Pavel Durov atxilotu dute abuztuaren 24an Paris-Le Bourget aireportuan. Frantziako Justiziaren arabera, plataformaren moderazio faltak eta agintariekin lankidetza faltak droga-trafiko, pedofilia eta iruzurra bezalako delituen konplize bihurtzen dute.
*Julen Ugartemendia Carcedo / ARGIA aldizkaria
Telegrameko zuzendari exekutibo eta sortzaileetakoa den Pavel Durov atxilotu du Frantziako Aireko Garrraioko Jendarmeriak abuztuaren 24an Paris-Le Bourget aireportuko pistan. Ikerketa Kriminaleko Zuzendaritza Nazionalaren adingabeen bulegoak (OFMIN) atxilotze agindu bat eman zuen Durov-en aurka, aurretiazko ikerketa batean oinarrituta. Frantziako Justiziaren arabera, Telegrameko moderazio faltak eta Durov-ek agintariekin duen lankidetza faltak, plataformak eskaintzen dituen tresnekin batera –erabili eta botatzeko zenbakiak eta kriptografia–, droga-trafikoa, pedofilia eta iruzurra bezalako delituen konplize bihurtzen dute, Efe albiste agentziak informatu duenez. Frantziako instrukzio epaile batek Telegrameko sortzailearen atxiloketa luzatu du.
Telegramek Durov-en atxiloketaren harira sare sozialen bitartez erantzuna eman du. Mezularitza-enpresak adierazi du “EBko legeak betetzen” dituela, “Zerbitzu Digitalen Legea” barne, eta Durov-en errugabetasuna azpimarratu du: “Telegrameko Exekutiboak, Pavel Durov-ek, ez du ezer ezkutatzeko, eta maiz bidaiatzen du Europan barrena”. Durov Frantzian atxilotu dute Bakutik (Azerbaijan) zetorren hegaldi batetik jaitsi ondoren, eta Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) bizi da. Plataforma edo horren jabea “abusuaren erantzuleak izatea zentzugabea” dela salatu dute, eta “egoera lehenbailehen konpontzeko zain” daudela esan dute.
Durov-ek pasaporte errusiarra, frantsesa eta emiratiarra ditu. Durov-ek Tucker Carlson aurkezle estatubatuar eskuindarrarekin izandako elkarrizketa batean adierazi zuen Errusian zegoela, VKontakte sare soziala sortu zuela, baina hori saldu eta bertatik ihes egin behar izan zuela “Errusiako Gobernuarengatik presioak jaso ondoren”, El Mundok jaso duenez. Errusiako lehen ministro ohia eta orain Segurtasun Kontseiluko presidenteorde Dimitri Medvedev-ek elkarrizketetan adierazi du Durov-i agintariekin lankidetzan ez aritzearen arrazoiarengatik galdetu zionean, “printzipioengatik” zela erantzun ziola, Europa Press-ek jaso duenez. “Edozein herrialdetan arazo larriak izango lituzkeela erantzun nion”, adierazi zuen Medvedev-ek. Dubain bizitzeko arrazoiari dagokionez, herrialdearen “neutraltasuna” aipatu du Durov-ek. Telegramek bere egoitza Dubain du.
Errusiako Estatuko Dumako presidenteorde Vladislav Davankov-ek gutun bat bidali dio Errusiako Atzerri Ministro Sergei Lavrov-i, Durov askatzea errazteko, eta esan du atxilotzeak «arrazoi politikoak ezkutatzen” dituela eta “Telegrameko erabiltzaileen informazio pertsonala eskuratzeko erabil” daitekeela, Europa Press-ek jaso duenez. Parisen dagoen Errusiako enbaxadak lankidetzari uko egitea leporatu dio Frantziari.