Ukrainako Azov Batailoi faxistak errekrutatze-bira bati ekin dio uztailean Europan

*GEDAR Langile kazeta

Ukrainako Azov Batailoi faxista inpunitate osoz ari da Europan bira bat egiten, Europar Batasunak ez baitu finantziazio militar bidez soilik esku hartzen Ukrainako gerran. Azov Batailoiaren borroka-taldeko (Ukrainako Armadaren Erasoko 3. Brigada Banandua deiturikoa) hainbat kide ari dira kanpainan parte hartzen, besteak beste, Zu ere batu zaitezke lelopean. Halaxe dio birako hitzaldi baterako gonbidapenak: «Etor zaitez eta ezagutu itzazu Bajmut, Avdiivka eta Jarkovko eskualdeko borroketako benetako borrokalariak».

Faxista ukrainarrek uztailaren 21ean ekin zioten kanpainari, Europako hainbat herrialdetatik igarotzeko asmoz. Helburuak argiak dira: faxisten aldeko propaganda egitea eta Azov Batailoia ezagutzera ematea, Errusiaren kontra egiten ari diren gerrarako finantziazioa lortzen segitzea, eta gerrarako soldaduak errekrutatzea.

Biran zehar hainbat geldialdi antolatu dituzte faxistek. Esaterako, Berlin (Alemania), Hanburgo (Alemania), Varsovia (Polonia), Wroclaw (Polonia), Praga (Txekiar Errepublika), Vilnius (Lituania), Rotterdam (Herbehereak) eta Brusela (Belgika) bisitatzeko asmoz prestatu zuten kanpaina.

Hedapenaren bila nazioartean

Berlinen, adibidez, «fronteko istoriorik epikoenak» ezagutzeko hitzaldi bat eskaini zuten faxistek 20 euroren truke, eta berdin egin zuten Hanburgon, 15 euroren truke. Azov Batailoiaren arabera, berebiziko garrantzia dauka «atzerriko zaleekin topatzeak». Ukrainako gerrara batzen ez direnei, dei egin diete nazioartean beste lan batzuk egitera; «tokian toki ekimenak» antolatzera, hala nola.

Zabalpen lan horri egin diote azpimarra naziek, abisu bat emanda: «Gure jendea leku guztietan dago». Alemaniako Magdeburgo hirian, esate baterako, adar propio bat dauka Ukrainako Centuria antolakundeak. Ukrainako Armadaren Erasoko 3. Brigada Bananduak barne hartzen du Centuriaren adar militarra.

Faxismoaren ikur

Andrij Bilezkij faxista ezagunak gidatzen du lehen aipatutako borroka-unitatea, Ukrainako Armadaren Erasoko 3. Brigada Banandua. Talde horrek sarri eta harrotasunez aurkeztu du bere burua Ukrainako Armada Matxinatuaren (UPA) oinordeko modura. Ukrainako Nazionalisten Antolakundearen (OUN) adar militarra zen UPA, eta besoz beso jardun zuen faxismoarekin Sobietar Batasunaren kontrako gerran eta Holokaustoan.

Alemania naziaren heroi faxistak eta ikurrak goresten ditu Azov Batailoiko unitate horrek. Bere sinbologiak oinarritzat ditu, besteak beste, Alemaniako Waffen-SS indar faxisten ikurrak.