«Irun defendatzeko 3000 gizon-emakume inguru bildu ziren: miliziano komunista, sozialista eta errepublikanoak, euskal abertzaleak, CNT-ko miliziano anarkistak, Nazioarteko Brigadetako borrokalariak, Asturiatik etorritako ekintzaileak…»
*Joseba Aurkenerena / ZUZEU (zuzeu.eus)
1936ko uztailaren 18an, eskuindarrak armaz altxatu ziren Espainiako Errepublika gobernatzen zuen legezko Fronte Herrikoiaren aurka. Hego Euskal Herrian matxinada, errekete karlisten laguntzaz, berehala nagusitu zen Nafarroa Garaian eta Araban, eta bide bazterrak fusilatuen gorpuez bete zituzten. Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, matxinadak porrot egin zuen eta leiho bat zabaldu zitzaion esperantzari. Iruñean nagusitu ondoren, erreketeez eta falangistez osatu armada faxista Irun aldera abiatu zen Behorlegi jeneralaren agindupean. Lapurdiko muga itxi nahi zuten, Kataluniatik trenez bidalitako armak gipuzkoar gudari eta milizianoen eskura pasa ez zitezen. Agintari frantsesek trena Hendaiako geltokian gelditua zuten eta horrela izan zuten Irun erori arte. Gerora, trenean zeuden armak faxisten esku jarri zituzten.
Irundarrak berehala mugitu ziren eta Etxalarretik zetozen tropen aurrerapena gelditu nahian, Endarlatsako zubia dinamitaz zartatu zuten, horrela erasotzaileak mendiz pasatzera behartuz. Irun defendatzeko 3000 gizon-emakume inguru bildu ziren: miliziano komunista, sozialista eta errepublikanoak, euskal abertzaleak, CNT-ko miliziano anarkistak, Nazioarteko Brigadetako borrokalariak, Asturiatik etorritako ekintzaileak… Hauek denak gaizki armatuak, hegazkineriarik gabe, artilleria eskasarekin, eta inolako trebakuntza militarrik gabeak. Erasotzaileak, berriz, ongi armatuak ziren tanke eta hegazkin alemaniar eta italiarrekin eta horretaz gain, esperientzia militar handiko tropak zeuden beraien artean, legio espainiarreko zazpiehun soldadu adibidez, tropa marokoarrak eta abar. Txingudi badiara Almirante Cervera eta Velasco ontzi militarrak sartu ziren eta abuztuaren 11tik, Irun hiria bonbardatzeari ekin zioten. Egoera latza zen Irun hesituan.
Pittaka-pittaka, mendietatik barna, Aiako Harritik, Oiartzun aldera hurbildu ziren eta Irundik gertuko mendiak eta muino estrategikoak hartu zituzten: Saroia, Zubeltzu, Erlaitz, Pagogaina, Pikoketa… Pikoketan ziren 17 defendatzaileak, gazte-gazteak, mutilak eta neskak, gibeletik inguratu eta bertan fusilatu zituzten gupidarik gabe.
Abuztuaren 26tik frankistak Aldabe mendia (San Martzial ere deitua) bonbardatzen aritu ziren, hegazkinez eta artilleriaz. Bost tanke italiar ere aritu izan ziren defentsa-lerroetan zeuden defendatzaileen aurka. Azkenean, irailaren 2an mendia hartu zuten eta Irun hartzeko azken prestaketak antolatzeari ekin zioten. Irailaren 4an Bidasoa eta Behobia auzoak hartu zituzten, Harizmakur edo Puntta deitzen den tokian zegoen defentsa-gunea ezabatuz. Egun berean, goizez, faxistek Behobiako zubia hartu eta kontrolatu zuten. Egun bereko arratsean, suak hartu zuen Irun hiria gune handiak kiskaliz. Badirudi, miliziano anarkistek hiriari su eman ziotela frankisten esku inolako azpiegiturarik ez uzteko, eta Donostiaranzko bidea oztopatzeko. Hau da, bertsiorik zabalduena eta egiantza handiena duena. Dena den, bada bigarren bertsio bat, faxisten etengabeko bonbardaketek Irunen erreketa eragin zutela dioena. Modu batez edo besteaz, gauza da Irun sugarretan bildurik azaldu zela irailaren 4ko gau hartan.
Dena galdua zela eta hiria sugarretan hiltzen ari zela ikusirik, irundarrek ihes egiteari ekin zioten, gehien-gehienak Santiago zubitik barna, Hendaiara pasatuz. Beste batzuk Gaintxurizketa aldera abiatu ziren, Donostian babesteko asmoz. Kalkulatzen denez, biztanleriaren %80ak ihes egin zuen hiritik. Hurrengo egunean, hau da, irailaren 5ean, faxistak herrian sartu ziren, herriko etxean bandera espainiar monarkikoa eta erreketeen nafar bandera ezarriz.
Faxisten zapalketa eta krudelkeria ikaragarriak izan ziren. Hogeita hamar pertsona inguru fusilatu zituzten, gehien-gehienak Berako harrobian, defendatzaileen emakumeei zigor ikaragarriak ezarri zizkieten, eta sugarretatik salbatu ziren etxe guztiak zakuratu zituzten. Fusilatuen artean izan ziren Nikolas Gerendiain abokatua, Florentzio Iratxela eta Evaristo Larrañaga zinegotziak, Agustin Lekuona udaltzaina, Antonio Maldonado dendaria… eta abar.
Nire emaztea irundarra da, eta bere gurasoak haurrak ziren gerra garaian. Gaur biak zenduak diren arren, gogoan dut maiz kontatzen zutena. Nire aitaginarreba, Anjel Arbelaitz Oiartzabal, erdigunetik urrun den Olaberria auzoko baserri batean bizi zen bere familiarekin batera, 1936ko irailaren 5 hartan, tropa faxistak Irunen sartu zirenean. Baserrira iristean, erreketeek aita eraman nahi izan zuten gerrara beraiekin batera, baina familiaren sostengua zelakoan, azkenean 14 urteko seme zaharrena, Patziku, eraman zuten. Gerra guztia egin behar izan zuen haiekin, eta bukatu zelarik, baserrira itzultzen utzi ziotenean, ez zen pertsona bera. Orduz geroztik, eta hil zen arte, ez zuen osasunik izan.
Joxepita Sein Oliden amaginarrebaren familia, berriz, erdigunean bizi zen. Haren aita Ducarous familia frantses aberatsaren etxean lan egiten zuen lorazain gisa. Irailaren 4an, faxistak edozein momentutan Irunen sartuko zirela ikusirik, gizon hark bere langileak eta haien familiak haien etxean babestera gonbidatu zituen. Eta horrela egin zuten. Ducarous familiaren etxea muino baten gainean zegoen, gaur Mondragon unibertsitatea den tokian, eta handik hiri osoa ikusten zen. Teilatu gainean bandera frantses handi bat ezarri zuen, eta horrela faxisten tiroketa eta bonbardaketatik libre geratu zen. Irailaren 4ko arratsean, Ducarous etxetik Irun guztia sutan ikusi zuten.
Irun erori zelarik, Donostia hartzeko bidea zabalik gelditu zen. Gero gerokoak: Bizkaiko frontea, Durango, Amorebieta, Gernika, Bilbo… bonbardatu zituztenekoak, Bilboren erortzea, euskal gudarostearen errendizioa Santoñan, faxismoaren garaipena, frankismoaren aro hits eta luzea, era guztietako zapalketa, kartzelamendu eta fusilatzeak, populazioaren etengabeko sufrikarioa, euskararen eta euskal kulturaren ukazio sistematikoa… Hori dena dut buruan, oroitzapenezko kronika labur hau idaztean, eta batez ere, Irungo herri martiriak erakutsi duintasuna eta jasan zuen sufrimendua. Horiek guztiak ene gogoan.