zinatov. Zauritu eta preso hartu zuten. Birritan ahalegindu zen aleman kontzentrazio eremuetatik ihes egiten, eta bigarrengoan lortu zuen. Gerra amaitzean, soldadu soila zen, hasi zenean bezala. Bigarren graduko Aberri Gerraren domina eman zioten. Gerraren ondoko urteetan herrialde guztia korritu zuen; Ipar Handiko obretan lan egin zuen (Siberian) eta Baikal-Amur trenbidea eraikitzen –4.234 km, permafrost (izotz iraunkorra) gainean–. Erretiroa hartu zuenean, Siberiako Ust-Kut hirian bizi izan zen.
Nahiz eta Brestetik Ust-Kutera 6.000 km inguru dauden, urtero joaten zen Zinatov alemanen aurka borrokatu ziren gotorlekua bisitatzera eta tarta batzuk oparitzen zizkien museoko enplegatuei. Guztiek ezagutzen zuten. Zergatik joaten zen gotorlekura? Bera bezala han elkartzen ziren kamarada ohiak hantxe bakarrik hartzen zituzten benetako heroitzat. Han inork ez zien aurpegiratuko: “gerra irabazi ez bazenute, orain Bavariako garagardoa edango genuen, eta Europan biziko ginen”. Lotsa ematen dute perestroikaren gurtzaile horiek guztiek! Euren aitonek gerra irabazi ez balute, neskameen eta txerri-hazleen herria izango ginen. Hitlerrek idatzita utzi zuen ume eslaviarrei ez zitzaiela ehunetik gora kontatzen irakatsi behar …” (252).
Zinatovek azken bidaia Brestera 1992ko irailean egin zuen. Aurrekoetan bezala, kamaradekin elkartu zen, gotorlekuan ibili zen pasieran. Ohartu zen bisitari kopurua asko urritu zela. Iragan sobietarra eta heroi sobietarrak gutxiesten ziren garaia zen. Lagunei esan zien asteburua han igaroko zuela. Astelehehean, museoko langileek trenbideko polizien deia jaso zuten: trenari bota zion bere burua! Patrikan zazpi mila errublo aurkitu zizkioten, hileta ordaintzeko ekarriak. Eta ohar bat non Yeltsin (presidentea) eta Gaidar (Ekonomiako ministroa, merkatu-ekonomiara igarotzeko erreformak abian jarri zituena) madarikatzen zituen bizitza miserablera kondenatzeagatik, eta gerran lortutako Garaipena traizionatzeagatik. Erregutzen zuen gotorlekuaren lurretan ehorzteko.
Hil aurretik, ohar batzuk idatzi zituen:
Orduan hil banintz, gerrako zaurien ondorioz hil banintz, garbiro jakingo nuen aberriagatik hiltzen nintzela. Baina orain, daramadan txakur-bizimodutik ihes egiteko hiltzen naiz. Hala idatz dezatela nire hilobian. Bizitza honek hil nauela…inork ez beza pentsa burua galdu dudala…[…]
Soinean dudanarekin ehortz nazazue, baina ez ahaztu patrikan sartzea Bresteko gotorlekuaren defendatzaile txartela, gure ondokoek ikus dezaten. Heroiak izan ginen eta miserian hiltzen gara. Ondo doakizuela guztioi eta ez sufritu guztien izenean honako aldarri hau egiten duen tartariar bategatik: “Hiltzen naiz, baina ez dut amore ematen. Adio, ene aberria! (252)
Gatozen Zinatoven andrearengana. Zer kontatu zion senarraz S. Aleksievitx idazleari?
Gogoan dudana ez da asko. Inoiz ez zitzaion etxea, familia, interesatu. Bresteko gotorlekuan baino ez zuen pentsatzen…Inoiz ez zuen gerra ahaztu…Umeei erakutsi zien Lenin gizon ona zela eta gurea komunismoa eraikitzea zela. Behin lanetik eskuan egunkari bat zuela iritsi zen: “Obra handi batean esku hartuko dugu, aberriak deitzen digu” esan zuen. Artean gure umeak txikiak ziren, baina kontsigna martxan jartzea zen, eta kito. Agindua aberriak ematen zigun. Eta hala sartu ginen Baikal lakuaren eta Amur ibaiaren arteko burdinbidea eraikitzeko lanean. Komunismoa eraikitzera! […] Gure fede guztia botere sobietarrean jarria genuen. Gure arima guztiarekin fio ginen hartaz! Eta hantxe zahartu ginen. Gero perestroika hau eta glasnosta [sistema politikoaren liberalizazioa] iritsi ziren. Eguna irratia entzuten igarotzen genuen. Komunismoa amaitu zen. Non dago komunismo hura? Komunistarik ere ez dago…ez dago gobernatzen gaituztenei ulertuko dienik. Gaidarrek herri hau lapurtu du…toki guztietan eskaleak daude…fabriketan lapurtzen dute eta granja kolektiboetan lapurtzen dute…mundu guztiak ahal duena lapurtzen du…eta hala jarraitzen dute bizitzen…eta nire senarra lainoetan bizi zen…[…] Gauak ohean etzanda ematen zituen, begiak zabalik. Isilik. Zerbait esaten nion eta ez zuen erantzuten. Egun batean guri hitz egiteari utzi zion. Asko sufritzen zuen. Herriarengatik sufritzen zuen, ez guregatik. Halakoxea zen bera. Ni nazkatua nengoen! […]
Eta egun batean baratzera joan zen, patatak atera zituen. Etxera itzuli zen, berogarriak jantzi zituen eta bere gotorlekura joan zen. Besterik ez bada, bazeukan guri ohar bat uztea! Gobernuari eta guri arrotz zaizkigunei idatzi zien. Eta guri deus ez, hitz bakar bat ere ez… (280-281).
Moscun zeukan hiru gelako etxebizitza, oinordetzan, Alderdi Komunistari utzi zion. Ohar hau erantsi zion testamentuari: “Alderdi Komunistaren premietarako, zeini zor diodan naizen guztia””; eta Aleksievitx idazlearen iritzian, testigantza horrek gizabanako baten historia partikularra baino gehiago garai batena jasotzen du (249-250).
Gerrak ez ziren 1992an amaitu, eta hor jarraitzen dute, ideologia eta/edo interes konkretu batzuek xaxaturik, eta ez ditugu urrun!