Caracasen egin berri den faxismoaren aurkako kongresua dela eta Askapena erakunde internazionalistaren irakurketa

«…faxismoaren helburua ez da Venezuela bakarrik, ezta Palestina, Donbass edo gobernu ultraeskuindarren menpeko herriak (Argentina kasu) ere: munduko herri guztiak gara faxismoaren jomuga. Mehatxua gizateria osoaren kontrakoa da.»

Irailaren 10ean eta 11n, Caracasen, faxismoaren, neofaxismoaren eta antzeko adierazpenen kontrako nazioarteko kongresua egin da. 95 herritatik heldutako 1.200 ordezkari bildu gara topaketa honetan, baita Askapena ere. Bi egunetan zehar chavismoaren liderren hitzaldiak egon dira; besteak beste, Delcy Rodriguezek, Jorge Rodriguezek, Diosdado Cabellok eta Nicolas Madurok hartu dute hitza. Faxismoari lotutako alderdi anitz landu dira eta faxismoari aurre nola egin mahaigaineratzeko ponentzia asko aurkeztu dira. Areago, mugimendu eta erakundeen arteko harremanak estutzeko gunea ere izan da. Herri venezolarraren borrokan salbuespena ez den krisi une betean, erasoaldi garai honetan, kongresua indar erakustaldia izan da, nahiz eta kapitalismoaren hedabideak hori ezkutatzen saiatu diren. Ultraeskuinaren planak porrot egin du Venezuelako hauteslekuetan, kaleetan eta jendartean; orain, presioa kanpotik dator nagusiki. Venezuelako ultraeskuinaren ahultasun politiko eta sozialaren aurrean, chavismoak indar handia erakutsi du aste hauetan. Alde horretatik, kongresua beste elementu garrantzitsu bat izan da.

Kongresuaren beste asmoetako bat izan da munduan zabaltzen ari den faxismoaren aurkako borrokak koordinatzen saiatzea; izan ere, faxismoa inperialismoaren fase gorenari dagokio. Faxismoaren bitartez, kapitalismoak irabazi tasaren jaitsierari, bere barne kontraesanei, krisiei eta herrien erresistentziari aurre egin nahi die. Hain zuzen ere, horixe baita intenbide zuzenena eta bortitzena, nahiz eta kasu batzuetan faxismoa demokrazia burgesaren hauteskundeen bidez iristen den botere politikora. Etorkizun hurbilean zehaztuko da koordinazio hori, nahiko zalantza plazaratzen dituen erronka handi horretan.

Inperialismoa munduko hainbat gunetan eraso egiten ari bada ere (Gazakoak izan du oihartzun handiena Kongresuan, basatiena izanagatik), Venezuelako prozesua hasieratik izan da inperialismoaren jomuga. Abya Yala – Latinoamerika ezinbestekoa da inperialismo yankiarentzat: argi utzi zuten hori, duela bi mende, Monroe Doktrinarekin. Yankien “bizi-espazioa” da, nazientzat Europako ekialdea zen modu berean. Eta Venezuelak, horri aurre eginez, abangoardia eginkizuna dauka, bere baliabide naturalak defendatzeagatik, bere subiranotasuna era eraginkorrean erabiltzeagatik eta zonaldeko herrien integrazioa bultzatzeagatik.

Etengabeko gerra hibridoa areagotu egin da uztailaren 28ko hauteskundeen ostean. Chavistek salatzen dutenez, ultraeskuina ez zen aurkeztu hauteskundeak irabazteko, baizik eta, hauteskundeak erabiliz, krisi larri bat eragiteko. Venezuela muturreko egoerara eraman nahi izan dute gobernu chavista irabazlea boteretik kentzeko. Horretarako, sabotajeak (hauteskundeetako emaitzen transmisio kanalak eta elektrizitatea mozteko), manipulazioa, sare sozialetan bereziki gazteei zuzendutako gorroto mezuak, indarkeria eta kaosa sortzeko saiakerak erabili dituzte.

Kongresua erantzun bat gehiago izan da azken saiakera faxista honen ostean eta inperialismo yankiaren nahiz beste nazioarteko erakunde edo gobernu lekaioen erasoaren aurrean (non beren burua progresistatzat duten hainbat gobernu, alderdi eta pertsona ospetsu alfonbra gorria jartzen ari diren inperialismoaren planei). Bost kontinenteetatik heldutako ordezkariek gorpuztu dute ekitaldia, mezu argi bat jakinarazteko bai Venezuelako jendarteari, bai munduari, bai prozesu chavistarekiko solidarioak diren mugimenduei, bai prozesuaren etsaiei, baita beren burua ezkertiartzat duten gobernu eta alderdiei ere: Venezuelan inperialismoak ez duela aurrera egingo eta, faxismoaren aurrean, munduko antifaxistak batuta agertuko garela Venezuela defendatzeko.

Kongresuan, Venezuelako agintariek Faxismoaren kontrako Internazionala martxan jartzea proposatu dute. Izan ere, faxismoaren helburua ez da Venezuela bakarrik, ezta Palestina, Donbass edo gobernu ultraeskuindarren menpeko herriak (Argentina kasu) ere: munduko herri guztiak gara faxismoaren jomuga. Mehatxua gizateria osoaren kontrakoa da.

Faxismoaren fenomenoa nazioartekoa dela ulertzeko, Europako gizarteetan hedatzen ari den faxistizazio prozesu orokortuari begiratu besterik ez diogu. Hain zuzen ere, hainbat formatan ikusten da faxistizazioa:

  • Alderdi politiko erreakzionario eta faxisten gorakada (“zibilizazio gerra” bati ekitearekin mehatxatzen dutenena);
  • Europako agintariek areagotutako erasoaldi inperialista eta erretorika supremazista (Afrikako iparraldea, Sahel eta Europako Ekialdea haien “atzeko patiotzat” dituztenena);
  • Diskurtso belizista, ekonomiaren militarizazioa eta ideologia militaristaren hedapena gizarte osora;
  • Faxismo sozialaren areagotzea (pobreen eta etorkinen aurkako gerran islatzen dena, desagerrarazi beharreko “barne etsaitzat” joz).
  • Zentsura, errepresioa eta langile klasearen eskubide politikoen murrizketak…

Eta, horiekin guztiekin batera, beste hainbat diskurtso, praktika eta estrategia faxista, Europako burgesiari bere “balio europarren” mozorro hipokrita erorarazi diotenak. Europako burgesiak, beste behin ere, faxismoari heldu dio, kapitalismoaren sorreratik beti ondoan izan duen eta osatu duen kidea: kapital finantzarioaren diktadura eta krisi kapitalistaren forma politiko autoritarioa.

Horren guztiaren aurrean, guk argi daukagu zein diren Europako eta munduko proletarioen eta herri langileen zereginak: faxismoaren aurka borrokatzea, bere forma eta adierazpen guztiei aurre egitea; NATOren gerra inperialistari eta militarismoari aurre egin; eta klase kontzientzia eta kontzientzia internazionalista hedatzea, burgesiak sustatutako gerra (gerra inperialista eta pobreen aurkako gerra) klase gerra bihurtzeko.

Faxismoaren aurrean, internazionalismoa eta klase elkartasuna!

Prozesu bolivartarraren defentsan, Palestinaren defentsan, munduko herri langileon defentsan, Euskal Herria ere antifaxista!

Euskal Herria, 2024ko irailaren 16a