*Hedoi Etxarte / BERRIA
Akats estrategiko bat iruditu zitzaidan 2015ean Gasteizen autobus geltoki berria eraikitzean kendutako Lauaxetaren soinaren eskultura jatorrizko tokitik hainbeste aldendu zutenean. Lakuatik karmeldarren komentura eraman zuten, trenbideen magalera. Lauaxetaren omenezko eskulturak nonbaiten tokia izatekotan Santsomendin behar zuen. Federico García Lorca gehien estimatzen duten auzoa delako hura, ez noski Guardia Zibilaren kuartelean, baizik eta ijitoak bizi diren Blas Lopez ohiaren etxe marroien inguruan.
Berriki, Gasteizen abuztuko egun euritsu batean, faxistek Lauaxeta preso izan zuten tokitik gertu genbiltzala jabetu nintzen ezusteko lotura arin batez. García Lorcaren olerki ezagunena Lauaxetak Ilgo banaz, itxi zabalik txeigua itzuli zuen (eta poeta andaluzari bidali), Bitoriano Gandiagak Hil banadi, utz balkoia zabalik gisa itzuli zuen eta Xabi Strubellek, Zuraren aurreneko disko mikatz hartan, Hilko banaiz, balkoia zabalik utzi abestu (beti iruditu zait oso enigmatikoa Stravinskiren Udaberriaren sagarreratzea-ren oboea entzutea, samplerrean, abesti hartan).
Lauaxetaren soina ikusi eta Israelgo armadak joan den abenduan hil zuen Gazako Unibertsitateko ingeles literaturako irakasle Refaat Alareer-en olerkia etorri zitzaidan gogora: «Hilko banaiz/ bizi behar zarete/ nire istorioa kontatzeko/ nire gauzak saltzeko/ arropa puska bat erosteko/ eta soka batzuk,/ (egizue zuria isats luze batekin)/ eta horrela haur batek, Gazan nonbait/ […] ikusiko du kometa, zuk egindako nire kometa, gorantz hegan/ eta pentsatuko du une batez aingeru bat dagoela hor/ maitasuna ekartzen/ Hilko banaiz/ ekar dezala itxaropena/ izan dadila ipuin bat».
Israelgo armadak milaka lagun hil, mutilatu eta zauritu ditu Refaat Alareer hil zuenetik, unibertsitateak, eskolak eta liburutegiak suntsitu ditu. Badakit orain fikzio ariketa ia fribolo bat dela, baina Israelek palestinarren bat bizirik uzten badu, nork daki nola gogoratuko dituzten hildako milakakoak, ze politika egingo duten idazleen eskulturekin.