Gerrak sortzen dituen euskal industria militar berria: Satlantis-en adibidea

Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa vasca para la vigilancia de fronteras que desarrolla la infraestructura militar europea (Europako azpiegitura militarra garatzen duen mugak zaintzeko euskal enpresa) artikuluak bere jarduera militarrean jarri zuen fokua: kontrol sozialaren eta armagintzaren sektoreetan dituen inplikazio sakonak, AEBetako Defentsa Departamentuarekin duen harremana, edo euskal administrazioetatik jasotako laguntzak kasu. Oinarri horretatik abiatuta, erreportaje honetan Satlantisekin lotutako beste alderdi batzuetan sakonduko dugu, gure ustez adibide egokia baita euskal industria militarraren zati batek gaur egun jarduteko duen modua ezagutzeko.

*Gasteizkoak talde antimilitarista / ARGIA aldizkaria

Euskal industria militarrak gero eta gehiago laguntzen du munduan piztuta dauden gerrak hemen has daitezen, horiek posible egiten dituzten gailuak hemen fabrikatzen baitira. Duela gutxi hasi gara armagintzaren sektorean parte hartzen duten euskal enpresen zerrenda berritzen, eta datuak asaldagarriak dira: oraingoz badakigu bikoiztu baino gehiago egin direla, 200etik gora dira, eta susmoa dugu errepasoa amaitzen dugunean hirukoiztu egin direla esan beharko dugula.

Satlantisi buruz erantzun nahi dugun galdera nagusia honako hau da: nola liteke 2014ko abenduan eratutako enpresa bat zazpi urte geroago dozenaka milioi euro inbertitu dituzten akziodun berriak lortu izana, administrazio publiko guztien dirulaguntzak eskuratu izana, Europar Batasunaren defentsa-programak koordinatzen edo enpresak erosten eta munduko hainbat eremutan filialak irekitzen aritzea?

Sateliteetan ezartzen diren erresoluzio handiko kamerak dira Satlantisen produktu izarra. Argazkia: irekia.eus

Publikotik pribatura

Satlantis sortu zuten hiru bazkideak ezagutu ditzagun, lehenik eta behin. Rafael Guzmán da bat, Floridako Unibertsitatean bizi den Andaluziako astrofisikako irakaslea eta Satlantis ospetsu egingo duen teknologiaren asmatzailea: iSIM, “doitasun handiko” irudiak hartzen dituen kamera, “argazki submetrikoekin (metro bat baino gutxiagoko pixela) 500 kilometrora orbitatzen duten sateliteentzat». Baina proiektu handiak dituzten ikertzaileak asko dira, eta ohikoena da bidean geratzea. Non dago gakoa Guzmán irakaslearenak aurrera egin zezan? Merkataritzako Erregistroak jasotzen dituen beste bi bazkide fundatzaileetan. Alde batetik, Cristina Garmendia donostiarra, Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza ministro ohia José Luis Rodríguez Zapateroren bigarren agintaldian (2008-2011) eta Mediaset España (Telecinco, Cuatro) erraldoi mediatikoaren presidente izendatu berria, beste kargu askoren artean. Bestetik, Juan Tomás Hernani Burzaco bilbotarra, Berrikuntzako Estatu idazkaria hain zuzen ere Cristina Garmendiaren agindupean, eta Satlantiseko zuzendari exekutiboa enpresa sortu zenetik.

Ez dakigu elkarte publikoen, ministerioen, enpresa pribatuen eta goi karguen arteko hartu-eman horiei guztiei ate birakari deitzerik dagoen

Guztiaren jatorria 2011n kokatu behar da, Hernanik berak elkarrizketa batean azaldu zuenez. Orduan Zapateroren ministro zen Garmendiak Guzmán irakaslea eta bere proiektua ezagutu zituen bidaia ofizial batean. Ondoren, Garmendiak Hernanirekin eta SILO Science & Innovation Linkekin jarri zuen harremanetan Guzmán. SILO 2012an sortutako aholkularitza enpresa da, bere webgunean irakur daitekeenez «lankidetza publiko pribatuen bidez berrikuntza bultzatzeko asmoz» sortu zena. Satlantis bultzatu zuen «inkubagailu» lana eginez, bazkide sortzaile bihurtu zen eta bere administrazio kontseiluan ordezkaritza lortu zuen.

Bi xehetasun garrantzitsu. Lehenengoa: nor izan zen SILO sortu zutenetako bat? Cristina Garmendia. Garmendiak SILOko administrazio kontseilua utzi zuen zazpi urteren ondoren, 2019an, bere alaba Teresa Itziar Celaya Garmendia sartu zen egun berean, eta 2014an sartu zen Rubén Celaya Martínez senarrak kontseiluan jarraitu zuen. Bigarrenik: SILOren bazkide sortzaileen artean daude Antonio López eta Diego Moñux ere, ministro izan zen garaian Garmendiaren kabineteko aholkulariak. López geroago sartu zen Satlantiseko Administrazio Kontseiluan, 2015ean. Eta Moñuxek, gainera, Hernanirekin eserlekua partekatu zuen enpresen ikerketa eta garapena sustatzen duen Espainiako Gobernuaren erakunde publikoaren administrazio-kontseiluan, CDTIn (Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroa). Hain zuzen ere, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mende dagoen erakundea da.

Laburrean: Garmendia eta Hernani Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko ministro eta goi-kargudun dira 2008-2011 urteetan, hurrenez hurren. 2014an, Satlantis enpresa sortu zuten (Guzman irakaslearekin batera), Satlantisen Administrazio Kontseiluan sartzen den SILO aholkularitza enpresaren bultzadari esker. SILO 2012an sortu zuten, besteak beste, ministroak berak eta ministerio bereko aholkulari ziren Antonio López eta Diego Moñuxek.

Ez dakigu elkarte publikoen, ministerioen, enpresa pribatuen eta goi karguen arteko hartu-eman horiei guztiei ate birakari deitzerik dagoen. Edo, agian, beste termino bat bilatu beharko litzateke ministro batek eta bere kabineteko zati handi batek enpresa bat sortu eta berehala erakundeen laguntza ekonomikoa eta politikoa jasotzen hasten direnerako.

Cristina Garmendia Mendizabal (Donostia, 1962)

TestuaBiologia Zientzietan lizentziaduna eta Biologia Molekularrean doktoratua da, enpresa-kudeaketaren arloko tituluak ere baditu.

José Luis Rodríguez Zapateroren Zientzia eta Berrikuntza ministroa izan zen haren bigarren agintaldian (2008-2011). Curriculum luzea du enpresetako zuzendaritza postuetan, besteak beste: Bankinterreko Berrikuntzarako Fundazioko Patronatuko kidea (2006-2008); Innobasqueko Zuzendaritzako Kontseilari Exekutiboa (2008); Everiseko kontseilaria (2012-2019); SILOko sortzaile eta kontseilaria (2012-2019); Gas Natural Fenosako kontseilaria (2015-2018); Satlantiseko sortzaile eta presidentea (2014-2020), eta ondoren ohorezko presidentea; Caixabankeko kontseilaria 2019tik; Mediaset Españako presidentea 2024ko maiatzetik.

Donostiako Urrezko Danborra eman zioten 2008an.

Juan Tomás Hernani Burzaco (Bilbao, 1961)

TestuaIndustria ingeniaria da Bilboko Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Eskolan. Ekonomialaria da Euskal Herriko Unibertsitatean. Floridako Unibertsitateko ikerketa-irakasle gonbidatua da.

Berrikuntzako idazkari nagusia izan zen Zientzia eta Berrikuntza Ministerioan, Cristina Garmendiaren agindupean, eta Espainiako Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroko (CDTI) presidentea 2008 eta 2011 artean. Enpresa-arloari dagokionez: Innobasqueko Nazioartekotzeko zuzendari nagusia (2006-2008); Eurobulegoaren sortzaile eta zuzendaria; Espazioko Europako Enpresa Gazteen Elkarteko (YEESS) presidentea; Dominioneko kontseilari koordinatzailea; Satlantisen sortzaile, kontseilari eta zuzendari nagusia 2014an sortu zenetik gaur egun arte.

Dirulaguntza publikoak eta babes politikoa

Satlantis 2014ko abenduan jaio zen, eta bi urte baino lehen bere proiekturako 2,3 milioi euro biltzea lortu zuen. Alde batetik, Elecnor, Idom, Telefónica edo Everis-NTT bezalako inbertitzaile pribatu distiratsuei esker. Bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia bezalako erakunde eta organismo publiko estatal eta autonomikoen inbertsioen eskutik. Baita Orzaren parte hartzeari esker ere, Elkarkidetza eta Geroa pentsio-funtsen inbertsio-erakundea dena. Hau da: zuzenean edo zeharka (zergen edo pentsioen bidez), euskal biztanleriaren zati handi bat euskal industria militarraren izar berri hori babesten ari da ia hasieratik.
Garmendiak, Hernanik eta Satlantiseko arduradunek badakite esparru publikoan mugitzen, ez bakarrik diru bila. 2017ko martxorako, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia sailburuak bisita publikoa egin zuten enpresaren Getxoko bulegoetara. Hilabete batzuk geroago, Satlantisek akordio bat iragarri zuen Euskadiko Parke Teknologikoen sarearekin, Leioan, EHUko Parke Zientifikoan, 640 metro koadroko lantegi bat jartzeko. Lantegia 2019ko urtarrilean inauguratu zuten ofizialki, eta berriro ere Urkullu eta Tapia izan ziren bertan. Baina Satlantisek eta bere ekoizpen militarrak EHUrekin duten harremana are haratago doa, aparteko koadroan irakur daitekeenez.

2021ean, Satlantisek inbertitzaile berriak bilatu zituen berriro, eta urte amaierarako helburu gisa jarritako 16,5 milioi euroak lortu zituen, berriro ere lankidetza publiko-pribatuari esker. CTDIk 2,5 milioi euro erosi zituen akzioetan –gogoratu, Satlantisen bultzatzaileetako batzuk Espainiako Estatuko erakunde publiko horren zuzendaritzan aritu ziren–. Gainerako milioiak sozietate publikoek jarri zituzten (Espainiako Gobernuaren Axis-ICO eta SEPI), lehen aipatutako Orza inbertsio-erakundeak, eta Enagas enpresa pribatuak.

2022ko apirilean, Satlantisek 24 milioi euroko inbertsio berriak lortu zituen. 2021eko inbertitzaileak errepikatu ziren, eta horiei Bizkaiko Foru Aldundia gehitu zitzaion. Baina orduko hartan inbertitzaile nagusia Encino Environmental Holdings enpresa estatubatuarra izan zen. Izan ere, inbertsioa AEBetako Satlantisen filiala (Satlantis LLC) bultzatzera bideratuko zen nagusiki.

EHU eta armagintza

2017ko azaroan, Satlantisek akordio bat jakinarazi zuen, EHUk Leioan dituen lurretan 640 metro koadroko planta bat instalatzeko. Hilabete batzuk lehenago, 2017ko maiatzean, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Satlantisek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten bost urterako, besteak beste bilatzen zuena «eskolaren eta enpresa teknologikoaren arteko ideien trukea eta kontrastea sustatzea, proiektu komunak garatzeko».

Juan Tomás Hernani Satlantiseko zuzendari nagusiak oso argi dauka: «Zalantzarik gabe, unibertsitatetik gertu egoteak talentu gazteenari ateak irekitzen dizkio, eta talentu horri aukera ematen diogu enpresan azkar sartzeko (…) Eusko Jaurlaritzaren beka batzuk hartu genituen, lau gazte Floridara bidali genituen eta, ondoren, pertsona horiek beraiek Satlantisen sartu ziren (…) orain kapitulu berria ireki dugu Lanbide Heziketako eremuarekin», irakur daiteke Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean. Ez da harritzekoa, hortaz, 2023an, Ingeniera de Sistemas para la Defensa (ISDEFE) enpresa publikoak, Desafío Defensa sariaren 1. deialdian, komunikazio irabazle gisa Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle ohi horietakoren batek (urteak zeramatzan Satlantisen lanean) egindakoa aukeratu izana: Nueva Generación de Satélite con Tecnología Disruptiva Óptica y Térmica para Defensa y Seguridad (Defentsa eta Segurtasunerako Teknologia Disruptibo Optiko eta Termikoa duen Satelite Belaunaldi Berria) zuen izena lan irabazleak. Saria Defentsa Ministerioko Armamentu eta Materialen almirante zuzendari nagusiak eman zuen.

Defentsa arloko enpresa teknologikoen, euskal erakundeen, unibertsitate eta ikerketa zentroen eta Defentsa Ministerioaren arteko harremanen erakusle ona da. Gaur egun euskal industria militarraren sektore oso baten ezaugarri bilakatu da.

Everis

Itzul gaitezen une batez Satlantisen hasierako inbertitzaileetara. Enpresa pribatu baten presentziak arreta deitu zigun: Everis (gaur egun NTT Data), enpresa talde bat da, eta 2010etik arlo militarrean dihardu Everis Aeroespacial y Defensa (Everis ADS) izeneko sozietatearen bidez. Bada, Cristina Garmendia haren administrazio kontseiluko kide izan da 2012ko urritik 2019ko abuztura arte.

Everis ADSk ibilbide luzea du material militarraren salmentan, eta horietako batzuk bereziki deigarriak dira. Ikus ditzagun bi adibide. Periodico de España egunkariak argitaratu zuenez, 2017an Alakran morteroak eta munizioak saldu zizkien Arabiar Emirerri Batuei eta Saudi Arabiari 117 milioiren truke, nahiz eta 2016tik NBEren eta Europako Parlamentuaren hainbat ebazpenek Saudi Arabiari armamenturik ez saltzea eskatu zuten, Yemengo gerran biztanleria zibila sarraskitzeagatik. Bestalde, 2024ko martxoan, enpresako langile batzuek salatu zutenez, «urteetan Israelgo Estatuari armamentua saldu dioten enpresen artean, milaka haur palestinar hiltzeko erabiltzen den horixe, NTT Data (lehen Everis) dago».

2023ko urtarrilean, Satlantisek Lurraren Defentsa eta Behaketa espazio arloko negozioak erosi zizkion Everisi, Espainiako Defentsa Ministerioaren, Europako Espazio Agentziaren (ESA) eta Europako Batzordearen oniritzia jaso ondoren. Satlantiseko arduradun Juan Tomás Hernanik adierazi zuen erosketak Satlantisen posizionamendua «bultzatzea» zekarrela «European Defense Fund-aren eta ESAren» aurrean.

Satlantisek bere webgunean iragartzen du Europako Defentsa programetan duen parte hartzea.

Merkatu militarra Satlantisen motor gisa

Izan ere, Satlantisen garapenek arlo militarrean sortzen zituzten espektatibak, Defentsarako Europako Funtsetarako iragarritako 7.900 milioiak eta munduaren zati handi batean dauden gerra hotsak ikusita, enpresako arduradunek sektore horretan sakontzea erabaki zuten.

EBk finantzatutako Europako defentsa programetan izena ematen hasi zen, Nemos programa koordinatuta, «funtzio anitzeko gaitasunekin, espazioan oinarritutako zaintza eta jarraipena barne». Programa horretarako elkartu ziren bost herrialdetako bederatzi enpresaren partzuergoak zehaztu zuenez, «parte hartzen duten erakunde eta herrialdeen arteko lankidetza ezarri nahi du, Europak defentsaren eta segurtasunaren arloan dituen gaitasunak indartzeko helburuarekin». Optisse programa ere koordinatu du Satlantisek, eta Europako Spider Defentsa Funtsen programan parte hartu du. Programa horren helburua da inteligentzia, zaintza eta ikuskapenera bideratutako sateliteen sarea hobetzea.

“NASAren eta Defentsa Departamentuaren inbertsio amerikarra albiste bikaina da, gure plana babesten ari baitira” (Juan Tomás Hernani)

2021ean, Atlantis TEDAEn sartu zen (Defentsa, Segurtasun, Aeronautika eta Espazioko Teknologien Espainiako Elkartea, Espainiako sektore militarraren benetako patronala). Bere negozio-eremua, besteak beste, «azpiegitura kritikoen eta/edo mugen» monitorizazioan oinarritzen da. Urte horretan bertan FEINDEFen parte hartu zuen, Madrilen egiten den armamentu azokan. Bertan, Defentsa eta Teknologia Espaziala mahai-inguruan parte hartu zuen, Espainiako goi agintari militarrekin eta sektoreko enpresa handietako ordezkariekin batera, hala nola Indrarekin eta Euskal Herriko Sener-ekin.

Ikusi dugunez, 2023. urtearen hasieran Satlantisek Lurraren Defentsa eta Behaketa eremua erosi zion Everisi. Hilabete batzuk geroago Dubaiko SpaceOps azokara joan zen, Satlantis Defence & Security lelodun standarekin. Halaber, aste horietan «Britainia Handiko defentsan» sartu zela jakinarazi zuen enpresak, nahiz ez zuen zehaztu zein proiektu edo programatan. Urte bereko amaieran, Airbusekin aliantza egin zuen, Espainiako Defentsa Ministerioaren behaketa sateliteak garatzeko. Satelite horiek, azaldu zutenez, «araketa eta zaintza militarreko gaietan lan egiteko aukera ematen digute, eta, beraz, oso gaitasun aurreratuak izan ditzakegu helburuak identifikatzeko, mugimendu militarrak monitorizatzeko eta defentsa operazioei buruzko informazio estrategikoa biltzeko».

Gerra Hotza eta Mendebaldearen defentsa

2022ko apirilean Juan Tomás Hernani Atlantiseko zuzendari nagusiak El Correon adierazi zuen «Defentsan Gerra Hotz berri batean” gaudela eta bere enpresak «Mendebaldeko bandoa» zerbitzatzea erabaki duela. Ildo horretan, eta «espaziotik zaintza eta ikuskapena» errazteko Pentagonoarekin izandako esperientziaren ondoren, hilabete geroago Deian adierazi zuenez, «NASAren eta Defentsa Departamentuaren inbertsio amerikarra albiste bikaina da, gure plana babesten ari baitira». Apustu horren ondorioz, besteak beste, Satlantis LLCk filial estatubatuarraren presidente Sean O’Keefe izendatu zuen. AEBetako Itsas Armadako idazkaria izan zen O’Keefe, eta George H. W. Bushen garaian Defentsa Departamentuko finantza zuzendaria.

Azken batean, argi dago Satlantiseko arduradunek zein lehentasunekin zuzentzen duten beren negozioa. Horrela laburbildu zituen Hernanik El Correo egunkarian, urte bereko apirilean (ikus daitekeenez, zenbait komunikabideren tratu ohikoa eta adeitsua industria militarraren normalizazioaren beste estrategia giltzarrietako bat da): «Defentsan bultzada oso argia dago. (…) Garapena gobernuek markatzen dituzten eraztunen araberakoa izango da. Lehenbizi defentsa, segurtasuna, mugen kontrola».

Eraldatu ala gerrak bultzatzen jarraitu

Komeni zaigu hausnartzea nortzuek, nola eta zertarako sortzen duten gaur egun bizi dugun espiral belizista. 2010eko hamarkadaren erdialdean, Europar Batasunak bere funtsak «defentsa” programak finantzatzeko irekiko zituela iragarri zuen. Euskal kasuari erreparatuta hor hasi zen egungo armagintza lasterketa, ordutik produkzio militarrari lotutako enpresen kopurua biderkatu egin baita. Eta Euskal Herria ez da salbuespena.

Komeni zaigu hausnartzea nortzuek, nola eta zertarako sortzen duten gaur egun bizi dugun espiral belizista

Heriotzaren merkatariak gailu eta armamentu sistema berri eta sofistikatuetan inbertitzen hasi ziren, eta horretarako finantzaketa publikoa izan zuten: gastu militarra areagotu zen, politika eta hezkuntza estamentuen bultzada izan zuten, eta sektoreko langileen eta herritarren isiltasun konplize edo ezjakina nagusitu zen. Zirkulu zoroa itxi eta merkatari horien etekinak bermatzeko, gerrak, segurtasunik eza eta beldurrak elikatzea besterik ez zen falta. Eta horretan gaude.

Satlantis gerrara kondenatzen gaituen ekoizpen militarraren eskalada berri horren adibide bat da. Karrera horretan, bere kasuan ikusi dugun bezala, administrazioen, ikerketa zentroen eta botere guneen zirrikituak kontrolatzen dituztenek, eta, izaera zientifikoa edo akademikoa izan arren, inolako eskrupulurik ez dutenek, abantaila argiarekin jokatzen dute.
Gerra hemen hasten da, ekoizpen horretan parte hartzen duen euskal enpresa bakoitzean, eta hurrengo gerrak lehertu aurretik

gelditu nahi baditugu, berriro ere ezintasunean erori baino lehen, bidea argia dirudi: gerra horiek eraikitzen dituen industriari eta etekina ateratzen dieten merkatariei aldez aurretik amaiera ematea. Industria militarraren eta gerren aurrean alternatibak egon badaude. Hasiera ona litzateke ekoizpen militarra eraldatzea gizarte premiei erantzungo dien ekoizpen zibilean. Urteak daramatza mugimendu antimilitaristak hori proposatzen. Premiazkoa da alternatiba horiek garatzea… hil ala biziko kontua baita.