Wikileaks-eko sortzaile Julian Assangek adierazi du preso politikoa dela kazetaritza egiteagaitik

Espetxetik irten ostean lehen aldiz mintzatu da publikoki Wikileakseko sortzailea. Europako Kontseiluko Asanbleak bihar Assange preso politiko izendatzeko bozkatuko du.

*Mikel Garcia Martikorena / BERRIA (berria.eus)

«Aske naiz nire burua kazetaritza egiteagatik erruduntzat jo dudalako, ez sistema ondo dabilelako», azpimarratu du Wikileakseko sortzaile Julian Assangek. Iragan ekainean Erresuma Batuko espetxe batetik atera zenetik lehen aldiz egin du agerraldi publiko bat Assangek, gaur, Europako Kontseiluan. Ordu eta erdiko hitzaldia eman du, eta, bertan bere espetxealdiaren eta aske geratzearen arrazoiak azaldu ditu: «Preso politiko bat naiz. AEBek [Ameriketako Estatu Batuek] espioitza eta informatikoki bidegabe aritzea leporatu didate, baina nik kazetaritza egin dut soilik».

«Nire burua erruduntzat jo nuen iturri batetik informazioa bilatzeagatik. Nire burua erruduntzat jo nuen iturri batetik informazioa lortzeagatik, eta nire burua erruduntzat jo nuen informazio hori jendeari emateagatik. Ez dut nire burua beste ezergatik jo erruduntzat». Hitz horiek erabili ditu kazetariak bere burua defendatzeko eta AEBek leporatutako karguak ezeztatzeko. AEBekin akordio bat sinatu du aurten espetxetik atera ahal izateko. Hitzartutako hori dela eta haren kasuko xehetasunak ezin dituela ezagutu salatu du. Eta gaitzetsi du CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentrala «zigor gabe» gelditzea haren aurka egindakoagatik eta jasanarazi dion jazarpenarengatik

Assange ez da aske egon 2012tik aurtengo ekainera arte; lehenengo Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan babes dipomatikoa jaso zuelako eta bertan egon zelako ezkutaturik, eta, 2019tik, Erresuma Batuko espetxe batean egon delako gatibu, AEBen estradizio eskaera baten zain. AEBek Assange epaitu nahi zuten 2010ean Wikileaksek argitaratutako zenbait informazioren harira. AEBetako armadaren milaka dokumentu sekretu kaleratu zituen: Chelsea Manning AEBetako soldaduak emandako dokumentuak ziren horiek; bertan, Irakeko eta Afganistango gerretan AEBetako armadak egindako gehiegikeriak azaltzen dira.

Europako Kontseiluan mintzatu izana ez da kasualitatea izan. Izan ere, 46 kideko talde horrek bihar bozketa bidez erabakiko du Assange «preso politiko» izendatzen duen edo ez. Islandiak proposatutako testua dela eta egin du agerraldia Wikileakseko sortzaileak. Testuak, ekintzailea espetxeratu izanak munduko beste kazetarien artean izan dezakeen «disuazio efektua» gaitzesten du. Zentzu horretan, Assangek nabarmendu du kazetariak «egiaren aldeko ekintzaileak» izan behar direla.

Beste Wikileaks bat

Assangekin batera Stella bere emaztea ere egon da agerraldian. Ekintzailea da hura, eta kazetariek galdetu diote ea Assangek 2006an abiatutako Wikileaks bezalako beste proiekturen bat egiteko asmoa duen. Berak, ordea, ez ditu galdera horiek erantzun.

Wikileakseko sortzaileak ere ez du baieztatu kazetari gisa lan egiten jarraituko ote duen; haren hitzetan, orain aske bizitzera ohitu behar da: «Aita bat izateko momentua da orain, senar bat».