«Sare sozialetan, ordaintzaileen ekintza edo ideiei aurka egiten dien inork ez dio ihes egiten soldatapeko gorrotatzaileen amorruari. Horretarako, CIAren kutxa erregistratzaileak ez du mugarik, ezta bere mertzenarioen maltzurkeriak zein krudelkeriak ere.»
Raul Antonio Capotek: «Informazioa Big Dataren bidez lortzen da lan subertsiboetan erabiltzeko, bereziki mikro-segmentazioaren bidez, ahalbidetzen duena auzo, familia eta pertsona bakoitzaren kezkak esplotatzea.»
Kote Camacho Itzultzailearen oharra: Orain bazter guztietan datuak metatzen ari garela, komeni da gogoratzea, munduko bazter guztietan bezalaxe, gurean ere ez dela falta mekanismo ilun horretan diharduen ziber-sikariorik. Gurean honezkero identifikatua dugu baten bat —lehengusu gorrotozale ezagun hori, batik bat—. Interes ezberdinengatik, izan beren posizioa bermatzeko, izan dena delakoagatik, argi dagoena da herri xumearen adierazpena suntsitzeko mekanismo hau erabiltzen dutela bortizki eta ezkutuan, Estatuaren eta botere kapitalista eta zapaltzailearen mesedetan, eta batez ere kontuan hartzeko: oso era eraginkorrean. Independentea baino hedabide ezagunagoetan ere, Euskal Herrian, bai, badira egoera hau bide pribatuetatik jakinarazten diguten idazle eta kazetari profesionalak, mehatxu handiaren menpe dabiltzanak, lerrotik ezin atera. Adieraztera ausartzen direna beti izaten da muga gainditu gabekoa, hau da, gorroto arma latz horiek uzten dieten mugen arteko eremukoa, oso tarte estua izan daitekeena. Edo nulua, herriarentzat bereziki estrategikoak liratekeen gaietan. Batzuk tamalez ondoegi ohartu gara egoeraz, eta horretaz oso gutxi hitz egiten dela iruditzen zaigu, gutxiegi gure egunerokoan duen erabateko eraginerako. Egoera horri aurre egin nahian sortu genuen Independentea eta, hasteko, arma hauen mekanismoak ulertzeko behintzat balio izan digu, ez da gutxi. Zauriak oraindik irekiak ditugula, gainera berriz erasotuak izateko kezkarekin, oraindik ere gaiari eutsi nahi diogu, oraindik ahal dugulako. Merezi duelako, ondoren dakarkizuegu Kubako gobernuak arazo latz honi buruz argitaratutako artikulua, 2021-05-11n —hain zuzen ziber-jazarpenagatik Independentea.eus sasoi batez itxi behar izan genuenekoa— Raul Antonio Capote idazleak sinatua: “La CIA y el odio como arma en las redes sociales”
CIA eta gorrotoa arma bezala sare sozialetan
Informazioa Big Dataren bidez lortzen da lan subertsiboetan erabiltzeko, bereziki mikro-segmentazioaren bidez, ahalbidetzen duena auzo, familia eta pertsona bakoitzaren kezkak esplotatzea.
CIAren edo Amerikako Estatu Batuetako Central Intelligence Agency-ren Jarduera Berezietarako sailak Ekintza Politikorako Talde bat dauka (PAG), eta horrek egiten ditu, beste misio batzuen artean, Big Datan oinarritutako analisiak, intereseko subjektuen profilak prozesatuz eta Interneteko Lan Taldeari bidaltzen dizkion ekintza planak landuz; talde hori arduratzen da obra gauzatzeaz.
Informazioa Big Dataren bidez lortzen da eta lan subertsiboetarako erabil daiteke, horrela lortuz indarrak hobeto antolatuta eta mobilizatuta egotea helburu zehatz bat betetzeko eta, bereziki, publikoaren mikrosegmentazioaren bidez, esplotatu egin daitezke auzo, familia eta pertsona bakoitzaren kezkak, modu partikular eta espezifikoan.
Etsaiaren analistek jendearen azpi-ezaugarriak aurreikusteko ereduak eraiki ditzakete, besteak beste, joera politikoak, sexualak, ingurukoengan duzun konfiantza maila, harremanen sendotasuna… Hau guztia erabiltzaileok sareetan ematen dugun informazioari esker.
2018ko otsailean, Donald Trumpen aginduz, Kubarako Internet Lantaldea edo Kubako Subertsiorako Internet Lantaldea deiturikoa sortu zen, CIAren menpe.
Lantalde horrek kontratatzen ditu Kubaren aurkako kanpainak sustatzeko netcenter deiturikoak, hamarnaka ziber-hiltzaile biltzen dituzten adituak kontratatuz. Beren beste lan batzuk dira, besteak beste, plataforma eta hedabide kontrairaultzaileen koordinazioa eta irlan laguntzaileak bilatzea.
Ziberespazioan bada beste izaki zeken beldurgarri bat: gorrotatzailea (ingelesez “hater“). Sare sozialetan beste batzuen jazarpena burutzen duenaren izena da. Gorrotatzaileek jendearen ezaugarri fisiko, sexual, arrazial, erlijioso edo ideologikoak erabiliz jazartzen dute, jazarrien beldur, ahulgune eta minez baliatuta. Baten batzuek denbora pasatzeko egiten dute, beste batzuek bekaitz edo ezinikusi hutsarengatik, baina tartean badira benetako mertzenarioak, pertsonen aurkako difamazio eta suntsitzeak burutzeko kontratatuak. Horregatik esaten zaie ziber-hiltzaile.
Pertsonaien ospe erailketa, edo erailketa zibila deiturikoa, inteligentzia agentziek inperioaren etsaiak suntsitzeko erabilitako armetako bat da.
Ziber-hiltzaileek erasoaren subjektuak babesik gabe sentitzea bilatzen dute, egoeraren kontrolik gabe; biktimak beren buruaren alferrikako defentsan agortzea; eta, batzuetan, jazarlearengandik ahalik eta gehien urruntzeko, bakartzea. Helburua da biktima behartzea bere burua publikoki justifikatzera eta autozentsuratzera, eta horrek ez ditu nahitaez erasoak amaitzen; kontrara, gorakada bat ere eragin dezake.
Sarri, jazarriari mezu iraingarriak, laidozkoak eta oso beldurgarriak bidaltzen dizkiote, baita kalte-mehatxuak ere, jazarriari bere segurtasunarekiko beldurra eraginez; inoren izen ona zapuzteko zurrumurruak zabaltzen dituzte; material digitalak, argazkiak, grabatutako elkarrizketak, mezu elektronikoak manipulatzen dituzte; nortasuna ordezkatzeko pasahitzak lapurtzen dituzte; biktimei buruzko albiste faltsuak eta “esamesa” krudelak zabaldu; eta estortsio ekonomikoa egiten saiatzen dira… Ez dago muga etikorik CIAren mertzenarioentzat.
Jazarle antolatuek ekintza zibernetikoan elkarlanean parte hartzen dutenean, mobbing esaten zaio. Hori Kubako internauten aurka erabiltzen da, batez ere figura publikoen aurka. Task Forcerentzat lanean diharduten Estatu Batuen gerra psikologikorako laborategietan planifikatu eta programatutako erasoetan ehunka troll, sikario digital eta ziber-mertzenariok hartzen dute parte, denak CIAk trebatuak eta ordainduak.
Lider iraultzaile, kazetari, artista, musikari eta herrialdeko bizitza sozial, kultural eta politikoko hainbat arlotako pertsona ezagunek jasan dituzte eraso gogorrak.
Sare sozialetan, ordaintzaileen ekintza edo ideiei aurka egiten dien inork ez dio ihes egiten soldatapeko gorrotatzaileen amorruari. Horretarako, CIAren kutxa erregistratzaileak ez du mugarik, ezta bere mertzenarioen maltzurkeriak zein krudelkeriak ere.