Errusia, erakargarria munduan

«Afrikaren eta Errusiaren arteko harremanak ezin dira inolaz ere alderatu herrialde inperializatu baten eta herrialde inperialistaren arteko harremanekin. Elkarrekiko harremanak ehundu dituzte, berdinen arteko harremanak. Bi aldeak bizirauteko ari dira, elkarrekin aliatu ezean zapalduak izanen direla ongi dakitelako.»

*Joan Mari Beloki Kortexarena / ZUZEU (zuzeu.es)

ZUZEU webgunean ere, “Mendebalde” deituriko leku guztietan bezala, errusofobia antzematen da. Oso zabalduta dagoen fenomenoa baita. Gaitza dei diezaiokegu. Gaitza, birusak barru-barrutik eragiten digun bezala, errusofobiak erraietatik egiten baitigu kalte. Kasu gehienetan, errusofobia ez da arrazoi eta argudioetan oinarritzen den zerbait, sentsazio eta sentimenduetan baizik. Beste modu batera esanda, irrazionala da.

Sistemak komunikabideen bitartez gure baitan txertatu digun birus honek egiten digun kalteari aurre egiteko, Russia Today telebistaren AHI LES VA! programaren atal bat ekarri nahi izan dugu hona. Programa honetan Iñaki Gil de San Vicente donostiarra eta Atilio Borón argentinarra mintzo dira, munduko ezkertiar askoren artean Errusia zergatik dagoen ongi ikusita azaltzeko asmotan. 17 minutu irauten duen bideo hau botika ona izan daiteke errusofobia gaitzak jota daudenentzat. Ontzi txiki honetan dauden pilula garrantzitsuenak hauek izan daitezke:

* Errusia ongi ikusia izateko lehen argudioa ezaguna bezain argia da: Errusiak egin zuen munduan izan den lehen iraultza sozialista, iraultza sobietarra. Planeta osoan sortu zen atxikimendu erraldoi haren arrasto handia geratzen da oraindik gaur egun. 90 urtez iraun zuen iraultza sobietarra galtzean belaunaldi batzuk ulertu dute zerbait garrantzitsua galdu genuela denok. “Mendebaldeak” ez baitu Errusia bakarrik mendean hartu nahi, subiranotasuna bilatzen duten guztiak baizik, horretarako erresistentzia egiten duten herriak zapalduz.

* Errusiak hartu zuen mendean Europan bortizki hedatu zen faxismoa, askatasunari eta eskubideei ate berriak zabalduz eta II. Mundu Gudari amaiera emanez.

* Egun geoestrategikoki Errusia da AEBen eta Europako haien morroien eraso bortitzaren jomuga nagusia. Hortaz, gaur inperialismoaren aurkako eragile nagusitzat hartua da Errusia eta atxikimendu handia sortzen du planeta osoan.

* Errusia Iñakik estatu burges subirano gisa definitzen du, bere independentzia sutsuki defendatzen duena eta bere barruan eta mundu osoan klaseen arteko indar oreka lortzen saiatzen dena.

* Atiliok dio Errusia kapitalista izan arren, iraultza sozialistaren garaiko konkista asko mantentzen duela: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, garraioa… herritar guztientzako eskubide gisa. AEBetan dirurik ez duen gaixoa hil egiten den bitartean, Errusian behar duen arreta ziurtatua du.

* Errusian garrantzi handia dute tradizioek eta kulturak. Errusiako sistema oso errusiar erakoa da, desberdina. “Mendebaldetik” ulertzen zaila.

* Errusiako Gobernua “Mendebaldeko” eskuinarekin parekatu nahi duena akats izugarria egiten ari da analisian.

* Eta Errusia inperialista izatearen akusazioaren aurrean, zer?:

Atilio Borón: ezezko biribila. Errusiak ez dauka base militarrik munduan barreiatuta. Hortaz gain, Gobernuak herriaren babesa du eta, orobat, BRICS eta multipolaritate osoarena. Errusiak ez zuen inoiz koloniarik izan Afrikan. Errusiak ez zituen errusiarrak bidali afrikarrak ehizatzera. Errusiak ez zuen inoiz lurrik konkistatu, ez zuen inoiz koloniarik antolatu. Beraz, desberdintasuna handia da Europako beste herrialdeek egindakoarekin alderatuta.

Iñaki Gil de San Vicente: Errusia Afrikara hurbiltzen denean herri sinpatiaz hartua da, Sobiet Batasuna, Kubaren antzera, Afrikako deskolonizazio eta eskubideen aurrerapenean erabakigarria izan zelako. Eta laguntza diplomatiko, ekonomiko eta tekniko handia eman zuen kolonialismoaren aurka. Horrek sinpatia izugarria utzi zuen Afrikako herrialde askotan. Afrikaren eta Errusiaren arteko harremanak ezin dira inolaz ere alderatu herrialde inperializatu baten eta herrialde inperialistaren arteko harremanekin. Elkarrekiko harremanak ehundu dituzte, berdinen arteko harremanak. Bi aldeak bizirauteko ari dira, elkarrekin aliatu ezean zapalduak izanen direla ongi dakitelako. Afrikar hauek aurrez erasoak jasan dituzten herrialdeak dira, “Mendebaldearen” inperialismoak gauzatuak.