Stoltenbergek argudiatu du ofentsiba zilegi dela, eta nazioarteko legediaren arabera «bere burua defendatzeko» modu bat dela. Hauteskunde batzordeak ez ditu atzeratu probintziako gobernadorea hautatzeko bozak.
*Ander Perez Zala / BERRIA
Ukrainako armadak, Errusian sartu, eta bi herrialdeen arteko mugatik gertu dagoen Kursk eskualdeari eraso zion hilaren 6an, Volodimir Zelenski presidentearen arabera, «eremu neutral bat» sortzeko. Ofentsiba militar hori hasi eta ia hilabetera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen idazkari nagusi Jens Stoltenberg lehen aldiz mintzatu da aferaz, eta publikoki erabateko babesa eman dio Kievek harturiko erabakiari, uste baitu zilegi dela, eta «bere burua defendatzeko» modu bat dela. Hau da, Stoltenbergek argudiatu du Ukrainak eskubide osoa duela hori egiteko, Errusiako armadak 2022ko otsailean hasitako inbasioagatik.
NATOren idazkari nagusiak adierazi du Errusian sartu eta eraso hori hastea arriskutsua zela Ukrainako armadarentzat, baina bere esku zegoela nola eta noiz egin Kursk eskualdearen kontrako ofentsiba militarra; eta, batez ere, Stoltenbergek esan du Mendebaldeko aliantza militarrak ez duela zerikusirik izan horretan, Alemaniako Die Welt egunkariari emandako eta gaur argitaratutako elkarrizketa batean azaldu duenez. Are, NATOko idazkari nagusiak esan du hura buru duen erakundeak ez zekiela ezer eraso horretaz, eta haientzat ere «sorpresa bat» izan zela.
Hain justu, Ukrainako armadaren erasoaz aritu ziren joan den asteazkenean NATO-Ukraina Kontseiluan —iazko uztailean sortu zuten—, Kievek eskatuta, eta Mendebaldeko aliatuek herrialde horren defentsa sistema are gehiago sendotzeko konpromisoa hartu zuten. «Zelenski presidenteak argi utzi du operazioaren helburua bi mugen arteko lur bat sortzea dela, Errusiak mugatik eraso gehiago egin ez ditzan. Ukrainaren erabakia da bere burua nola defendatu behar duen zehaztea. Errusiako soldaduak, tankeak eta hango baseak helburu zilegiak dira nazioarteko zuzenbidearen arabera», adierazi du Stoltenbergek elkarrizketan.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako ISW Gerra Ikertzeko Institutua think tank-aren azken eguneraketaren arabera —atzoko data du—, hilaren hasieratik Ukrainako armadak 30 bat kilometro egin du aurrera Kursken, eta ehun bat udalerriren kontrola du; egunotan, gainera, «garaipen txiki batzuk» izan ditu, eta, besteak beste, Lgov bonbardatu du —mugatik 50 bat kilometrora dago—, herri horretako alkate Aleksei Klemexovek atzo Telegram mezularitza aplikazioaren bitartez azaldu zuenez. Halere, Errusiako Gobernuak eta herrialdeko hauteskunde batzordeak erabaki dute Kurskeko gobernadorea aukeratzeko bozak ez atzeratzea; hori bai, segurtasun neurriak indartzea erabaki du Kremlinek.
Moskurentzat, Ukrainako armadaren Kurskeko erasoaldia «probokazio handi bat» izan da, eta jada esana du erantzun egingo duela. Are, Anatoli Antonov Errusiaren AEBetarako enbaxadoreak hilaren 23an azaldu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak erabaki bat hartu zuela ofentsiba horri erantzuteko egin beharrekoaz, eta «konbentzituta» dagoela «denak zorrozki zigortuko» dituztela, Reuters albiste agentziak jakinarazi zuenez.