Gonzalo Boye abokatuaren ustez, Polonia egiten ari den guztia mendeku moduko bat da, Pablo Gonzalez Errusiatik kanpo bidaiatzea galarazteko

«Oihana Goirienak azaldu duenez, Euskal Herrira itzuli nahi du kazetariak, baina badu oztopo ausarki: erraterako, nortasun agiria eta pasaportea behar ditu horretarako, baina Poloniak ez dizkio itzuli oraindik.»

*Isabel Jaurena / BERRIA

«Poloniako autoritateen esperoan gaude, zer egin nahi duten azaldu zain». Gonzalo Boye da Pablo Gonzalez kazetariaren abokatua, eta kasuaren egungo egoeraz mintzatu zaio BERRIAri. Hilaren 14an Lublingo Apelazio Auzitegiko Fiskaltzak espioitza karguak aurkeztu zituen kazetariaren kontra. Informazio hori fiskaltzak berak zabaldu zuen, eta laster hedatu zen munduan barrena. Ordea, Boyek azpimarratu du akusazio horiekin lotutako informaziorik ez dutela jaso, zuzenean bederen. «Egin zuten lehenbiziko gauza albistea ateratzea izan zen, baina oraindik ez digute dokumentazio hori guztia helarazi». Hortaz, ez dute argi zer eginen duten orain, Poloniak informazio guztia helarazi arte ezin izanen dutelako jakin zeri egin behar dioten aurre.

Zehazki, fiskaltzak ohar bidez adierazi zuenez, 2016tik 2022ra Polonian bizi izan zen bitartean Errusiako zerbitzu sekretuei informazioa igortzea leporatzen diote Gonzalezi. Hortaz, herrialdeari «kalte zigorgarria» egitea egozten diote, zeinarengatik hiru eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorra bete beharko lukeen. Fiskaltzak berak erran duenez, Gonzalezek informazioa «lortu eta transmititu, zabaldu eta aintzatespen operatiboak» egiten zituen. Herrialdeko Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera ondoren, Moskun dago Gonzalez.

Horrez gain, akusazioen berri eman baino egun bat lehenago Poloniak jakinarazi zuen kazetariaren kontrako ikerketak zabalik jarraitzen duela. Eta, gainera, litekeena dela epaiketa in absentia egitea —horrela deritze akusatua bertan egon gabe egiten diren epaiketei—. Horri buruz ere mintzatu da Boye: «Gogoan izan behar da Polonian, gisa honetako kasuetan, ez dela in absentia epaiketa existitzen».

Informazio zuzenik iritsi ez zaiela ikusita eta epaiketaren inguruko zalantzak argituta, ondorio batera iritsi da Boye: «Mendeku moduko bat dirudi, Errusiatik kanpo bidaiatzea galarazteko». Izan ere, Gonzalezen bikotekide Oihana Goirienak azaldu duenez, Euskal Herrira itzuli nahi du kazetariak, baina badu oztopo ausarki: erraterako, nortasun agiria eta pasaportea behar ditu horretarako, baina Poloniak ez dizkio itzuli oraindik.

Horrez gain, osasun arazo bat ere badu. Goirienak azaldu du Moskuko ospitale batean osasun azterketa egin ziotela kazetariari, eta likidoa atzeman ziotela biriketan. Horri buruz eta Poloniatik iritsitako albisteek Gonzalezengan izan duten eraginaz galdetuta, Boyek azaldu du Gonzalez «ongi» dagoela, baina «osatzen» ari dela orain. «Kartzelan egoteagatik arazo bat du biriketan, eta horrek tratamendua behar du, afera larria baita», borobildu du.

Torturak salatu ditu

Errusian dagoenetik elkarrizketa bakarra eman du Gonzalezek, herrialdeko RT telebistari. Han azaldu zuen kartzelan hogei kilo argaldu dela, eta salatu «torturak» eta bestelako «presio» mota batzuk egin dizkiotela espetxealdi luze horretako lehen bederatzi hilabeteetan.

Bi urte eta erdiz Gonzalez segurtasun handiko espetxe batean egon da, oso egoera eskasean, egunean 23 orduz ziega batean sartuta, senideekin telefonoz hitz egiteko aukerarik gabe, eta egoera noiz akituko zen jakin gabe. Tarte hartan senideek hiru bisita bakarrik egin ahal izan zizkioten; azkena, joan den maiatzaren 13an.

Eragile eta partaide anitz izan dituen negoziazio zabalago baten barruan iritsi da Gonzalezen askatasuna. NATOko kide diren zenbait herrialdek eta Errusiak preso trukea egin dute, eta, orotara, zortzi preso askatu dituzte AEBek, Alemaniak, Norvegiak, Esloveniak eta Poloniak; hamabost Errusiak; eta bat Bielorrusiak.