E9 hauteskundeak: «Europako lorategia» defendatzeko gerra erregimena

*Gonzalo Fernandez, Maite Ezquerro eta Gorka Martija, Euskal Herriak Kapitalari Planto!-ko militanteak

Datorren ekainaren 9an Europako hauteskundeak egingo dira. Egoera kritikoan izango dira, Europar Batasunak (EB) behin betiko lurperatu baitu bere itxura humanista. Bakean, giza eskubideetan eta gizarte kohesioan oinarritutako ustezko nortasuna praktikan mito hutsa da: gerra, militarismoa, neokolonialismoa, botere korporatiboa eta austeritatea dira oraingo testuinguruan Europako proiektua hobeto definitzen duten hitzak, krisi sakonaren, hegemoniagatiko borrokaren eta muga biofisikoak azkar gainditzen ari garen unean.

Horrenbestez, urrun dauzkagu zenbait iruditeri, hala nola soft power-a, diplomazia, gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzea, gerraren prebentzioa edo bloke atlantistaren barruan AEBekiko ustezko kontrapisu lauso baten ariketa. Era berean, Europako irudia asilo eta babeserako lurralde gisa txikitu egin da. Next Generation funtsak babestu nahi izan zituen «berde jasangarriaren» narratibak ere egun benetako natura azaltzen du: «Oliba?berdea». Ukaezina da EB eragile nagusietako bat dela «gerra erregimena» mundu?mailan finkatzeko eta aurrera egiteko, eta fenomeno horrek gizateria osoarentzako ondorio oso larriak izan litzake.

Hala, natura ondareak, merkatuak eta influentzia guneak bereganatzeko bloke geopolitikoen eta korporatiboen arteko lehia irekian, EBk aurreiritzirik gabe lagun-etsai logika hartzen du estrategia politikoaren oinarritzat. Gerra ez da soilik ekidin beharreko etorkizuna, baizik eta, alderantziz, elite kontinentalek lehenetsitako irteera hipotetikoa, krisi ekonomikoaren eta AEBekin eta Txinarekin alderatuta galdutako posizioen aurrean. Horrela, nazioarteko gatazken kiribila xaxatzen ari da, aliatuek eskubideak zapaltzea albo batera uzten da, merkatu eta natura ondare estrategikoak zukutzeko akordioak sinatzen dira, eta politika ekonomikoko proposamen nagusi gisa neoliberalismo militaristaren alde egiten da.

Gazako genozidioa EBren rolaren lagin negargarria da. Netanyahuren gobernuaren zakarkeri basatienei emandako erantzunez haratago, argi dago Europak Israelen jarrera bermatzen duela, ekintza edo omisioa dela medio. Zalantzarik gabe, urrun gaude oraingo egoera kritikoak eskatzen dituen minimoetatik, Israelekin harreman diplomatikoak haustetik hasita (eta, batez ere, EB-Israel Elkartze Akordioa apurtzea), aldebiko enpresa-loturak amaitzea (hala nola CAF edota Sosa startup bizkortzailearen kasuak Euskal Herrian), edo edozein arma salmenta errotik debekatzea.

Euskal Herriko gizarte-mugimenduok EBren eta haren eliteen gorakada militaristaren protagonismoa salatu behar dugu, esplizituki botere korporatiboaren alde eta langile-klaseen interesen kontra egiten dutelako, besteak beste

Ukrainako inbasio eta gerraren kasuan ere, EBren rola gatazka-pizgarri militarista gisa argi geratzen ari da. Hala, haren jarrera beligerantea eta Errusiarekin negoziatutako behin-behineko irteeretarako eragozpenak nabarmentzekoak dira. Izan ere, herrialdea «mehatxu existentzial» gisa irudikatu nahi da Europako biztanleriaren imajinario kolektiboan.

Bi kasuetan, diskurtso ofizialarekin lerrokatzeko derrigortasunak nazioarteko elkartasunaren gaineko errepresioa hedatzea eragiten du, sektore herrikoiak diziplinatzeko ariketa gisa.

Baina, jada adierazi dugun bezala, EBren rola gerra erregimenean ez da mugatzen egungo gatazketako jarduera negargarrietara. Aitzitik, politika ekonomikora eta nazioarteko politikara hedatzen da bere osotasunean, eta neoliberalismo militaristaren, neokolonialaren, arrazistaren eta baztertzailearen makineria koipeztatzen du.

Marko horretan kokatzen da, lehenik, Defentsa Estrategia Industrial berria bultzatzeko ekimena, Europako korporazio handientzat 1.500 milioiko esleipena duena; edozein gizarte-arretaren gainetik gerra-inbertsioei lehentasuna ematea; NATO biziberritzea, edo gerrarako aurrekontua handitzea (Itun Atlantikoko konpromisoek ezarritako BPGaren %2 jada gainditu du Espainiako Estatuak).

Bigarrenik, Global Gateway bezalako programa berriek, lehengai kritikoen legeak edo hainbat herrialde eta eskualderekin (Egipto, Ruanda, Qatar etab.) egindako hamaika merkataritza-itunek eta memorandumek dinamika neokolonial eta kapitalista indartzen dute, Europako multinazionalen interesak nazioartean blindatzen dituztelako, eta energia eta material estrategikoak eskura izatea bermatzen saiatzen dira trantsizio energetiko korporatiboak aurrera egiteko (litioa, lur arraroak, kobrea, nikela, gas naturala etab.), edozein arreta politiko edo ekosozialen gainetik.

Hirugarrenik, EBk aho betean sustatzen duen «Europa gotorlekuari» lotutako nekropolitika finkatzen da, bereziki hegoaldeko mugan. Babes eta Migrazio Itunaren erreforma berriak beste aldaketa bat suposatzen du zentzu horretan, muturreko eskuin emergentearen agendari kontzesioak egiten zaizkion testuinguruan.

Laugarrenik eta azkenik, EBk austeritate-politiken itzulera bermatzen du, botere korporatiboen defentsan: aurrekontu- eta zor-mugak itzultzen dira gobernantza ekonomiko berriarekin, hala nola megaproiektu korporatibo anitzak ugaritu trantsizio energetikoaren aitzakiapean. Horrek argi eta garbi uzten du lagun-etsai logikaren aplikazioa barne-politikan ere, klase herrikoien interesen aurrean.

Oliba-berde agenda ez da inolaz ere muturreko eskuinera mugatzen, tamalez transbertsala baita: eskuinera eta bere burua sozialdemokratatzat duenera ere iristen da, ezker batzuk barne hartuta. Ez da alferrik, agenda atlantistarekiko leialtasuna azaltzen duten faxismoekin aliantza ongi etorria dela baieztatu ere egin du Ursula von der Leyenek.

Azken finean, Euskal Herriko gizarte-mugimenduok EBren eta haren eliteen gorakada militaristaren protagonismoa salatu behar dugu, ez dielako bakarrik planetaren muga biofisikoei aurre egiten eta gizateriaren etorkizuna arriskuan jartzen, baizik eta baita esplizituki botere korporatiboaren alde eta euskal zein nazioarteko langile-klaseen interesen kontra garatu ere egiten da. Horrenbestez, Europako hauteskundeen bezperan, Euskal Herria Kapitalari Planto plataformak maiatzaren 31n kontzentraziorako deialdia egiten du, 12:30ean Bilbon, Gobernuaren Ordezkariordetzaren aurrean, gogorarazteko Euskal Herrian ez dugula defendatzen egungo Europa harresitua, gerrazalea eta genozida.