Su-eten Olinpikoaren urraketak Errusia 2024ko Pariseko Jokoetatik kanpo uzteko balio izan du, baina Israelekin ez dute berdin jokatu, hasiera-hasieratik kutsu politikoa duen lehiaketa batean parte hartu ahal izan baitu.
*Xabier Rodriguez / El Salto-Hordago
Pariseko Olinpiar Jokoak uztailaren 26an hasi ziren, Sena ibaian egindako desfilearekin. Han parte hartu zuten herrialdeen artean, Israel, Palestina eta Ukrainako ordezkaritzak izan ziren. 15 atleta errusiarrek eta 17 bielorrusiarrek desfilatu zuten, Banakako Atleta Neutralen taldearen izenean (AIN, ingelesezko sigletan), hori izan baita Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NOB) haiek parte hartzeko eskaini dien modua, beren batzorde olinpiko nazionalak kanporatu ondoren. NOBk ondorengo arrazoiak eman ditu: «Su-eten olinpikoa profanatzeagatik, Ukraina inbaditzeagatik Beijingeko 2022ko Joko Olinpikoetan» eta «Gutun Olinpikoa urratzeagatik, Ukrainako Batzorde Olinpikoaren kontrolpeko instalazioak zeuden lurraldeaz jabetzean».
Inaugurazio ekitaldiaren biharamunean, Israelek Deir al-Balahko (Gaza) eskola baten kontra egindako aire eraso batek 30 palestinar hil eta 100 zauritu inguru eragin zituen. Ukrainan, errusiar armadak aurrera jarraitu zuen Kharkiv eskualdean, hiru instalazio elektrikori eraso eginda. Uztailaren 19an sartu zen indarrean Su-eten Olinpikoa.
Hauxe da 2024ko Pariseko Jokoetako giroa, Frantziako Gobernua segurtasun-dispositiboa handitzera eraman duena, atentatu arriskuagatik. AEBetako Pazifikoko Unibertsitateko irakasle eta Joko Olinpikoetan aditu Jules Boykoffek azaldu duenez, «segurtasun-indarrak nonahi daude, polizia-taldeak hirian zehar dabiltza, horietako asko eraso-fusilekin eta erabilera militarrerako armekin, batzuk kamuflaje-uniformearekin, beste batzuk polizia-uniforme urdinarekin».
«Genozidioa ez da kirol olinpikoa» esaldia aditu zen Parisen inaugurazio ekitaldiaren bezperan deitutako manifestazioan eta Paraguairen eta Israelen arteko futbol partidan
Simone Bilesen erakustaldiak eta Frantziak errugbian lortutako urrea bezalako sorpresen artean, ikusleek euren jarrera erakutsi dute, batez ere Israelek Gazaren aurka egindako erasoen aurka. «Genozidioa ez da kirol olinpikoa» esaldia Parisen inaugurazio ekitaldiaren bezperan deitutako manifestazioan entzun zen, eta Paraguairen eta Israelen arteko futbol partidan «genozidio olinpikoa» leloa zuen pankarta bat zabaldu zuten bertaratutakoek, Palestinako hainbat banderarekin batera. Frantziako Justizia mobilizazio horiek ikertzen ari da, «arraza-gorrotoa probokatzea» egotzita. Boykoffek dioenez, «segurtasuna askoz ere trinkoagoa izan da protesta horietan, egon naizen beste Olinpiar Jokoetan baino».
Zenbait kirolarik gatazka horien aurrean duten jarrera ere azaldu nahi izan dute, kasu batzuetan beren herrialdeei eragiten baitiete. Waseem Abu Sal, Palestinako banderaduna Parisko Jokoetan, alkandora bat jantzi zuen inaugurazio ekitaldian Palestinako haurren aurkako bonbardaketak salatzeko. Yazan Al Bawwab igerilari palestinarra igerileku olinpikora irten zen ukabila gora eta bandera palestinarra paparrean zuela. Messaud Dris judoka aljeriarra, bere aldetik, ikerketapean dago, bere kategorian baimendutakoa baino oso pisu gutxi gehiago emategatik eta Tohar Butbul israeldarraren aurkako borrokara ez aurkezteagatik. Bere herrikide eta judoka Fethi Nourineri hamar urteko zigorra ezarri zioten, Tokioko aurreko Olinpiar Jokoetan Tohar Bulanbulekin lehiatzeari uko egin ondoren. Hori dela eta, ikusi beharko da zein den NOBk hartuko duen erabakia.
Kasu hori ez dator bat Olga Kharlan eskrimalari ukrainarrarenarekin, Parisen brontzezko domina lortu berri baitu 2023ko munduko txapelketetan zigortua izan ondoren, bere aurkari errusiarra agurtzeari uko egiteagatik. Orduko hartan, Thomas Bach NOBko presidenteak berak gutuna bidali zion, babesa eman eta Parisen parte hartzeko gonbidapen pertsonala jasoko zuela adierazteko, Eskrimako Nazioarteko Federazioaren (FIE) zigorra edozein izanda ere. Gutun horren ondoren, FIEk zigorra kendu zion, eta ez du arazorik izan Olinpiar Jokoetan parte hartzeko. «Hau nire herrialdeko kirolarientzat da, ezin izan dute hemen egon Errusiak hil zituelako», adierazi zuen Kharlanek brontzea lortu ondoren.
Neutraltasuna zalantzan
Bachek Olga Kharlani emandako babesak hautsi egin zuen NOBk aldarrikatzen duen neutraltasunarekin, Fethi Nourine judokarekin Tokio 2020an aplikatutakoa. Kirolaren eta politikaren arteko independentzian oinarritutako doktrina hori lagungarria izan zen Gerra Hotzean NOB tentsio politiko handiaren erdian elkartuta mantentzeko. Parisko Jokoetan, aldiz, bere esanahia galdu du, kontuan hartzen badugu NOBk nola jokatu duen Errusiak Ukraina inbaditzearen aurrean eta Israelek Gazan egindako genozidioaren aurrean.
2022ko otsailean, NOBk «gogor» gaitzetsi zuen Errusiak su-eten olinpikoa urratu izana, 2022ko Beijingeko Jokoetan Ukraina inbaditu zuelako, eta joan den urrian Errusiako eta Bielorrusiako Olinpiar Batzordeak bertan behera utzi izana berretsi zuen. Ondoren, batzorde bat sortu zuen, Nicole Hoevertsz NOBko lehendakariordeak, Pau Gasol Batzorde Etikoko kideak eta Seung Min Ryu Atleten Batzordeko ordezkariak osatua. Batzorde horretan zehaztu zen zein atleta errusiar eta bielorrusiarrek betetzen dituzten Banakako Atleta Neutralen taldeko kide izateko baldintzak, Parisen egon ahal izateko. Onartuak izateko ondorengo baldintzak bete behar izan dituzte: banakako atleten sailkapena lortu, beren herrialdeko armadako kide ez izatea eta armadari publikoki babesik ez eman izana.
Israelen kasuan, aldiz, NOBk ez zuen erabakirik hartu Gazari eraso zionean Hamasen urriaren 7ko erasoei erantzuteko. Era berean, ez zuen bere jarrera aldatu urtarrilean, Nazioarteko Justizia Gorteak «genozidioa gertatzeko benetako arriskua» zegoela ohartarazteko epaia eman zuenean; ezta, martxoan, NBEren txostenak ondorioztatu zuenean «Israelek genozidioa egin izana adierazten duen puntura iritsi dela uste izateko zentzuzko arrazoiak daudela». Horretaz galdetuta, Thomas Bachek berak zera esan du duela gutxi: «Ez gaude politikaren negozioan, hemen gaude atletak batzeko gure misioa betetzeko».
Atletak batzeko misio hori ere zalantzan dago, Palestinako Batzorde Olinpikoak emandako 350 kirolari palestinarren kopuruari erreparatzen badiogu. Biktima horien artean dago Hasni al-Masdar, Palestinako futbol talde olinpikoaren entrenatzailea edo Majed Abu Maraheel, Palestinako historian lehen banderadun olinpikoa, Al Nuseirat errefuxiatu gunean desnutrizioak hil zuena. Era berean, Israelek Gazako Zerrendako kirol-instalazio asko suntsitu ditu, eta Yarmouk estadioa, Palestinako zaharrenetako bat, bereganatu zuten atxilotze gune gisa erabiltzeko.
Israelen erasoen aurrean erakutsitako neutraltasunak kirol bidezko zuriketa ariketa errazten du, bertako 88 kirolarik Joko Olinpikoetan parte hartzea ahalbidetzen baitu.
«Ukrainako gerra egoera berezia da, eta ezin da munduko beste gerra edo gatazka batekin alderatu, NOBk hartutako neurriak eta emandako gomendioak Pekineko 2022ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan errusiar armadak egindako inbasioaren ondorio direlako», izan dira NOBek emandako azalpenak.
Organo olinpiko gorenak Errusiaren aurrean erakutsitako irmotasunak eragotzi egin du bere belizismoa Parisen zuritzea bere kirolarien jardunaren bitartez. Aldiz, Israelen erasoen aurrean erakutsitako «neutraltasunak» sportwashing ariketa erraztu du, Israelgo 88 kirolarik Joko Olinpikoetan parte hartzea ahalbidetzen baitu. Horien artean gutxienez 30ek Israelgo indar armatuei eta Gazako inbasioari «babesa» eman dietela adierazi du Karim Zidan kazetari egiptoarrak.