*Asier Blas Mendoza / ARGIA aldizkaria
Azkeneko hamarkadan Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek Siria inbaditu zuten nazioarteko legedia hautsita. 2024an oraindik Washingtonek Siria okupatzeko dozena bat base militar inguru ditu eta herrialdearen petrolioaren zati handia lapurtzen du. Israelek Siriako eta Palestinako lurraldeak okupatzen ditu eta egunero Palestina, Siria edota Libano bonbardatzen ditu. Tel Avivek Gazan genozidio bat du martxan. AEBek Iraken misio diplomatikoan zegoen Qasem Soleimani jeneral irandarra erail zuten 2020an. Israelek Iranek Damaskon duen enbaxada bonbardatu eta hamasei hildako eragin zituen apirilaren 1ean. Noski, NATOren arauetan oinarritutako munduak ez du esan nahi Mendebaldeak nazioarteko legeak ezin dituenik apurtu, baizik eta besteek ezin dituztela hautsi. Horregatik, Mundu libreko (sic) hedabideak eta agintariak asaldatuta agertu ziren apirilaren 13-14ko gauean Iranek, nazioarteko legedia hautsi gabe, Israelen kontrako drone eta misil eraso neurtua egin zuenean.
Teheranek operazio militarra presarik gabe prestatu zuen oihartzun propagandistiko handiena lortzeko. Israelek Irani etxean eta kanpoan maiz eraso egiten dio probokatzeko. Tel Aviven ametsa AEBen eta Iranen arteko gerra bat da. Baina Iranek ez du nahi, pazientzia estrategiakoa da bere estrategiaren leloa; intentsitate baxuko higadura-gerra luzea nahiago du, Israelen gaitasun militarrak ahuldu eta bere aliatuen babesa ahultzeko.
Logika horretan Iranek Israelen kontra eginiko kontraerasoa mugarria izan zen egun Mendebaldeko Asian bizi den gatazka geopolitikoan. Teheranek aldez aurretik iragarri zuen showak ondorioak izan ditu. Erasoak Israelgo populazioaren artean ordu batzuetako estres psikologikoa sortu zuen. Horrek epe luzera efektua du. Israelek etengabe kolono berriak behar ditu arabiarren presio demografikoari aurre egiteko, zentzu horretan, Tel Avivek Mendebaldeko zentrotik eta periferiatik populazio pobrea erakartzen du bizitza material hobeagoaren promesarekin, baina segurtasun arloan pitzadura handiak badaude, kolono potentzialek beraien herrialdeetan geratzea erabaki dezakete.
Teheranek inolako heriotzarik sortu gabe kolpatu zituen Israelek Iraneko enbaxadaren aurkako erasoan erabili zituen bi base militarrak, eta frogatu zuen Israel bonbardatu dezakeela. Baina, Mendebaldearen arabera, Israelgo, AEBetako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Jordaniako indar armatuek drone eta misilen %99 geldiarazi zituzten, hori bai, diru asko xahutzearen truke. Halere, Iranek eraso zabal eta masiboa eginez ezagutu ditu Israelek, AEBek eta horien aliatuek eskualdean dituzten misilen aurkako teknologien funtzionamendua eta lokalizazioa. Irandarrek ez zuten erabili Israelek ezagutzen ez zituen armarik, baina orain Teheranek badaki Israelen misilen aurkako defentsa-sistema nolakoa den eta Jordaniako eta AEBetako instalazioak non dauden. Halaber, erasoak burutzeko eta erreakzioetarako denborei buruz informazio askoz gehiago du.
Bitartean, Israelen erantzuna oso mugatua izan da AEBek horrela nahi izan dutelako. Tel Avivek partida galdu du eta, oro har, liga maldan gora jarri zaio. Washingtonek badaki Israel Iranekin gerrara joango balitz berak hartu beharko lukeela borrokaren zama nagusia. Izan ere, Israelgo populazioa hamar aldiz da Iran, eta ekonomia laukoiztu egiten du eros-ahalmenean. Horrez gain, Teheranek Txina eta Errusia bezalako aliatu indartsuak ditu, gutxienez babes ekonomikoa eskainiko lioketenak. Washingtonek bere armadarekin gerrak herrialde ahulen kontra egiten ditu soilik, ondotxo daki Iran plater handia dela eta erraz trabatu ahal izango litzaiokeela.