Trump presidenteordea eta Putin ukrainar presidentea

*Asier Blas Mendoza / ARGIA aldizkaria

Joe Bidenen narriadura kognitiboaren eztabaidak bi urte inguru ditu. Batzuetan portaera bitxia zuen, beste batzuetan ez zitzaion ondo ulertzen edo egiak ez ziren gauzak esaten zituen, semea Iraken hil zitzaiola, adibidez. Halere, establishment liberalak bere egoera kognitiboari buruzko edozein zalantza propaganda errusiartzat edo konspirazio ultraeskuindartzat hartzen zuen.

Ekaineko G7aren gailurrean Biden galduta agertu zenean, Egiaren Ministerioko egiaztapen-agentziak bere defentsan aritu ziren lotsa barik. Bi aste geroago, presidentetzarako hauteskunde eztabaidan, Bidenek argi erakutsi zuen osasun mental arazoak dituela. Jarraian, azken bi urteetan Bidenen narriadura kognitiboa adierazten zuen oro Kremlineko edo eskuin muturreko propagandista gisa izendatu zuten berberek, hauteskunde presidentzialetarako hautagai demokrata aldatzeko premia adierazi zuten; New York Times-ek berak editorialera eraman zuen eskaera. Hortik aurrera, badakigu Bidenek, edo, hobeto esanda, maneiatzen dutenek, uko egin diotela hauteskunde lasterketa uzteari; nahiz eta behin eta berriz titularrak ematen jarraitu duen, besteak beste, Ukrainako presidenteari Putin deituta edo AEBetako presidenteordeari Trump.

Liberal eta aurrerakoi askoren tresna eskuin muturraren aurka borrokatzeko da haien gezurrak eta konspirazioak salatzea. “Antisistemen” kontakizuna desmuntatzeko establishmentak ahal duenean datu eta ustezko ebidentzia enpirikoak erabiltzen ditu, izan ere, atsegina da pentsatzea egia zure alde dagoela eta gauzak ondo ulertzen ez dituzten eta konspirazioen tentazioan erortzen diren pertsona arrunten irrazionaltasunari aurre egiten diozula. Halere, hori ipuin bat besterik ez da, eskuin erradikalak ez baitu gezurraren eta konspirazio teorien monopolioa. Establishment liberalak ere erruz erabiltzen ditu: errusiarrek munduko hauteskunde ia guztietako emaitzetan esku hartzen dute, Moskuk Europako kontinente osoa kontrolatzeko planak ditu, errusiarrek beraien kontrolpeko lurraldeak bonbardatzea atsegin dute, baita beraien esku dauden zentral nuklearrak ere. Are gehiago, eslaviartutako tartariar horiek beraien Nord Stream I eta II gasbideak bezalako azpiegiturak zartarazteko zaletasuna dute.

Patriarkatuaz, kapitalismoaz, inperialismoaz eta politika publikoez hitz egin ezean, borroka politikoa konspirazioen arteko lehia bilakatu daiteke

Boteretik bultzatzen diren gezurrak, manipulazioak eta konspirazioak ez dituzte horrela identifikatzen herritar gehienek. Gauzak, baina, aldatzen ari dira, gero eta biztanle gehiago sistemarekin haserre daudelako eta apurtzailetzat hartzen dituzten aukeren bidez adierazi nahi dutelako amorrua. Boteretik datozen gezur, manipulazio eta konspirazio guztiei gero eta arreta handiagoa jarriko diete, eta aldiz, salbatzaile bezala ikusten dituzten ustezko “antisistemenenak” ez dituzte ikusiko edo garrantzia kenduko diete.

Trumpistek Bidenen osasun mentalaren egoera ezkutatzeko hedabideek egin dutena ikusi dute eta, orain, arrazoi enpirikoa defendatzen dutenen arteko batzuk (sic) Trumpen autoatentatuaren ideia elikatzen ari dira. Konspirazionista liberal horiek kontatzen digutenez, Trump prest zegoen bere bizitza arriskuan jartzeko espazioaren/denboraren kontrolaezintasunetik ausaz hil zezakeen bala batekin. Noiz eta inkesta guztiek gehiengoa ematen zioten unean. Hor dago arazoa, egun eskuin muturraren aurka ere populismo asko egiten dela. Demokratak vs. autoritarioak joko horretan, demokrata hitzak ezer gutxi adierazten du ez bada eskuin muturraren aurkakoa. Izan ere, patriarkatuaz, kapitalismoaz, inperialismoaz eta politika publikoez hitz egin ezean, borroka politikoa konspirazioen arteko lehia bilakatu daiteke.