Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroa kargugabetu dute

Hamabi urte ministro karguan jardun ostean baztertu du Vladimir Putin presidenteak Xoigu. Andrei Belusov izendatu du Defentsa ministro, orain arte lehen ministrorde izandakoa.

*Mikel Garcia Martikorena / BERRIA

Bi urte baino gehiago dira Ukrainako gerra hasi zela, baina gatazkak ez du soilik gudu zelaian eragiten. Errusiako politika gerraren ondorio eta eraginez zipriztindurik dago, eta Kremlinen barruan gertatzen diren mugimendu asko horri lotuta daude. Edo, gutxienez, hori izaten da aitzakia. Atzo jakinarazi zuten azken mugimendua. Hamabi urte karguan eman ostean, Sergei Xoigu Defentsa ministroa kargutik kendu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Haren ordez, aurreko asteartera arte lehen ministrorde izandakoak hartuko du kargua, Andrei Belusovek. Belusov ekonomialaria da ikasketaz.

Ekonomialari bat hautatu izana ez da ausazko kontua. Izan ere, Putinen bozeramaile Dimitri Peskovek erabakia iragarri zuenean azaldutakoaren arabera, Errusiako defentsa gastuak areagotzen ari diren honetan, Defentsa Ministerioak «ikuspuntu berri bat behar du». Are gehiago, Peskovek adierazi zuenez, Errusiako ekonomia osoa behar horietara moldatzea dute xede: «Gaur egun ezinbestekoa da defentsa ekonomia herrialdearen ekonomian txertatzea».

Putinek bi helburu ezarri dizkio Belusovi: Defentsa Ministerioa eraberritzea eta lehiakorrago bihurtzea. Helburu horiek buruan izanda hartu du ministroa aldatzeko erabakia presidenteak, eta, horregatik beragatik, ministerioaren gidaritza «zibil batek» izatea hobetsi du Putinek, Peskovek gaineratu zuenez. «Beharrezko lehiakortasun» hori Ukrainako gerrarekin lotu zuen bozeramaileak: «Eraberritzeko prestasun handiena dutenek irabazten dute gudu zelaian; eta berrikuntza horiek ahalik eta lasterrena jarri behar ditugu martxan».

Belusov, hala ere, ez da edonor. Azken lau urteetan lehen ministrorde izan da; ez da, ordea, Errusiako Gobernuan izan duen kargu bakarra. Garapen Ekonomikorako ministro izan zen 2012tik 2013ra. Are gehiago, Mikhail Mixustin Errusiako lehen ministroa ordezkatu zuen tarte batez, 2020an. Ezein alderdi politikoren txartelik ez duen arren, haren ibilbide profesionalak lotura estua du Putinekin. 2013tik 2020ra bitarte presidentearen gai ekonomikoetarako laguntzaile izan zen. Are gehiago, Putinek presidente izateari utzi eta lehen ministro jardun zuenean —2008tik 2012ra—, Belusov Ekonomia eta Finantza saileko zuzendaria izan zen.

Ukrainako gerrak zigor andana ekarri ditu nazioartean, eta Errusiako zenbait herritarrek pairatu dituzte. Horietako bat da Belusov, 2022ko ekainetik zigortua.

Defentsan jarraituko du

Ministro kargua kendu izanak ez du esan nahi Putinek Xoigu Errusiako defentsa aferetatik at utzi duenik. Are gutxiago, Segurtasun Kontseiluko idazkari izendatu du. Kargu berrian, Defentsa ministro ohiaren eskuetan egongo da Kooperazio Tekniko-Militarraren Zerbitzu Federala.

Xoiguren ibilbideak argi-ilunak izan ditu Defentsa Ministerioaren gidaritzan. Nazioarteko hainbat hedabidek gerraren ministro ezizena jarri izan dioten arren, Ukrainako gerrak barne gatazkak eragin dizkio Errusian. Herrialdean kritikak egin dizkiote «emaitza faltagatik». Haren aurka buru-belarri aritu zen Wagnerren sortzaile Yevgeni Prigozhin: arduragabekeria leporatu zion ministro ohiari, eta hura kargutik kentzeko eskatu zuen jendaurrean hainbatetan, hil aurretik.

Ukrainako gerran emaitzarik ez lortzea ez da izan Xoiguren aurkako hizpide bakarra. Ustelkeria kasu bat dela medio, Defentsa ministrorde zen Timur Ivanov atxilotu eta espetxeratu zuten apirilaren 24an. Ministerioaren kontratuetan eroskeria egon izana leporatzen diote Ivanovi. Hori diote, behintzat, iturri ofizialek. Zenbait hedabide independentek, Vaxzni Istoriik, esaterako, beste arrazoi bat egon daitekeela argitaratu zuten: traizioa. Peskovek, baina, hipotesi hori ezeztatu zuen.