Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra, Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa

«…gastu militarraren goranzko joera justifikatzeko Espainiar gobernuak hiru argudio nagusi identifikatzen omen ditu: «testuinguru politikoa», batez ere, Ukrainako eta Palestinako egoerei erreferentzia eginda; «kanpoko misioak», argituta Espainiako Gobernua nazioarteko hamasei «misioren» parte dela Europan, Ekialde Erdian eta Afrikan; eta NATOrekin hartutako konpromisoak…»

*GEDAR Langile kazeta (gedar.eus)

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.

El País egunkariak berak aitortu duenez, aurrekontu ofizialetan zehaztutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren «defentsa-gastua» edo gastu militarra. Azken hiru urteetan, behintzat, aurrekontuetan aurreikusitako inbertsio militarrak gainditu ditu, egiaz, gerrara bideratutako gastu ofizialak.

2022an, esaterako, urte horretako aurrekontuan mugatutakoa baino nabarmen handiagoa izan zen gastu militar ofiziala. Aipatutako iturriaren arabera, urtearen amaierarako, 13.000 milioi eurora iritsi zen inbertsioa. 2023an, oraindik eta handiagoa izan zen xahututako dirutza: 15.000 milioi euro, datu ofizialen esanetan. Urte horretako aurrekontuan zehazten zena baino %30 gehiago da hori.

Eta badirudi 2024a ere bide beretik doala. El País-ek aurreratu du izan direla jadanik aurrekontuan erakusten ez ziren hainbat gastu militar; esaterako, arma bidalketa berri bat Ukrainara. «Historiako gobernurik aurrerakoienak» 1.000 milioi euro gastatu ditu horretan. Egunkari horrek berak esan du ohikoa dela gobernuek, urteak aurrera egin ahala, «ordainketa gehigarriak» onartzea eta egitea, aurrez aurkeztutako aurrekontuetatik kanpo.

Goranzko joera: luzerako

El País-ek aipatzen dituen (baina izenez zehazten ez dituen) aditu batzuen arabera, gastu militarraren goranzko joera hori mantendu egingo da aurrerantzean ere. Horretarako, hiru argudio nagusi identifikatzen omen dituzte: «testuinguru politikoa», batez ere, Ukrainako eta Palestinako egoerei erreferentzia eginda; «kanpoko misioak», argituta Espainiako Gobernua nazioarteko hamasei «misioren» parte dela Europan, Ekialde Erdian eta Afrikan; eta NATOrekin hartutako konpromisoak, gastu militarra handitzen segitzeko.

Inoizko gastu militarrik handiena?

Europa mendebaldeko eta erdialdeko gastu militarra Gerra Hotzaren azken urteetakoa baino altuagoa da, Stockholmeko Nazioarteko Bakerako Institutu Independentearen txosten baten arabera. 2022 eta 2023 artean, «defentsarako» eta «segurtasunerako» gastua %16 handitu zen, batez beste. Azken hamarkadako datuei erreparatuz gero, are nabarmenagoa da igoera: azken hamar urteetan, %62koa izan da Europako herrialdeen gastu militarraren igoera.

Iruzurra

Espainiako Estatuan, adibidez, PSOE buru duen gobernuak %10 igo zuen «defentsara» bideratutako gastua 2023an. 2023ko aurrekontu orokor ofizialen barruan, Espainiako Estatuan 14.000 milioi euro inguruko partidak onartu zituzten «defentsarako».

Sarri ohartarazi dute, baina, gastu militar gisa hartzen dena («defentsa-gastua» delakoa) baino askoz ere handiagoa izan ohi dela gobernuek gerrara bideratutako inbertsio erreala. Izan ere, askotariko indar militarrei errealki lotutako gastuak eta inbertsioak askoz ere zabalagoak izaten dira, eta ez soilik «defentsari» eskainitakoak.

Valentziako Dordoka Talde Antimilitaristako (Grup Antimilitarista Tortuga) Juan Carlos Roisek El Salto-ri emandako datuek erakusten dutenez, iaz 60.000 milioi euro inguruko gastu eta inbertsio militar erreala izan zen Espainiako Estatuan. «Ezkutuko gastu militarra» ere hartu zuen kontuan Roisek, datu horiek eskaintzean.