Ukrainako Gobernuak presoak bidaliko ditu gerra-frontera

Azken hilabeteetan indar militarra galdu duela argudiatuta, 3.000 preso errekrutatu ditu Ukrainako Armadak. Errusiaren kontrako gerra “amaitu arte” borroka egiteko kontratu bat sinatu dute, gero “baldintzapean aske” geratzearen truke. Preso gehiago gerrara batu daitezela nahi du gobernuak.

*GEDAR Langile kazeta

Milaka ukrainar gerra-frontera bidaltzen jarraitzeko hainbat mugimendu egin dituzte Ukrainako agintaritzek azken hilabeteetan, eta Volodimir Zelenski presidenteak apirilean sinatu zuen mobilizazio militarra aldatzeko eta sendotzeko lege berri bat. Asmo horiei lotuta, neurri bat hartu du oraintsu gobernuak: armada indartzeko, 3.000 preso errekrutatu ditu.

Lege berri bat aurkeztu behar izan du gobernuak, presoak errekrutatzea ahalbidetzeko. Baina, itxura denez, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten presoek “baldintzapeko askatasuna” lortuko dute, baldin eta zerbitzu militarra egiteko kontratu bat sinatzen badute. Presoei mahai gainera ateratako kontratua sinatzen dutenek, teorian, “askatasuna berreskuratzeko aukera” izanen dute Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra “amaitzen” denean.

Tropa ukrainarrek “galera handiak” jasan dituzte azken hilabeteetan, gerra-frontearen lehen lerroan. Gobernuaren arabera, 31.000 soldadu hil dira frontean, zaurituak eta elbarriak kontuan hartu gabe; baina zifra handiagoa dela uste du askok. “Nekatuta” omen daude soldaduak, eta errusiarren tropek kuantitatiboki gainditzen dituzte ukrainarrenak. Horrela justifikatu du Ukrainako Gobernuak milaka preso frontera bidaltzea, eta datozen hilabeteetan gehiago batzea espero du.

Gaur egun, 26.000 preso inguru omen daude Ukrainan, Justizia Ministerioaren arabera. Antza denez, ekainaren  erdialdean 2.000 presori egin zieten armadan sartzeko azterketa medikoa, errekrutatze-neurria martxan jarri bezain pronto. Preso gehiago batu dira armadara azken egunetan, eta 3.000 inguru dira jada.

Ikasleek ere prestakuntza militarra jasoko dute

Eskolaz kanpoko klub militarrak 2014tik izan dira martxan Ukrainan, baina, errekrutatzea zabaltzeko asmoz, talde horien jarduna indartu eta derrigorrezko bilakatuko du gobernuak. Horrekin batera, errekrutatze-adina txikitu du, eta 25 urteko gazteak armadara bidaltzea ahalbidetzen du oraintxe legeak.

Institutuetan, gazteentzako entrenamendu militarra derrigorrezkoa izango da 2025etik aurrera, eta 18 urterekin egingo dute ukrainarrek soldaduska “boluntarioa”. Hiru urte irauten du soldadutzak, “gerra-garaian”.