Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea funtsezkoa da geroari baikortasunez begiratzeko”, adierazi du Gonzalezek.

-ARGIA aldizkaria

NAIZ egunkariak eman du apirilaren 28an Bizkaiko Nabarniz herrian antolatu duten festa eta aldarrikapen egunaren berri. Kazetariak 42 urte bete dituela ospatu nahi izan dute, eta era berean, haren askatasuna aldarrikatu dute. Oihana Goirienak, kazetariaren haurren amak, Gonzalezek idatzitako gutuna irakurri du. Naiz-ek gutunean jasotako hitz hauek jaso ditu: “Gaur aurreko ekitaldietako argazkiak begiratzen arituko naiz, eta irribarre egingo dut zuen babesa edukitzeko zorteaz gogoratutakoan. Hor zaudetela eta bakarrik ez nagoela jakitea funtsezkoa da geroari baikortasunez begiratzeko, eta espero izateko atxiloketa ‘demokratikoa’ lehenbailehen bukatuko dela”.

Nabarnizeko eta Elantxobeko herritarrak elkartu dira Nabarnizen, bi herri horietan bizi baitira Pablo Gonzalez eta familia. Kamisetak, banderatxok eta bestelako materiala saldu dute familiari babes ekonomikoa emateko. Martxa bat egin dute, txosnak jarri dituzte, eta bazkari herrikoia antolatu dute. Arkaitz Estiballes aritu da bertsotan, eta Audience, The Uskis eta Iñiguito Txapelpunk-ek musika jarri dute.

Abokatuen bidez iritsi den gutunean kartzela sistema poloniarra gaitzetsi du kazetariak: “Poloniako lege eta kartzela sistemak ahal duen guztia egiten du norbanakoari gizatasuna kentzeko; ez dago birgizarteratzerik hemen, desmoralizazioa baizik ez dago. Beste presoengan ikusten dudanez, gizarte bazterketak, eta familia eta bizilagunen elkartasun faltak, sistemak berak baino gehiago urtzen dute. Eta nik, zuei eskerrak, ez daukat halako arazorik. Nire gizarteak justizia eskatzen du, nire askatasuna, gutxienez ni etxera gerturatzea… elkartasun horretan dago gure indarra, eta besteengandik desberdintzen gaitu”.