(Des)politizazioaz

«Baliabide materialak eta kulturalak oinarri oinarrizkoak dira politizatu ahal izateko: politikan parte hartzeko eta politikaz pentsatzeko astia izatea, esaterako»

*Iker Iraola Arretxe / ARGIA aldizkaria (argia.eus)

Azken aldian politizazioa eta despolitizazioa aztertzeko aukera izan dugu, arreta gazteen kasuan bereziki jarrita. Hala ere, gazteak aztergai dituzten ikerlan soziologikoen ondorio gehienak beste adin taldeetarako ere aplikagarriak izan ohi dira, intentsitate desberdinez bada ere. Batzuetan etorkizuneko joerak indar biziagoz nabaritzen dira gazteen artean, beste batzuetan gai berriak mahai gaineratzen dira adin talde hori aztertzerakoan, eta abar.

Adinaren Soziologiak azpimarratzen digun bezala, gaztaroa –eta berdin gertatzen da gainontzeko adin taldeekin–  muga zurrunak dituen kontzeptu biologikoa baino, mugatzen eta zehazten batere erraza ez den eremua dugu, gizartearen barruan soilik uler daitekeena. Zein urteren artean da pertsona bat gaztea? Zein ezaugarri lotu behar zaizkio gaztaroari? Bada, galdera horiei eta antzekoei emandako erantzunak desberdinak izango dira garaiaren arabera, gaztaroari buruzko ulerkera soziala historian zehar aldatzen joan delako, eta modu berean, erantzunak lurraldearen edota ikuspegi ideologikoaren arabera ere aldatuko dira.

Gaztaroa zehaztea erraza ez bada, politizazio eta despolitizazio prozesuak ekuazioan sartuta, zirrikituz betetako eremua agertzen zaigu. Hemen ere, gizarte ikerketa gehientsuenetan bezala, gizartean nagusi diren ikuspegiak, edo zentzu komuna deitzen dena, alboratzea ezinbestekoa da. Izan ere, jendartean nagusi den politikaren ulerkera, zeinaren arabera politika batik bat instituzioei, alderdiei eta hauteskundeei lotutako zerbait baita, zabaldu beharra badago, politizazioa ulertzen saiatu nahi badugu. Hori politikaren parte bat da, garrantzitsua, baina ikuspegi zabalago bat ezinbestekoa da, batez ere dinamika eta joera berriak ulertu nahi badira. Kolektibotasunari ekarpen bat egin nahi dioten ekimenak, beraz, kontuan hartu behar dira, bere zabalean.

(Des)politizazio dinamika berriak ulertzeko indibidualizazioa aipatu beharra dago, gizartean eragiten duen joera zentral gisa. Azalpen estrukturalek pisua galduta, norbera bilakatzen da bere egoeraren erantzule. Ni-a bakar bakarrik dago, beraz, zorionaren, arrakastaren, lasaitasunaren, diruaren edo dena delakoaren bila. Alde horretatik begiratuta, beraz, indibidualizazioa despolitizazioaren oinarri nagusia eta are bultzatzailea ere bada, politikak ekintza kolektiboa edo, gutxienez, kolektibotasunaren erreferentzia behar duen heinean. Baina, aldi berean, indibidualizazio testuinguru horrek badu beste aldea, eta mikropolitika ere agertzen zaigu ekintza politiko berri eta nolabait arrakastatsu gisa: Ni-tik abiatzen diren ekimenak, egunerokotasunean garatzen direnak, asmo politikoak dituztenak. Ekintzok egitura politikoekin –alderdiekin, mugimendu sozialekin– duten harremana, eta lortzen duten eragina, gako inportanteak dira.

Indibidualizazio prozesuaz gain, gizabanakoen –ez soilik gazteen– politizazioan eragiten duen gako nagusia politikarako baliabideak izatea da. Baliabide materialak eta kulturalak oinarri oinarrizkoak dira politizatu ahal izateko: politikan parte hartzeko eta politikaz pentsatzeko astia izatetik, politikotasuna garrantzitsua den giro komunitario batean heztea izateraino, haurtzaroan, ikastetxean, auzoan edo herrian, eta abar.

Gizartean despolitizazio prozesu baten aurrean gaude orduan? Bada, politika tradizionalaren krisia berez ez da politikaren krisia, Gu-a baino Ni-a gailentzen den jendarte batean politikaren egitekoa zailtzen den arren.