«…belaunaldi berriek «Guernica» Gernikara aldarrikapenari jarraipena eman behar diote, faxismoari gerra egiteko beste modu bat ere badelako, herrien askatasuna eta justizia defendatzeaz gain.»
1981eko irailaren 10ean, ‘Guernica’ margolan sinbolikoa Madrilera eraman zuten. Efemeride horren harira, koadroa Gernikara itzultzeko aldarriaren ibilbidea gogoratu eta herrien askatasunaren defentsaren ikono gisa duen proiekzioa nabarmendu du Sabin Ibazeta Lertxundi Gernika Batzordeko kideak, belaunaldi berriak interpelatuz. / ARTEFAKTUA-GARA (naiz.eus)
‘Guernica’ artelan bat baino gehiago da. Batetik, Euskal Herriko hainbat etxetako ikur ezkutua izan da, identitate seinalea, faxismoaren aurkako garrasia… Bestetik, interes politiko eta ekonomiko zikoitzen eredu eta bahitu politikoa. Artelan bidaiaria, bada, azken hegaldiaren zain dago. Hauxe da «’Guernica’ Gernikara» aldarriaren kronika.
Sortzetik, Gernika Batzordearen ardatzetako bat da «Guernica Gernikara» aldarrikapena. Taldeak, bere ibilbide luzean, aldarrikapen horrekin lotutako hainbat ekimen bultzatu ditu. Honatx laburpena: Gernika Batzordea 1975ean sortu zen eta lau irizpide zehaztu zituen: «Gernika, kulturaren hiria»; «Guernica Gernikara» aldarrikapena; artxibo militarrak zabaltzea; eta bonbardaketaren erantzukizunak eskatzea.
Urte bat geroago, «Guernica Gernikara» aldarrikapenarekin lotuta mahai-inguruak egin ziren, ekonomialariekin, kostuak aztertzeko, eta artistekin, Gernika-Lumoren kokapena aztertzeko, Luis Peña Ganchegi tartean zela.
Roland Dumas Estatu frantseseko lehen ministro eta Picassoren testamentu-bateratzailearekin, Jaqueline Roque artistaren emaztearekin eta Paloma Ruiz Picasso y Gillot margolariaren alabarekin ere elkarrizketak izan zituzten. Alabak begi onez ikusi zuen proposamena, baina frankismoaren zuritze-makinak indar handia zuen.
1979 eta 1981 urteen artean, Bizkaiko Batzar Nagusietan kultura batzordea sortu zen, Busturialde osoko garapenaz arduratzeko asmoarekin. Horrela, mozio bat onartu zuten, non ‘Guernica’-k Gernikan behar zuela aldarrikatzen zen.
1980an, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak Gernika-Lumon ‘Guernica’ hartuko zuen museo bat eraikitzeko lehiaketa bat antolatu zuten. Estatu espainoleko arkitektoen onespenik ez zuen jaso, beraz, lehiaketa nazioartera zabaldu zen.
‘Guernica’ koadroa 1981eko irailaren 10ean heldu zen Espainiara. Gernika Batzordeak kanpaina zehatz bat egin zuen, «Klin-klan-klon» izenekoa. Koadroa ekartzeko zirenean, hainbat tresna eskegi ziren Euskal Herriko mendietan zarata egiteko. Horrez gain, parodiak egin ziren, koadroaren bertsioak, pintadak…
Kanpainak jendea «isilpetik» ateratzeko eta elkartasuna lortzeko balio izan zuen. Pintore errepublikanoak margotutako koadroa guardia zibilek «kustodiatuta» jaitsi zen hegazkinetik, handik gutxira monarka baten izena duen museoan sartzeko.
Picassok agindu zuen koadroa Espainiara itzultzeko baldintza «askatasun publikoak berreskuratzea» zela. Argi dago Espainiako demokraziaren «akta fundazionala» bihurtu zela koadroa. Frankisten garaipena izan zen eta horien ondorengoen ‘legitimazio’ demokratikoa ekarri zuen.
2021ean, La Caixak eta Reina Sofia Museoak erakusketa ibiltaria jarri zuten martxan, koadroaren 80. urteurrenaren harira. Gernika-Lumora etorri zenean, Gernika Batzordeak deialdia egin zuen aurrean jarri eta «Guernica Gernikara» aldarrikatzeko.
Koadroaren osasuna aitzakia besterik ez da
Sedano Txostenak aitzakiak besterik ez ditu jartzen Euskal Herriratzea gertatu ez dadin. Arrazoi politikoak eta ez teknikoak azaltzen ditu, ezen koadroa heldu eta hilabete gutxira Pedro Miguel Zugaza Prado Museoko zuzendariak Toledon dagoen Armada espainolaren museora eramatea eskatu baitzuen. Geroago, Cason del Buen Retirotik Reina Sofia museora eraman zen. 400 metroko bidaia egitea edo 400 kilometrokoa egitea berdin da kasu horretan.
Aldarrikapena indartzeko zenbait irudi daude Gernika-Lumon. Anbulatorio ondoko zeramikazko horma-irudia, Gernikako Institutuan dagoen euskal pintoreek (1995ean) egindako bertsioa eta Askatasunaren Ontzidian 2010ean Palestinara bidali nahi izan zen euskal pintoreek egindako bertsioa.
«Guernica Gernikara» lekualdatzeko aldarriarekin jarraitzen dugu, ahalegin kolektibo, instituzional eta popularrak berpiztuz. Belaunaldi berriek bere egin behar dute kausa hau. ‘Guernica’-k ez du bere esangura eta salaketa-indarra galtzen, zoritxarrez Gernika asko baitaude munduan. Beraz, memoriaren aldeko borroka baino ekintza modernoagorik, «gazteagorik» ez dago, eta Gernika Batzordeak uste du belaunaldi berriek aldarrikapen honi jarraipena eman behar diotela, faxismoari gerra egiteko beste modu bat ere badelako, herrien askatasuna eta justizia defendatzeaz gain.