*Manex Usarralde Garmendia / ARGIA astekaria
Palestine Action taldeak dio bere ekintzaileek astelehen goizean (abuztuak 6) Elbit-ek Bristolen duen fabrika «inbaditu» dutela. Ikerketa eta fabrikazio zentroa oso zainduta dago, eta espetxeko furgoneta bat erabili dute kanpoko perimetroa txikitzeko.
Bristolgo instalazioa ikerketa, garapen eta fabrikazio gunea da gerra elektronikorako, lurreko ibilgailuetarako, simulaziorako eta ikusmenerako teknologietarako. Palestine Actionen arabera, funtsezkoa da Israelgo arma konpainiak Erresuma Batuan duen negozioarentzat.
Ekintzaileek espetxeko furgoneta bat erabili fabrika barrura sartzeko. Fabrika hori 2023ko uztailean inauguratu zuten, Tzipi Hotevely enbaxadore israeldarra bertan zela. Fabrika barruan ikusten diren produktuak Gazako genozidioan erabiltzen diren berberak dira, Elbiteko Torch-X aginte eta kontrol sistemak, Thor droneak eta nv33 Night Vision teknologia barne.
Fabrikara sartu ostean, ekintzaileek han aurkitu duten materiala suntsitzen saiatu dira. Ondoren sei ekintzaileak atxilotu dituzte. Poliziak zabaldu du bi agenteri mailu batekin eraso zietela eta aizkorak, zartailuak eta beste arma batzuk aldean zituztela.
Elbit enpresak Israelgo drone militarren eta ekipamenduen %85 hornitzen ditu, eta Erresuma Batuak Israelera egiten dituen esportazioak, berriz, drone eta hegazkinen osagaiei, elektronika militarrari dagozkie.