*Garbiñe Ubeda / BERRIA
Jon Irazabal Agirre Gerediaga elkarteko kudeatzaile eta Durangoko Azokako zuzendari izandakoa zendu zen atzo goizaldean, Gerediaga elkarteak baieztatu duenez. Iurretan 1960an sortua zen, eta Durangaldeko ohiturei, historiari eta memoria historikoari arreta berezia jarri zion.
Idazlea ere bazen Jon Irazabal. Besteak beste, Iurretako kofradiak. Iraganari etorkizuna ematen (2023), Durango 1937ko martxoak 31, bonbardaketa (2022), Durangaldea. Historia laburrean (2015) eta Hamabi harrien hotsa (2015) liburuak idatzi zituen, baita parte hartu ere Goiuria ikastola (2022) eta Ezkutuko ondarea. Emakumeen errealitateak Bizkaian (2019) liburu kolektiboetan ere.
Euskal Liburu eta Disko Azokaren antolatzaile lanean 30 urte eman zituen Jon Irazabalek, eta zuzendari gisa ia beste horrenbeste. 2009an Aiert Goenagari eman zion erreleboa, eta Gerediaga elkarteak urte hartako Azokan egindako ekitaldi batean erakutsi zion eskerrona. Bertan, besteak beste, Franco hil osteko urteak ekarri zituen gogora Irazabalek. Askok uste zuten arren Gerediaga elkartearen lana erakunderen batek hartu beharko zukeela, Durangoko Azoka antolatzen jarraitzea erabaki zutela nabarmendu zuen, ikusirik berek egiten ez zutena ez zuela beste inork egingo, ez behintzat behar zen moduan eta neurrian.
Usansoloko ospitalean hil da.