Pablo Gonzalez kriminalizatzen jarraitzen dute, bere kontrako frogarik ez izan arren

«Kazetaria bi urte eta erdiz izan dute Polonian preso, eta bertan jasandako torturen berri eman du. Aske geratu denera arte, ez ditu bere aurkako karguak aurkeztu Poloniak, baina frogarik erakutsi gabe segitzen du. Gonzalez kriminalizatzen jarraitzen dute hamaika komunikabidek, tartean EITBk.»

*GEDAR Langile kazeta (gedar.eus)

Pablo Gonzalez kazetaria abuztuaren hasieran utzi zuten aske, Mendebaldeko hainbat herrialderen eta Errusiaren arteko itun baten barruan. Besteak beste, preso zituzten hainbat pertsona aske geratzea jasotzen zuen akordioak. Gonzalez Polonian eduki dute gatibu bi urte eta erdiz, «prebentziozko» kartzelaldian.

2022ko otsailean atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek. Kazetari modura, Ukrainako gerraren ondorioen berri ematen ari zen une horretan, Polonia eta Ukraina bereizten dituen mugatik gertu. Errusiaren alde espioi modura aritzea leporatu zioten, baina orain arte ez dute aurkeztu bere kontrako kargu formalik, ez eta frogarik ere.

Prozesu iluna: ez akusaziorik, ez frogarik

Aske geratzean, eta aurretik bere gertukoek ere salatu izan duten modura, Poloniako espetxean jasandako torturen berri eman du Nabarnizko (Bizkaia) kazetariak, baita bere kontrako prozesuan izan diren hutsune nabarmenen berri ere. Errusiako 1TV telebista-kanalari abuztuan eskainitako elkarrizketa batean, Gonzalezek gogorarazi du Poloniako agintaritzek ez dutela bere aurkako inolako akusaziorik aurkeztu, preso izan duten denbora guztian.

Errusiarentzat espioitza-lanak egitea egotzi zioten, baina akusazio formalik egin gabe; eta, jakina, epaiketarik egin gabe. Gainera, ez zioten utzi bere konfiantzazko abokatuarekin hitz egiten, bederatzi hilabete preso egin arte.

Orain, jadanik aske geratu denean, nabarniztarraren kontrako karguak aurkeztu ditu Poloniako Lublin herriko fiskaltzak: espioi modura jarduteaz akusatu nahi du. Zehazki, 2016tik 2022ra bitartean, Poloniarentzat «kaltegarria» izan daitekeen informazioa Errusiako espioitza-zerbitzuei ematea leporatu dio, eta Przemysl Barrutiko Auzitegian aurkeztu du akusazioa.

Torturak kartzelan

Espetxean, Gonzalez isolamendu-erregimenean eduki izan dute denbora luzez, eta, aldi horretan, egunean 23 orduraino egin behar izan ditu ziegan, patiora ateratzeko aukerarik ere izan gabe. Egoera horretan zegoenean, bere buruaz beste egitera animatu zuen psikologoak. 20 kilo galdu ditu kartzelan.

Hori gutxi balitz, espetxealdian zehar, ez diote utzi bere senideen eta lagunen bisitak izaten; hiru besterik ez, gatibu izan den denbora guztian.

Kriminalizazioa

Poloniak orain Gonzalezen kontrako akusazio formal bat aurkeztu izanak ez du aldatzen, denbora honetan guztian zehar, bere aurkako frogarik mahaira atera ez izana. Hala ere, kazetaria kriminalizatzen jarraitzen dute hamaika komunikabidetan; baita EITBn bertan ere.

Berriki, adibidez, Gonzalezi buruzko gezur andana esan dute Teleberri sailean. Errusiako oposizioko Zhanna Nemtsovak BBC telebista-kanalean esandako gezurrak zabaldu ditu EITBk: orain dela gutxi adierazi du «ziur» dagoela Gonzalezek informazioa bildu zuela hari buruz eta bere inguruari buruz, Errusiako zerbitzu sekretuei helarazteko. Zenbait iturriren arabera, besteak beste, Alemaniako inteligentzia-zerbitzuekin kolaboratzen du Nemtsovak.