Palestinarekin Elkartasuna plataformak Bilboko Aste Nagusiaren bezperan Israelen aurka mobilizatzeko deia egin du

*Olatz Silva Rodrigo / BERRIA

Bilboko Aste Nagusian Palestinak presentzia izan dezan, Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestaziora deitu du ostiral honetarako. «Udan, Euskal Herrian ez dugu Palestina ahaztu», gogorarazi dute Inmaculada Gracia eta Josu Lagos plataformako kideek, Bilboko Konpartsekin batera gaur goizean egindako agerraldian. Hego Euskal Herriko hiriburuetan zein beste herri eta auzoetan mobilizazioak egin ostean, Bilboren txanda dela azpimarratu dute. Aste Nagusian ere Israel borrokatu lelopean abiatuko dute manifestazioa Plaza Eliptikotik, 19:00etan.

Jaiak «aldarrikapen diferenteak sozializatzeko beste gune bat» direla ohartarazi dute Graciak eta Lagosek. Horregatik, plataforma hainbat jai batzorderekin lanean ibili da, aldarrikapen batzuk ikusarazteko asmoarekin: «Palestina aske baten aldeko eta herri palestinarraren erresistentziarekiko elkartasuna, Israelen eta harekin elkarlanean dihardutenen aurkako jarrera, eta Palestinarekiko elkartasunaren kriminalizazioari eta errepresioari aurre egitea».

Kalean mobilizatzen jarraitzea ezinbestekotzat jo dute plataformako kideek, «herri palestinarraren kontrako genozidioa salatzeko, bere konplizeak salatzeko eta erresistentzia palestinarrari elkartasuna adierazteko». Horrez gain, Bilboko Konpartsei hainbat baliabide eskaini dizkiete; besteak beste, banderak, pegatinak eta palestinar herriaren borroka ikusarazten duten hainbat abesti.

Palestinarekiko elkartasun mugimendua Euskal Herrian zein mundu osoa jasaten ari den «kriminalizazioa eta errepresioa» ere salatu dute. Epaiketa eta isunei aurre egiteko eta Palestinaren aldeko lanarekin jarraitzeko, abuztuaren 17an, 20an eta 23an banderak, kamisetak eta postalak salduko dituzte Zamudioko Atean, 12:00etatik 14:30era. Gainera, elkartasun itsulapikoak jarriko dituzte hainbat txosnatan.

Hamar hilabete

Graciak eta Lagosek gatazka zeinen luze eta gogor doan gogoratu dute: «Hamar hilabete igaro dira palestinar erresistentziak iniziatiba hartu eta Israelgo estatuak ofentsiba odoltsua abiatu zuenetik». Ordutik, «bonbardatzeak, biztanleriaren desplazamenduak eta horniduren mozketak etengabeak» izan dira Gazan. Argi utzi dute: «Ikusten ari garen sarraskia hitz bakarrez deskriba daiteke: genozidioa».

Gainera, kideek gogora ekarri dute Israelek 76 urte baino gehiago daramatzala palestinarren kontrako «kolonizazio, okupazio, apartheid eta garbiketa etnikoa» egiten. «Israelen krimenen zerrenda amaigabea da». Hori dela eta, nabarmendu dute Palestinari buruz hitz egiten jarraitu behar dela.