Gudara garamatzate

«11 dira Errusiari dagoeneko egin dizkioten probokazioak. Aspaldi ari dira egunero misilak Errusiako lurretara bidaltzen zibilen heriotza eraginez.»

*Joan Mari Beloki Kortaxarena / BERRIA (2024ko uztailak 17)

Europako azken hauteskundeek mezu argi bat bidali digute. Europarrok ez dugu gudarik nahi. Ukrainakoa bukatu egin behar da eta politikariek lehenbailehen egin behar dituzte urratsak norabide horretan. Frantzian eta Alemanian ultraeskuina aise gailendu da eta arrazoia Ukrainako gudan datza: bi gobernuak gudazale azaltzen ari dira eta ultraeskuina aurka. Gainera, ezkerra ez da mobilizatu eta ultraeskuina tinkoagoa izaten ari da bakearen frontean.

Desideologizazioa egungo gizartean handia da. Herritarrek beren eguneroko arazoei erantzun positiboa ematen diena saritzen dute eta, kasu honetan, Ukrainako guda amaitzearen aldekoak izan dira sarituak. Belgika eta Holanda ere erants ditzakegu zigortuen zerrendara. Viktor Orban Hungariako presidenteak, ultraeskuindar etiketa duenak eta gaur egun EBn guda bukatzearen aldeko ahots tinkoenak, bere herrialdean irabazi egin duela ahaztu gabe.

Elite ekonomikoak izututa Errusiaren garaipenarekin

Macronek eta Scholzek ez dute dimititu. «Errusiak ezin du guda hau irabazi» errepikatzen digu behin eta berriz Jens Stoltenberg NATOren buruak. «Europa hiltzeko arriskuan da» eta «Errusia da Europarako mehatxu handiena» diosku Macronek. Zer esan nahi du honek guztiak? Ba, herritarrek bidali dieten mezuari baino garrantzi handiagoa eman dietela guda bultzatzeko agindua eman dieten elite ekonomikoei. BlackRock putre-funtsak, adibidez, Ukrainako lur aberatsen %24 erosia du dagoeneko eta horren zati bat errusiarren esku dago oraintxe.

Bakea hitza Europako Batasuneko politikarien ezpainetatik desagertu egin da eta guda hitzarekin ordeztu dute. Izan ere, elite korporatiboek Errusia Ukrainan lortzen ari den garaipenarekin egungo sistema ekonomikoa arriskuan ikusten dute eta Errusiako sistema ekonomikoak neoliberala ordezkatuko ote duen beldur dira. Errusian estatuak kontrolatzen baitu ekonomia neurri handi batean, oligarka ugari boterearen aparatutik bota eta gero. Errusiak gero eta adiskide gehiago dauzka munduan —eta Europako mendebaldean ere— eta bere sistema zabaltzea aurreikusten dute guda irabaziko balu. Mendebalde neoliberala izututa dago.

Probokazioak eta pazientzia

EBk jauzi kualitatiboak ematen jarraitzen du guda honetan. Duela gutxi Errusiari 50.000 milioi euro ostu eta Ukrainara bidaltzea erabaki dute armetan inbertitzeko. Polonia eta Errumania F16 gerra-hegazkinak pilatzen hasi dira Ukrainaren mugetan. Vladimir Putinek ekainaren 14an bakea negoziatzen hasteko proposamena egin zuen eta Suitzan Zelenskiren inguruan bildutakoek aho batez errefusatu zuten. Ez dute bakearen mezua entzun nahi. Beraz, gudarako prestakizunak hor jarraitzen du eta Europa osora zabaltzeko egunetik egunera arrisku handiagoa dago.

11 dira Errusiari dagoeneko egin dizkioten probokazioak. Aspaldi ari dira egunero misilak Errusiako lurretara bidaltzen zibilen heriotza eraginez. Ukrainako armadaren bonba horiek ez baitute helburu militarrik izaten. Bi urte luze hauetan hildako zibilen kopurua milatik gorakoa da. Moskun 150 errusiar hil zituzten kontzertu batean. Kremlinera droneak bidali dituzte. NATOko soldaduak bidaltzen hasi dira. Misil nuklearrak detektatzeko radar estrategikoetara misilak hiru aldiz bidali dituzte. Errusiarren pazientzia handiagatik ez dugu guda Europa osora hedatuta, baina pazientzia noizbait agortu eginen zaie. Euskaldunok ere inplikatuta gaude, Pedro Sanchez presidenteak bete-betean sartu baikaitu guda honetan armak eta dirutza Ukrainara bidaltzean.

Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak esan digu «mendebalde» deituak uste duela Errusiak sekula ez duela bonba nuklearrik erabiliko, horretarako adorerik ez duelako. Baita NATOk garaipen erraza ikusten duela ere eta horrek bultzatzen dituela guda indartzera. Berak garbi ikusten du hilabete gutxi barru guda Europa osora zabalduko dela eta, hori dela medio, Serbiako petrolio eta elikagaien erreserbak handitzeari ekin dio.

Ondorioak

Hil ala bizikoa bihurtu dute guda hau, eta galtzailea desagertu eginen da. Errusiak galtzen badu, bere baitan sendo txertatuta dauden nazio eta errepublikak puzzle baten piezak bezala sakabanatuko dira. NATOk galtzen badu desagertu eginen da eta Europako Batasunaren politika eta politikariak goitik behera aldatuko dira. Ukrainako guda hau existentziala bihurtu da bi aldeentzat.

Hainbatek dio Errusiak egunen batean erantzun handia eman dezan bilatzen duela Bidenek, hauteskundeak bertan behera utzi eta presidente jarrai ahal izan dezan, Zelenskik egin bezala.

Herritarrok geldiaraziko al dugu lasterketa ero hau?